Tipi tapa

TIPI-TAPA 4.0 - 4 barruti, 4 eskaintza, 0 aitzakia Pasaiako badia inguratzeko

Buelta bat emango al dugu?

Programaren xedea da Pasaiako populazioa bultzatzea udalerriak dituen hiri- eta natura-ibilbideetan tipi-tapa modalitate ezberdinetan ibiltzera. Azken urteetan garapen handia izan du barruti bakoitzeko hiri-ibilbideen sareak, eta baita barruti bat bestearekin edota udalerri mugakideekin lotzen dituzten sareek ere, eta horrela hainbat ibilbide sortu dira, zailtasun maila ezberdinekoak. Oraingo proposamen berri honekin, Tipi Tapa modalitate berriak eskaintzen dira.

Ezagunak dira jarduera fisikoa egiteak pertsonen osasunean dituen eragin onuragarriak. Eta haiek garrantzi berezia hartzen dute adintsuenen artean.

Nahikoa eta gehiegi frogatua dago zer-nolako eragin onuragarria duen eskuarki jarduera fisiko moderatua egiteak. Jarduera fisikoa erregulartasunez egitea osasunerako lehentasunetako bat da, gaixotasun kroniko-degeneratiboei aurrea hartzeko, batez ere hirugarren adinean.

Programa aurrera eramateko, tokiko sare bat ehundu da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren, Pasaiako kirolguneen, udalerriko osasun etxeen eta, batez ere, jubilatuen elkarteen artean. Azken horiek programaren erreferente nagusiak izango dira. 

Sare horren helburua da jarduera egiteko interesa erakusten dutenei beharrezko informazioa helaraztea eta, guztien arteko loturen ondorioz, aktiboa den plangintza bat osatzea eta ekimenean ahalik eta pasaitar gehienak inplikatzea.

Tokiko sarea arduratuko da informazioaren banaketa koordinatzeaz, taldeak antolatzeaz eta premiak antzemateaz.

HELBURU OROKORRAK

  • Tokiko sarea egonkortzea, Pasaiako populazioa dinamizatzeko, eta Pasaiako hiri-ibilbideen sarearen erabilera zabaldu eta dinamizatzeko.
  • Adinekoen artean, bereziki, ohitura eta errutina osasungarriak lantzea, horiei eta bestelako jarduera osagarriei esker, parte-hartzaileen osasun orokorra hobetzeko.
  • Esparru psikosozialean osasuna hobetzea, gizarte harremanak sustatzeko eta komunitatean integratzeko aukera emanez; eta autoestimua handitzea.
  • Azken batean, egoera fisiko orokorra landu nahi da, erresistentzia aerobikoaren garapena hobetzeko, muskuluen indarra handitzeko, eta artikulazioen mugikortasuna garatzeko, besteak beste.

ANTOLAKETA ETA DINAMIZAZIOA - MODALITATEAK

1. TIPI-HERRI-TAPA DONIBANE+TRINTXERPE+SAN PEDRO+ANTXO

Ohiko modalitatea da. Jarduera honetan datza: 1 ordu eta 1 ordu eta 30 minutu bitarteko hiri-ibilaldiak, adineko herritar gehienentzako egokia den mailan. Abialekuak eta ordutegiak erantsita doan ikasturteko egutegian jasota daude.

2. TIPI-MAKIL-TAPA

Ohiko Tipi-herri-tapari ibilketa nordikoaren teknika eransten zaio. Eta berariazko materiala sartzen da, besteak beste, makilak. 1 ordu eta erdi eta 2 ordu bitarteko hiri-ibilaldiak dira, eta parte-hartzaileek ibilketa nordikoaren teknika ikasi behar dute, gutxieneko maila lortu arte, behintzat. 

Beharrezkoa bada, berezko saio tekniko trinkoak antolatuko dira teknika sakonki lantzeko. 

Eskatzen den maila teknikoa eta ariketaren intentsitatea Tipi-herri-tapa baino pixka bat handiagoak dira. Hori dela eta, aurretik zehaztutako helburu eta onura orokorrez gain, jarduera honek onura handiagoak dakartza:

  • Beso eta hanken koordinazioa hobetzea.
  • Muskuluak indartzea oro har, eta bereziki besoetan eta hanketan.
  • Gorputzeko koipea murriztea.
  • Gorputz-jarrera hobetzea eta bizkarra indartzea.
  • Gaitasun aerobikoa intentsitate gehiagorekin lantzea.

Irteerak astelehenero 11:30ean San Pedroko gimnasiotik.

3. TIPI-MENDI-TAPA

Ohiko Tipi-herri-Tapa modalitatearen bilakaera bat da, eta plus tekniko hau du: mendiko eremuan ibiltzeko teknikarekin egiten da, material espezifikoa, makilak eta bestelako oinetakoak integratuz, besteak beste.

2 orduko mendi-ibilaldiak dira, eta parte-hartzaileek maila fisiko egokia izan behar dute. 

Irteera hauek barrutietako hiri-inguruneetatik abiatuko dira, eta barruti bakoitzetik gertuen dagoen ingurune naturalean barneratuko dira: Ulia-Mendiola Trintxerpe-San Pedroko barrutian, Jaizkibel Donibanen eta San Marko Antxon.

Eskatzen den maila teknikoa eta ariketaren intentsitatea Tipi-herri-tapa baino pixka bat handiagoak dira, batez ere, ibilbidean metatzen den desnibela dela-eta. 

Horregatik, aurretik zehaztutako helburu eta onura orokorrez gain, jarduera honek onura handiagoak dakartza, Tipi-makil-tapa modalitatean zehaztutakoen antzekoak. 

Hilean behin irtengo dira barruti guztietatik 9:00etan, jubilatuen elkarteen plangintzaren arabera.

4. TIPI-EKI-TAPA

Ohiko Tipi-herri-tapa modalitatearen antzeko ezaugarriak ditu. Jarduera honetan datza: ordubeteko hiri-ibilaldiak, baina kasu honetan ezintasun fisiko edo mentalen bat dutenentzat pentsatua eta egokitua. Ostiralero abiatuko da Trintxerpeko azokatik 10:30ean.

NOLA PARTE-HARTU?

Edozein Tipi-Tapan parte hartzeko ez da zertan aldez aurreko izen ematerik egin behar, nahikoa da dagokion orduan hasiera puntura joatea eta parte hartzea. Nolanahi ere, komeni da aurretik kontsulta egitea ondoren zehazten diren telefono edota emailetan.

Eraman beharreko materiala

  • Ur botila bat eta beharrezko janari eta edariak.
  • Arropa eta oinetako erosoak eta egokiak.
  • Ibilketa nordikoko makilak, Tipi-makil-Taparako.

Edozein zalantza izanez gero, deitu 634 555 049 telefonora eta/edo idatzi aktibatu@pasaia.net-era.

Eskaintza guztiak antolatzeko eta horietako batzuk aurrera eraman ahal izateko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzuko orientatzailearen laguntza teknikoa izango dugu.

ANIMATU ETA ASTINDU GORPUTZAK!