Azalpenak
PASAIAKO UDALA SOFTWARE LIBREAREN ALDE
Software librea (edo kode irekiko softwarea) eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitekeen softwarea da. Software librearen helburuak dira, besteak beste, diskriminazio digitala txikitzea, mendekotasuna ekiditea, gastuak murriztea eta segurtasuna, fidagarritasuna eta iraunkortasuna bermatzea.
90. hamarkadaren bukaeratik aurrera Pasaiako Udalak bat egin du Software Librearen oinarriekin eta ordutik hona pixkanaka kode irekiko aukerak lehenetsi ditu bere sistema guztietan. Bide honetan hainbat mugarri egon dira:
2004an sareko Zerbitzari nagusia aldatu zen, eta berria jartzeko orduan sistema eragile bezala Linux hautatu zen. Ordutik aurrera gure sarean ipini diren ia zerbitzari guztien sistema eragilea GNU-Linux izan da.
Horrekin batera kode irekiko tresnak erabiltzen hasi ginen, bai sareko gailuetan (proxya, suhesia, segurtasun kopiak, etab.) eta baita lanpostuetan ere (posta elektronikoa, nabigatzailea, PDF sortzailea, etab.).
2008ko urrian Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako “Uso de software libre y de código abierto en la Administración Foral y Local de Gipuzkoa” ikerlanean Pasaiako Udalaren ibilbidea azpimarratu zen bereziki (ikusi 17. eta 27. orrialdeak).
Alkatearen 2012/1054 Ebazpenaren bitartez lanpostu guztietan ofimatikako tresneria aldatzea erabaki zen, “Microsoft Office” delakoa kendu eta horren ordez kode irekiko “LibreOffice” instalatuz. Aldaketak 60.000.- € inguruko aurrezpena ekarri zuen. Horrekin batera, erabaki zen “ODF” formatu irekia erabiliko zela udal bulegoetan sortutako agiri guztietan.
Gradualki eta ahal zen neurrian software pribatiboa albo batera uzteko eta horren ordez sistemak software librean ezartzeko alkateak 2018/416 Ebazpena eman zuen. Agindua betetzearren, “Windows” motako ordenagailu gehienak kendu eta haien ordez “Linux” (Ubuntu) motakoak ipini ziren.
Ondorioz, 2019. urtearen erdialdean, sareko ordenagailuen % 85 inguru Linux motakoa da, eta erabaki horrekin udalak 35.000.- € baino gehiago aurreztu ditu lizentzietan. Aipatzekoa da migrazioa egiteko Migasfree (Zaragozako udaleko langileek garatu duten sarea kudeatzeko tresna) erabili dugula eta, horrenbestez, gure esker onik beroena eman nahi diegu.
Urteek aurrera egin ahala, Udalak kode irekiko tresnak lehenetsi ditu bere zerbitzuak eta beharrak betetzeko, hara nola: web orria, Intraneta, posta elektronikoa, konektibitatea, birtualizazioa, telefonia finkoa (VoIP), etab.
Horrekin batera, Pasaiako Udalak hainbat tresna garatu ditu bere kabuz (gehienak PHPn), guztiak kode irekian idatziak eta partekatuak (azken-azkenak GitHub atarian argitaratu dira), esaterako:
- Gerkud eta Hor-Konpon
- Zerbikat eta Zerga Ordenantzak
- HAZtertu, HAZeko jarduera neurtzeko
- HAZeko erabiltzaileen asetze-maila neurtzea
- Estraneta
- Akten historikoa
- Obra lizentzien historikoa
- Diru-laguntzen argitalpenen kontrola
- Oporren kudeaketa
- Fitxategien segurtasun kopiak egiteko tresna
- Alokatzen diren bizikleten kokapena kontrolatzeko sistema
2019ko urriaren 24an Donostiako San Telmo museoan EUSKARABILDUA topaketen 8. edizioa egin zen, lelo honekin: “Burujabetza teknologikoa: Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da.”
Beste hizlarien artean, antolatzaileek Pasaiako Udalari eskatu zioten Kode Irekiko Softwarearekin izandako esperientziaz hitz egiteko eta udal informatikariek aurkezpen hau erakutsi zuten.