Pasaiako eta Euskal Herriko aniztasun eta bizikidetzaren gaineko eztabaida parte-hartzailea

Eztabaida Parte-Hartzailea

*Pasaiako Udalak aniztasun eta bizikidetzaren gaineko debate parte-hartzaile prozesu bat ireki du. Giza-eragileentzako hitzordua 2009ko martxoaren 12an izango da arratsaldeko 19:00etan Trintxerpeko Alkateordetzan.

*Migrazio-fluxuek Pasaian eta Euskal Herrian eragin duten jatorrien aniztasuna bertako historia bezain zaharra da; gure historia bezain zaharra, alegia. Hainbat herritatik etorritako ohiko migratzaileen fluxuari, eta Frantziako eta Espainiako eskualdeetatik etorritako kopuruari (gaur egun ere fluxuak jarraitzen du) gero eta gehiago gehitu behar diogu, munduko lurralde eta toki askotako pertsonak etortzen ari baitira, egungo globalizazio-prozesuak bultzatuta. Prozesu hori ezaguna dugu.

Gaur egun, fenomeno horren kudeaketa erronka bihurtu da gure gizartearentzat eta administrazio publikoarentzat; baita udal administrazioarentzat ere. Jabetuta gaude migrazio-fluxuek eragindako aniztasunak gure herrietako gizarte-egituran zuzenean eragin duela, eta eragiten jarraitzen duela.

Alkatetza honek eta gobernu-taldeak legealdiaren hasieran azaldu zutenaren arabera, bertako esku-hartzean elkarrenganako errespetuan eta onarpenean oinarritutako politika bultzatuko dute, eta herri honetako kide garen guztien eskubideak bermatuko dituzte; zehazki: politika-, gizarte-, ekonomia-, hizkuntza- eta kultura-eskubideak. Oinarri gisa, bizikidetza demokratikoa eta justua izango badugu, udalerriko eta Euskal Herriko politika- eta gizarte-bizitzan parte-hartze demokratikoa ahalbidetzeko azterketak eta esku-hartzeak egin behar ditugu.

Dagoeneko, atzeraezina da eragileen arteko eztabaida bultzatzea, eta, oro har, eta arlo bakoitzean bizikidetza nola dagoen ikusteko hainbat ikuspegi jasotzea. Udalak ekimenari helduko dio, eta gune eta tresnak jarriko ditu eskura, udalerrian eragileen arteko beharrezko eztabaidari ekiteko.

Horregatik, Pasaian gobernu-taldeak eztabaidarako prozesua antolatu du: gehitzailea eta parte-hartzailea; oro har, eragile eta herritarren artean, eta guztiekin batera jardutekoa, migrazio-prozesuek eragindako bizikidetzaren eta aniztasunaren egoeraren gaineko ikuspegiak bateratzeko: nola Euskal Herriko berariazko errealitatekoak, hala Pasaiako udalerrikoak.

Gehitzailea izan, eta demokrazia parte-hartzailean oinarrituta dagoen eztabaidarako prozesu horrek helburu hauek biltzen ditu:

1 Lehen-lehenik hausnarketarako, elkartzeko eta eztabaidarako gune bat sortzea, udalaren eta gizarte-eragileen artean, elkarrenganako ezagutza eta onarpena ahalbidetzen dela. Hausnarketarako gunean bizikidetzari eta aniztasunari buruzko ikuspegiak eta bizipenak baldintza beretan azaltzea, bai Pasaiako eremuan, bai Euskal Herrikoan.
Errealitatea ez da modu orokorrean bakarrik jasoko, baita bizikidetzarako oinarrizko diren beste arloetan ere:

  •  Euskara, jatorrietako hizkuntzak, hezkuntza, kultura/k, sinesmenak
  •  Gizartea eta ekonomia, eta lan-harremanak
  •  Internazionalismoa; elkarrekiko lankidetza Euskal Herriaren eta bizilekua duen udalerriaren artean eta jatorriko herrien artean
  •  Eskubide zibil eta politikoak.
  •  Lau arlo horietan guztietan jasoko dira, zeharka, generoaren eta gaztaroaren gaiak, garrantzi handikoak direnez.
2 Gai honek Pasaiako eta Euskal Herriko bizikidetzan zein arlo garrantzitsu, zein arlo aberasgarri, zein aukera eta zein muga izan dituen jasotzea da beste helburuetako bat. Horiek guztiak jaso eta gero, oinarriak ezarriko dira gizartean eta erakundeetan konpromisoak hartzeko eta etorkizuneko esku-hartzearen ildoak zehazteko.

3 Azkenik, egoera egokia sortzea, aniztasunaren onarpena bizikidetzarako tresna izan dadin, bai Pasaian bai Euskal Herrian. Beti hartuko dira kontuan protagonisten historiak, eta errealitate berezi eta espezifikoak, protagonistek zuzenean bizi izandakoak eta hautemandakoak.

Azken batean, bertako herritarrak eta gizarte-eragileak, eta beste jatorri bat duten pertsonak eta kolektiboak; eurak sarrarazi eta jabe egin nahi ditugu zuzen-zuzenean Pasaiako udalerrian.

 

Prozesu hau irekia, ez-baztertzailea eta parte-hartzailea da. Pasaiako herritarrak eta eragileak, eta beste jatorri bat duten pertsonak eta kolektiboak ekimen honetan sartuko badira, baldintza beretan eta zuzenean parte hartu behar dute.

Horretarako, udal ekimen honen dinamizazioa Pasaiako Udalak hartuko du bere gain, Anitzak elkartearekin elkarlanean.

Sareak eraikitzeko lehen urrats gisa, Pasaiako gizarte-eragileekin partekatuko ditugu prozesu honetako helburuak eta alorrez alorreko elkargune eta eztabaida-guneak sortzeko moduak. Eragile guztiek parte hartu ahal izango dute, nork bere ikuspegia agertzeko.

Martxoaren 12an izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan Trintxerpeko Alkateordetzan. Bilkurara Pasaiako gizarte-eragile guztiak gonbidatuko ditugu, proiektuan parte hartzera eta proiektuko kide izatera.

Prozesu horretan berezko guneak izango dira: hausnarketarako, azterketarako, bizipenak aurkezteko, ikuspuntuak azaltzeko eta abar. Era berean, prozesu bizia izango da. Ziur gaude talde dinamizatzailea osatuko dugula, gizarte-eragileek eta pasaitarrek osatua.

Aldi berean, bizitasunak eraginda, azterketa bat egingo da, aniztasuna eta bizikidetzari buruzkoa: nola kuantitatiboa, hala kualitatiboa. Hainbat jatorritako pertsonak hartuko dira lagin modura, baita bertakoak ere. Azterketa akuilu gisa erabiliko da, sareak eraiki eta ondorengo eztabaida bultzatzeko. Azterketak ez du inolaz ere gutxietsiko kolektiboek eta herritarrek emandako informazioa eta egindako ekarpenak. Aitzitik, esandakoak eztabaida sortzaileak izango dira.

2009/05/06: Eztabaida prozesuaren talde dinamizatzailea abian jartzeko bilerarako gonbita.
2009/12/01: Pasaian eta Euskal Herrian aniztasuna eta elkarbizitzari buruzko bilera.
2009/12/15: Pasaiako eta Euskal Herriko aniztasun eta bizikidetzaren gaineko debate parte-hartzailearen saio berria.
2010/01/28: Pasaiako eta Euskal Herriko aniztasun eta bizikidetzaren gaineko debate parte-hartzailearen azken saioa.
2010eko martxoaren 12 eta 13an: "JATORRI ANITZ, HERRI BAT" jardunaldiak

 

Fitxategiak