San Pedroko parrokia-eliza

San Pedroko Parrokia-Eliza

San Pedroko parrokia-eliza iluna da eta itxura trinkoa du. Zati bat jatorrizko parrokiaren harriak erabiliz egin zen. Lehenengo eliza gaur egun kanposantua dagoen auzoan zegoen. Donostiako San Vicente elizaren zati bat zen eta XV. mendearen erdialdean egin zen. Hori guztia tokiko bizilagunen proposamenez egin zen. Bai kanposantura sartzeko ataria (portada gotikoa, leihate erromanikoa), bai bestelako elementuak (baoak eta hormak) eliza zaharraren hondarrak dira.

Oinplano bakarra du eta burua ekialderantz begira; hau da, herriaren alderik zabalenera begira. Bertan dorrea, behatokia eta Donostiako bateria (gaur egun desagertua) zeuden. Iparraldean, eliza zaharra zegoen, mendian bertan. Mendebaldean herria eta erregearen ontziolak zeuden eta hegoaldean, hareatza ederra, gaur egun Trintxerpeko portua dena.

Elizak abside poligonala du eta bi sakristia daude alde bakoitzean. 3 nabe ditu, hirurak altuera berekoak; hala ere, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa da. Lau zutabek honela zatizten dute espazioa: hiru tarte, presbiterioa eta korua. Zutabe-elizak Erdi Aroko zutabe-elizen tipologiari erantzuten dio.

Bi sarrera ditu: bata oinarrian eta bestea epistolaren aldean, bigarren tartean, alegia. Aurretiko bista honela banatzen da: korua, aldarea (tarterik txikiena), bost maila eta korridorea, eta azkenik, alboetan, sakristiarako sarbideak.

Jada jakina denez, parrokia eraikitzeko erabilitako material asko parrokia zaharraren hondarrak dira: "presbiterioko silarrizko euskarriak -parrokia zaharrekoak- kenduko dira... eta eliza berriaren hilerriaren harresiaren gainean jarriko dira... Jendearentzako eserlekua eta karela izango da eta babesteko erabiliko da, bereziki itsasora eror daitezkeen haurrak babesteko". Kanpoaldean eserlekuak jarri ziren, babes modura, esertzen den orok erori gabe gozatu ahal izateko itsasoaz. Lehen ez zegoen gaur egun ezagutzen dugun pasealekurik.

 

 

 

Barrualdea oso soila eta apala da ikuspuntu guztietatik. Zutabeak eta pilareak oso xumeak dira, toskanoak hain zuzen ere. Basamentua, berriz, barrokoa. Elizaren barrutia zeharkatzen duen taulamenduak bezala, ez du apaindura-luxurik. Moldura fin eta ondo landuak soilik inguratzen du koruko karpain-arkua eta arkuartetan obra amaitu zuen artistaren izena ageri da: "MANUEL MARTIN CARRERAK EGIN NINDUEN 1774. URTEAN".

Barruko apaindura-soiltasunari kontrajarriz, fatxadako konposizioaren aberastasuna eta erakustaldia ditugu. Horretarako, Espainiako Errenazimenduko eskema ezagunari jarraitu dio maisuak. Era berean, proportzio zabalak erabili ditu. Erdi-puntuko arkua pilastra handiek altxatzen dute eta nabarmentzekoa da altuera-efektua eraikinaren mole kubikoarekin. Goranzko efektua bultzatzeko, frontoia dugu. Estutu egiten du eta ireki egiten da lerronahasian, medailoi obalatuaren abiapuntua izateko. Ardatz handiarekiko bertikalean dago, eta tiara nahiz giltzak ditu.

Parrokiaren bolumenei eta azalerei dagokienez, sinpleena eta behin betikoena nagusitzen da. Kasu horretan, eliza -osoan hartuta kubo perfektua- nagusitu egiten da dorrearen aurrean, dorrea elizaren eranskina baino ez baita. Funtsezkoa dirudi masen adierazkortasun plastikoaren alderdi hori azpimarratzea, lan honetan nabarmena baita eta alderdi horretan argi eta garbi lotzen da sentikortasun neoklasikoarekin. Iparraldeko atea apainduago dago eta, gainera, nabarmendu nahi izan da. Hala, fededunak edo ibiltariak biltzeko esparru edo espazio urbanistiko egokia sortzea zuen helburu. Beraz, proiektuaren arduretako bat kanpoko espazioa eta eraikina elkarri lotzea izan zen; horrenbestez, lagunartean egon eta barnera biltzeko ingurunea eratu zen.