"Jatorri anitz, herri bat" jardunaldien aurkezpenaren prentsaurrekoa
Prentsaurrekoa
“HAMAIKA JATORRI, HERRI BAKARA”
Migrazio joan-etorrien ondoriozko jatorri aniztasuna gure herrian, gure historia bezain zaharra da, gure historia bezalakoxea. Euskal Herrian aspaldidanik dagoen migrazioaren gertakariari, estatu espainiar nahiz frantseseko toki askotatik etorritako pertsonen mugimenduari, gaur egun munduko hainbat herrialde eta tokitatik datozen pertsonak –gero eta gehiago– gehitu behar dizkiogu. Migrazio hori egungo globalizazio prozesuen ondorio zuzena da, izan ere, globalizazioak ez du Euskal Herria kanpo utzi.
Badakigu jatorri aniztasun horrek eragin izan duela eta egun ere eragiten duela gure gizarte egituran. Horregatik, egun, fenomeno hori behar bezala kudeatzea erronka gogorra bihurtu da gizartearentzat eta administrazioentzat, udalekoa barne.
Alkatetza eta gobernu talde honek legegintzaldi honen hasieran agertu zuen bezala, esku-hartze instituzionalak elkarrenganako errespetuan eta ezagutzan oinarritzen diren politikak bultzatu behar ditu, herri honen zati garen pertsona guztion eskubide politiko, sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalak bermatuko dituztenak. Analisi eta esku-hartze horiek parte-hartze demokratikoa ahalbidetu behar dute udalerriko gizarte eta politika bizitzan, eta halaber Euskal Herri osoan, bizikidetza benetan demokratiko eta bidezkoaren oinarri gisa.
EZTABAIDA PROZESU PARTE-HARTZAILEA “ANIZTASUNA ETA ELKARBIZITZA”
Ondorioz, eta aztertzen dihardugun gaiaz ari garela, jada atzeraezina zen eragileen arteko eztabaida bultzatzea, eta, oro har, eta arlo bakoitzean bizikidetza nola dagoen ikusteko hainbat ikuspegi jasotzea. Horregatik, Pasaiako udal honek abian jarri zuen joan den martxoan gehiago atzeratu ezin zitekeen eztabaida prozesua, horretarako tresnak eta guneak bultzatuz.
Prozesu hori, Alkatetza eta gobernu talde honetatik planteatu dugun era politikoagatik, demokrazia parte-hartzailean oinarritu da, hau da: ahalik eta jende gehiena erakarri da, horizontala izan da, eta udalerri hau osatzen dugun herritar guztiontzat baldintza berdinak egon dira, eta betiere elkarrenganako errespetu eta onarpenean oinarritu da, jendarte hau osatzen dugun pertsona guztion eskubideak bermatzea gidari. Eztabaida hau gizarte eragile eta herritar guztientzat irekia egon da, bizikidetzaz eta aniztasunaz dauden ikuspegi desberdinak bateratzeko, Euskal Herriko errealitate orokorrean bezala Pasaiakoan.
Udal ekimen honetan sustatzaile Anitzak Ekimena izan da, udalaren lankidetzarekin. Talde hau jada iazko martxotik bilerak egiten ari da bitarikoak bezala taldekakoak, batetik, denok batera Pasaiaren egoera zein den argitzeko, eta bestetik, mahai gainean jartzeko elkarbizitzaren egoera nolakoa den, gure ikuspegitik, garrantzitsuenak diren alderdietatik: Euskara, jatorrizko hizkuntzak, hezkuntza sistema eta kulturak; sozio-ekonomia eta lan harremanak; eta eskubide zibilak eta politikoak.
Hilabeteak iraun duen prozesuan “bertako” gizarte eragileak eta gizabanakoak bestelako jatorrietakoekin batera bildu, hausnartu eta eztabaidatu ondotik, gai izan gara elementu problematikoak detektatzeko eta aldi berean aberasgarriak, Pasaian eta Euskal Herrian elkarbizitzaren gai honek dituen aukerak eta mugak; eta hori abiapuntu garrantzizkoa da gizarte eta erakunde konpromisoetara heltzeko, eta era berean etorkizuneko esku-hartze ildoak zehazteko. Denon artean lortu dugun gune suspertzaile horri esker, baldintzak sortzen ari gara aniztasunaren aitortza bizikidetza hobetzeko tresna bilakatzeko, Pasaian bezala Euskal Herrian. Betiere haien historia, haien errealitate partikular eta espezifikotik abiaturik, haiek zuzenean sentitu eta bizi dutenean oinarriturik.
“HAMAIKA JATORRI, HERRI BAKARRA” JAURDUNALDIAK
Garaia heldu da prozesuaren fase hau ixteko eta gainerako herritarrei azaltzeko hilabete hauetan egin den lana zein izan den. Horregatik, jardunaldi batzuk egingo dira goiburu honekin “Hamaika jatorri, herri bakarra” eta Pasaia osatzen duzuen pertsona guztiok gonbidaturik zaudete, zuen jatorria zeinahi delarik ere. Haietan, batetik, egin den diagnostiko kuantitatiboaren emaitzak jakinaraziko dira, horrela Pasaiaren eta Euskal Herriaren jatorri aniztasunaren benetako argazki bat jasoaz, eta horren bitartez aukera bat izanik gure biztanleria hobeki ezagutzeko.
Horrekin batean, hilabete hauetako hausnarketa, batasun eta eztabaidaren emaitzak ere aditzera emango dira, eta horrek guztiak gure errealitatea, herri hau osatzen dugun jendearen ikuspegi eta bizipenetatik ezagutzeko aukera emango digu. Pasaia eta Euskal Herriko migrazio fenomenoa bere testuinguruan ere kokatuko da, bizikidetzaren alderdi desberdinetan oin harturik: arlo sozio-ekonomikoa eta hizkuntzena, hezkuntza-sistemak eta kulturak, biak ere eskubide zibil eta politikoen arloak zeharkatzen dituelarik.
Helburu hori lortzeko hitzaldi batzuk egingo dituzte arlo bakoitzean adituak direnek, eta jakina, horietako batzuek hartu dute parte prozesuan. Azkenik, baina ez garrantziaren aldetik azkena, pasaitarrek izango dute hitza gaiari buruzko zeinahi gogoeta egiteko, eta horrela, saio hauek prozesua hasi zen bezala ixteko: elkar ezagutzeko eta errekonozitzeko guneak bideratuz, errealitate hau osatzen dugunok baldintza berdinetan mintzatzeko aukera izan dezagun, bakoitzaren jatorria alde batera.
Jardunaldi hauek izango dira: martxoaren 12an, arratsaldeko 19,00etan Trintxerpeko Alkateordetzan, eta larunbatean, martxoak 13, goizeko 11,00etan leku berean. Larunbat horretan bertan, prozesuak bultzatu nahi duen elkarrenganako errespetu eta onarpenaren politika praktikara eramateko, arratsaldeko 20,00etatik aurrera “Aniztasunaren eguna” ospatuko dugu. Hasiera kalejirak emango dio, Serafin Esnaola plazatik Trintxerpeko pilotalekura, eta bertan aukera izango dugu hainbat jatorritako jakiak, kontakizunak eta musika dastatzeko, eta horren ondotik aukera izango dugu zuzenean Bumpada Sound eta Euskal Herria Anitza Kolektiboa:”Anitzak Hitzak”-en diskoa entzuteko. Disko horrek oso ongi adierazten du prozesuaren filosofia, munduko hainbat lekutako musikak eta soinuak nahasiz: hip-hop, bertso hop, beat box, break dance,...
Esan beharrik ez, denok ere parte hartzera gonbidatuak zaudete.