Apirilak 27: Emakumeentzat puntu ilunen diagnostikoaren aurkezpena
PASAIAKO PUNTU ILUNEN DIAGNOSTIKOAREN AURKEZPENA
Pasa den urrian Lezoko Udalak bultzaturik, Emakunde eta Oarsoaldeako laguntzarekin, eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalekin elkarlanean, Oarsoaldean emakumeentzat egon daitezkeen puntu ilunak identifikatzeko parte-hartze prozesua jarri zen martxan.
Eskualde osoan 7 lantalde sortu ziren, gure herrietan emakumeentzako arriskutsuak izan daitezkeen, eta arrisku sentsazioa edo deserosotasuna sortu dezaketen gune eta tokiak azaleratzeko helburuarekin, eta, azken finean, espazio horiek desagerrarazteko pausuak
Prozesu horren ondorioz, hirurogeita hamar tokitik gora identifikatu dira eskualdean; maila handi batean argiztapen gutxiegi duten toki bakarti edota ezkutalekuz inguratuak dira. Eta tokiak identifikatzeaz batera, horiek desagerrarazteko edo sortzen duten segurtasun ezaren sentsazioa leuntzeko proposamenak jaso dira.
Datorren asteazkenean, apirilak 27, arratsaldeko 18:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan, diagnostikoaren emaitza nagusiak ezagutzeko aukera izango da, eta eskualdeko arazo nagusien berri emateaz gain, Pasaian identifikatutako tokien inguruko azterketa egingo da.
IKERKETAREN TESTUINGURUA
Puntu ilunen diagnostikoak edo Hiri debekatuaren mapen lanketak Kanadan ditu bere aurrekaririk argienak 1980ko hamarkadan. Momentu horretan hasiko dira gorpuzten hiri-esparruan, era publiko eta pribatuan, arazo diren hainbat jarduketa, betiere, emakumeen ikuspuntutik abiatuta.
Jarduketa horien bitartez, agerian geldituko dira hiri-esparruko indarkeria-kasuak, eta baita esku-hartzeetako eragileak ere. Halaber, urteetako historia eginez, hiri-esparrua noren gain gelditu den hausnarketa egiteko balio izango du, eta nola lapurtu zaien emakumeei bertan jardutea.
Hainbat dira azken urteotan gure inguruan egin diren diagnostiko edo ikerketak: Donostia, Bilbo, Basauri, Irun, Eibar, Zumarraga, etab.
Gaur egun, puntu ilunen edo puntu kritikoen azterketak emakumeek esparru publikoarekin duten harremanaren inguruko hausnarketa azalaraztea dakar. Eta horrekin batera, esparru publikoa, historikoki emakumeentzat arrotza izan den espazioa, ez dela neutroa agerian jartzen du. Puntu ilunen edo puntu kritikoen inguruan hitz egiten dugunean, segurtasun/segurtasun ezaren binomioren inguruan ari gara. Nabarmendu behar dugu hiri antolamenduaren zenbait elementuk emakumeen kontrako erasoak erraztu edota segurtasun faltaren sentsazioa sor dezaketela, eta azken finean, emakumeen mugikortasuna mugatu edo baldintzatu egiten dutela.
Puntu ilunen diagnostikoaren helburu nagusia toki hauek identifikatzeaz gain, hauek desagerrarazteko neurriak hartzea da, eta horretarako, baliagarria izaten da argiztapena hobetzea, zaintza bermatzea, ezkutalekuak saihestea, etab. Neurri horiek soilik ez dituzte desagerraraziko kalean emakumeen kontra egiten diren eraso guztiak; alabaina, indartu liteke segurtasunaren sentipena, irisgarritasunaren kontzeptua zabalduta.