Pasai San Pedro
San Pedro
Nahiz eta gaur egun itsas fatxada finkatua eta hormigoizko kai mardulak ikusi, iragan ez oso urrunean, palafitoek (egurrezko paldoen gaineko egiturak) eta harri-lubetek etxeei oina ematen zieten. Bertara txalupaz iristen ziren itsasotik. Oinez joaten ziren, berriz, mendi-mazelaren eta eraikinen artean zegoen espaziotik, Arraunlari eta Kepa Deuna kaleen artetik, hain zuzen ere. Bi mendiak itsasoa hasten den lekuan amaitzen direlako egin behar izan zuten hirigintza-mota hori.
Pasaiako udalerrira 1805ean batu zen. Hirigunearen kale nagusia Pasai Donibaneko kalearen antzekoa da, batez ere pasabideei eta kairako sarbideei dagokienez.
Parrokiaren ondoan dagoen auzoan zenbait oinetxe daude. Horien artean, hauek azpimarratuko ditugu, garrantziagatik: Blas de Lezoren oinetxea eta Ferrer familiaren etxea.
Pasai San Pedroko hirigune historikoaren bestelako elementu garrantzitsua kanposantua bera da. Udalerriaren ondare historiko zaharrenaren hondarrak kontserbatzen dira bertan, portada erromanikoa eta gotikoa, hain zuzen.
San Pedroko hirigune historikoak azken bi mendeetan ez du aldaketa garrantzitsurik izan, nahiz eta azken urteetako arkitekturaren elementu nabarmenak izan.
San Pedro kalean azpimarragarria da 6. zenbakia. Oinplanoak estilo modernista du. Halaber, 34. zenbakia nabarmen daiteke. Hau estilo neoklasikokoa da. Passaman alargunaren kalean ere hurrengoak azpimarra daitezke: 2. zenbakia, bizilagun-etxe eklektikoa, kontraste kromatikoek erritmoa ematen diote fatxadari; 7. zenbakia, hasierako arrazionalismoa ageri du, hala diote hormigoizko balkoi okerrek; 3. zenbakia, orain dela gutxi zaharberritu dute, bao-joko interesgarria du eta behatokia fatxadaren erdian dago. Herriko plazan bi eraikin gailentzen dira, estilo eklektikokoak biak: eskola Pedro Gaiztarro arkitekoak egin zuen 1922an eta alkateordetza Eugenio Elgarresta arkitektoak 1932an.
San Pedron badiako bokalerantz jo ahal izango dugu edo Marqués de Seoane (Trintxerpe eta San Pedro artean) plazatik Platako Farolaraino. Biak ala biak, oso ibilbide ederrak.