Web edukia bistaratu

Pasaia Badia Aktiboa estrategiaren barnean, Jarduera Fisikorako eta Kirolerako Orientazio Zerbitzuaren luzapen gisa, Pasaia udalerriko 6-18 urte bitarteko haur eta nerabeen lagin adierazgarri baten jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren maila deskribatu nahi da. Ondoren, euren aisialdiko denboran egiten dituzten jarduerak eta haien aktibotasun-maila kontuan hartuta, interbentzio programa bat diseinatu eta martxan jarriko da, haur eta nerabe horien bizitza ohitura osasuntsuen aldeko apustua egiteko.

Ikerketa hau populazio orokorraren parte batean zentratzen da. Izan ere, Pasaia Badia Aktiboa Estrategiak martxan daraman urteetan izan dituen bizipen eta adierazle ezberdinetan oinarritua, lehentasunezko populazio bezala izendatzea beharrezkoa da, etorkizuneko bizi ohiturak ezinbestean zehazten eta finkatzen diren garaia baita haurtzaroa zein nerabezaroa.

Bizitza ohituren eta, bereziki, jarduera fisikoarekin edota kirolarekin zerikusia duten datu objektiboen berri ez du Pasaia Badia Aktiboak.

Hori dela eta, hurbilpen estatistiko bat beharrezkoa da alor horretan ikerkuntza ahalbidetzeko eta ondorio, neurri eta erabaki eraginkorrak hartzeko. 

Datu hauek erakusten dutenaz gain, jarduera hau ez ezik, egiten dituzten beste batzuk eta hauen nolakotasuna ezagutu nahi da, baita egunaren gainontzeko orduetan haur eta nerabe hauek duten aktibotasun-maila ere. 

Honela, Pasaiako testuingurua azalduko duen eta Eusko Jaurlaritzako Mugiment programaren barruan egingo duen ikerketa objektiboaz gain, informazio sakonagoa eskuratzeko asmoz, sortu da aukera hau.

Helburuak

Ikerketa honen helburu nagusia da eskolaratze aldian dauden pasaitar haur eta nerabeek egunerokotasunean egiten dituzten jarduerek bizi-ohitura aktiboetan nola eragiten duten aztertzea eta bertan eragitea. Beste era batera esanda:

  • Estrategiak dioen bezala, Pasaia badia aktiboagoa izan dadin, ikerketa ekintzailea aurrera eramatea, fokua haur eta nerabeengan jarriz.
  • Pasaiako haur eta nerabeen jarduera fisiko- eta sedentarismo- maila neurtzea.
  • Haien aisialdiko jardueren nolakotasuna aztertzea.
  • Pasaia Badia Aktiboa Estrategian aurrerapauso bat ematea, eta erabiltzaile potentzialek izan ditzaketen ezaugarriak identifikatzea
  • Pasaia, badia aktiboagoa izan dadin jarduera fisikoko eta kiroleko eskaintzek (edo aktibotasuna bultzatzen duen beste edozein eskaintzak) izan beharreko ezaugarriak identifikatzea eta aktibotasun-maila areagotzeko gakoak eskuratzea.
  • Pasaia Badia Aktiboaren filosofiaren ildotik eta ikerketatik aterata emaitzekin interbentzio programa bat diseinatu eta ezartzea.
    • Harreman-bideak jorratzea
    • Eragileekin izango den lankidetza definitzea

Helburu zehatzak

  1. Pasaiako haur eta nerabeen lagin zehatza hartuko duen ikerketaren bitartez, berauek jarduera fisikoarekin duten harremana eta egunerokotasuneko aktibotasun-maila neurtzea.
  2. Kirolaz-eko ideia berreskuratuz, online galdetegi bat sortzea eta Pasaiako ikastetxeetan urtero pasatzea, urtez urteko jarraipena egin eta eboluzioa jakin ahal izateko.
  3. Jokabide sedentarioak bizi ohituretan barneratuta dituzten haur eta nerabeak artatzeko interbentzio-plana zehaztea, inguruan dituzten eragileak identifikatu eta inplikatuz. Besteak beste, Pasaiako Udaleko “Haur eta nerabeen Ekintza Plana”rekin lotura egitea. 

Metodoa

Parte-hartzaileak

Pasaia udalerriko eta inguruko ikastetxeetan ikasten duten haur eta nerabeengana iristea da helmuga. Alabaina, erroldaren eta Hezkuntza Sailak emandako datuen bidez zailtasunak ditugu oraindik ikasle pasaitar guztiengana iristeko.  Guztira, 1093 pertsonako lagina aurreikusten da, Pasaian erroldatutako 6-18 urte bitarteko haur eta nerabeen % 55.

Partaidetza erabat anonimoa da eta datuak era globalean aztertu eta aurkeztuko dira beti.
Horretaz gain,  Mugimenteko Euskadiko haur eta nerabeen jarduera fisikoaren maila ikerlanean parte hartu zuten ikasleen kodifikazio-sistema, bertako datuak ikerketa honetako datuekin alderatzeko erabiliko da, besteak beste, kontraste lanak egiteko.

Neurketa tresnak

Landa-ikerketan oinarrituko da ikerketa hau. Alde batetik, kualitatiboa izango da, behaketa eta parte-hartzaileek ematen diguten informazio subjektiboa erabiliko baita. Bestetik, aplikatua ere izango da, bertan jasotako informazioa programa bat diseinatzeko etamartxan jartzeko erabiliko baita. 

Parte-hartzaileekin hartu-emanean

GOOGLE FOMRS GALDETEGIA “NIRE EGUNEROKOA” (Bizi-ohiturak).

Honako alderdi hauei buruzko galderak egiten dira: oinarrizko datuak, loa, Ikastetxeetarako joan-etorriak, jarduera fisiko antolatua nahiz antolatu gabea, elikadura eta jarduera fisikoarekin erlazionatzen diren teknologia eta emozioak (ERANSKINA estekatu galdetegiaren pdf).

HAUR ETA NERABEENTZAKO RPE-Talk TESTA EGUNEROKOAREN BARNEAN

Haurrentzako egokitutako OMNI eskala edota Hautemandako Ahaleginaren Eskala (RPE gisa ezaguna) eta Hizketaren testaren elkartzetik sortutako testa da, ariketa aerobikoan zehar ikasle bakoitzari bere intentsitate indibiduala neurtzen laguntzen diona (Nye, S. B., & Todd, M. K., 2013). 0tik 10erako eskala batean, norberak honela baloratzen du bere intentsitate-mailaren pertzepzioa: