2009/03/24: Pasaiako Aholku Batzordearen bigarren bilera ospatu da
Aholku Batzordearen 2. Saioa
Pasaiako Aholku Batzordeak bigarren bilera egin zuen asteartean. Lehenengo bileraren helburu bera zuen, hau da, Aholku Batzordearen funtzionamenduaren helburuei buruzko ikuspegi orokorra ematea, eta bertako kide direnak alde horretatik heztea.
Astearteko bileran Pasaiako egungo Hirigintza Arauen azterketa egin zen. Horretarako arau horien egileetako biren parte-hartzea izan genuen, hots, Patxi Gastaminza eta Iñaki Ormazabal arkitektoak, azken hau egun hirigintza departamentu buru dena, hain zuzen ere.
Patxi Gastaminzak, orain dela hogei urte, dokumentua egiteko aurrelanak hasi zituztenean, aurrez aurre zuten errealitatea azaldu zuen, eta bere lana egiteko izan zituzten irizpide eta helburuak banan-banan argitu zituen eta nola onartu ziren ere azaldu zuen. Ondoren Iñaki Ormazabalek dokumentuan jasota zeuden hainbat ekimenen garapena azaldu zuen, nola ideia bat izatetik egungo errealitatea izatera pasa diren, eta oraindik aurrean ditugun erronkak aipatu zituen. Azken finean Aholku Batzordeak erronka horien azterketa egin eta irtenbideak planteatu beharko baititu.
Esan liteke bilera oso aberatsa izan zela eta aholku batzordekideei aukera eskaini zien gure herriaren hirigintzaren errealitatea hurbilagotik ezagutzeko . Era berean, batzordearen lanaren ardatz izango diren erronken inguruan, hasierako iritzia eratzeko lehen printzak jaso zituzten .
Aholku Batzordeak datozen hilabeteetan tramitazioan jarriko diren dokumentuak ezagutu, aztertu eta txostenak egiten hasi beharko du. Laster La Herreraren etorkizuneko antolaketaren azterketari ekin beharko dio.
Alkateak bi bileretara etorri diren kideen parte-hartzea eskertu eta aldi berean goraipatu nahi du.