Mugak

MUGEN GATAZKA

HISTORIA

XVIII. mendearen amaieran, pasaitarrak etsita zeuden, bizi zuten galera zela-eta. Izan ere, itsasotik bizi ziren gehien-gehientsuenak, baina portua erabat utzita zegoen; itxi egin zuten, eta Donostiak, garai hartan kudeatzen zuenak, ez zuen ongi zaintzen. Horiek horrela, portuaren eskumena eskatu zuten.
Estatuaren portua zenez (garai hartan, Koroarena), eskariaren inguruko espedientea izapidetu zen, eta Errege Mandatari Joseph Vargas Poncek gaiari buruzko txostena prestatu zuen.
Txosten horretan, Donostia portu-inguruan zituen posizioetatik kanporatzea proposatzen zen, eta beste udal bat sortzea, Donibane eta San Pedro bat eginda (lursail gehiago ere eman zitzaizkien, portu osoaren eskumena izan zezaten).
1805. urtean eta hurrengoetan, Karlos VI.ak zenbait Errege Agindu eman zituen, goian azaldutakoak gauzatzeko.

XIX. mendean, Antxoko padurak idortu eta bertan obra publikoak (trena, N-1, kaiak) egin zirenez, Donostiak itsasoari kendutako lur horiek eskatu zituen atzera. Auzi luze-luzea ekarri zuen horrek, azkenik 1890ean, Estatuko Kontseiluak epaia eman zuen arte: lurrak Pasaiarenak ziren, eta aipatutako Errege Aginduek indarrean jarraitzen zutela berretsi zuen, gainera.
XX. mendearen erdialdera egin zuen Donostiak azkeneko saiakera Pasaia bereganatzeko, baina porrot egin zuen, pasaitarrek irmo eta antolatuta egin baitzioten aurre.

 

AKATSA ETA EZJAKINTASUNA


Azaldu ditugun datu horiek guztiak zatika eta oker iritsi zaizkigu. Gure aurrekoek transmititu digute Pasaiari sorreran eman zitzaizkion lurrak itsasoari kendutakoak BESTERIK EZ zirela, baina ez zen hala izan: badia inguruko mendietako isurialdeak eman zitzaizkion Pasaiari.

 

 

 

ERREALITATE JURIDIKOA AGERIAN

2002. urtean udala, akats horretaz ohartuta, errealitate juridiko-administratibo horrek zuen garrantziaz jabetu zen.
Harrezkero, eskubide guztiz berea duena berreskuratzeari ekin zion.

 

HIRIGINTZA- ETA GIZARTE-BEHARRAK

Azaldu dugun ezjakintasun eta guzti, XX. mendean Pasaiak behin eta berriz eskatu zuen lurralde-arrazionaltasun handiagoa, gaur egun Donostiarekin dituen mugek ez baitzuten inongo zentzurik, eta, batzuetan, gizarte-errealitatetik erabat aparte baitzeuden.
Eman zitzaizkigun lur haiek (mendi-aldeak) herria BIDERAGARRI izateko eman zitzaizkigun, baina gaur egun, EZ DA hala, ez eta izango ere, erabat uzkurtuta eta mugatuta baitago fisikoki.
Mugen auzia esaten zaion hori FUNTSEZKOA da Pasaiarentzat, etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko baditu.

 

 

 

 

BERRIATZEA: PASAIARI ZORRA KITATZEA

Bat dira Pasaia biziberritzea eta bere lurrak berreskuratzea. Biak batera datoz, baita hirigintza berritzeak dakartzan ekintza guztiak gauzatzea ere. Gure kondena izan diren ahanzturaren eta espoliazioaren zorra behingoz kitatzea eskatuko dugu.

GUZTIOK BATERA PASAIA POSITIBOA marraztuko dugu.
DENOK BATERA GUREAREN ALDE
Herriko talde politiko GUZTIEK alde batera utzi dituzte beren konpondu ezinak, proiektu komun honi elkarrekin heltzeko.


DENOK jabetu behar gara Pasaiak erronka handiari
egin behar diola aurre.
ORAIN EDO INOIZ EZ.
ORAIN, DEN-DENOK aldarrikatzen baitugu erakundeek ahaztu eta industriak saldutako Pasaia hau BERRITZEA.
ORAIN, BIGARREN MENDEURRENA ospatzen gabiltzanez.
DENOK behar dugu gurea DEFENDATU ETA ESKATU: eman zitzaiguna eta Donostiak egitatez apurka kendu diguna, ez baitio inoiz men egin bere garaian justiziak ebatzitakoari.
DENOK BATERA: herritarrak, elkarteak, alderdi politikoak, sindikatuak, udal-taldeak...
Aurreneko urratsak egin ditugu jada, udalbatzarraren akordioa (2005-06-03) lortu eta Mugen Batzorde Berezia eta horren mendeko lan-taldeak ere sortu baititugu.