2014-02-17: Pasai Antxoko herritarrentzat aparkaleku-txartelak sortzeko proposamena

Aparkaleku Txarteleko Sorrera

Pasaiako Udal Gobernuak datozen asteetan aurkeztuko die beste udal taldeei zein herritarrei Mugikortasun Sailak hainbatekin elkarlanean landutako proposamena, ekarpenak eta iritziak jasotzeko.

 
Proposamenean bertakoentzat gordetzen dira, aurrerantzean eta hala adosten bada, Pasai Antxoko lurgaineko aparkaleku gehienak; hala ere, merkatari zein bisitarien beharrak ere kontuan hartzen dira.
 
Zehazki, herriguneko plazak bertakoentzat gordetzea proposatzen da; bisitariek eta bertakoek Luzuriagako kanpa partekatuko dute. Luzuriagako aparkalekura sarrera zein irteera errazteko, Gelasio Aranburu kalea norabide bikoitzekoa bihurtuko da.
 
Era berean, Hamarretxeta kaleko aparkalekuak egunez txandakako aparkaleku bihurtuko dira, eta zamalanetarako gaur egun dauden plazak bere horretan mantenduko dira. Horrez gain, Udal Gobernua motorrentzako aparkalekuak jartzeko aukera aztertzen ari da.
 
Proposamen honen helburua da, bertakoek aparkatzeko erraztasun gehiago izatea. Gobernuak espero du, neurri honekin barrutiak aldirietako aparkaleku izateari utziko diola.