Kokapena
Kokapena
Pasaia badiaren eta bertan garatutako jardueren inguruan sortutako herria da. Pasaia osatzen duten lau barrutiak badiaren edo gaur egungo portuaren ertzetan kokatzen dira.
Gipuzkoako hiriburu Donostiaren ondo-ondoan dago; beraz, ez da batere zaila bertara heltzea. Hala ere, ez da bide bera erabiltzen lau barrutietara joateko, Trintxerpera eta San Pedrora joateko izan ezik, horiek bata bestearen segidan baitaude.
Pasai Antxora autobusez, trenez, topoz edota autoz irits zaitezke. Madril eta Paris lotzen dituen errepidearen eta trenbidearen ertzean dago kokatua eta, beraz, oso ongi komunikatua.
Trintxerpera zein San Pedrora Donostiatik etortzeko, autobusa edo autoa hartzea duzu onena. Behin bertara iritsita, berriz, San Pedro bukaeraraino oinez lasai-lasai joan zaitezke, Donibanera joateko motordun txalupa zerbitzua dagoen lekuraino. Aldiz, Donibanetik sartzea aukeratuz gero, txalupa hori hartu, alderantzizko bidea egin eta bi barruti hauetatik ibil zaitezke.
Bere kokapenagatik, Donibanera etortzeko bi modu daude. Alde batetik, aurreko lerroetan genioen moduan, San Pedroraino etorri, txalupa hartu eta badiaren bestaldera igaroz. Bi gune historikoak ezagutzeko aukera polita. Bestela, autobusez edo autoz, Errenteria eta Lezotik barrena, Donibaneraino. Bertatik, lasai-lasai, bere kale bakarrean barrena, bertako txokoak ikusi eta kanalaren puntaraino joan zaitezke. Hori egin ostean, txalupa erabil dezakezu San Pedrora pasatzeko.