Martxan jarri da Pasaiako Udaleko hirigintza eta ingurumen gaietarako aholku batzordea
Hirigintzako eta Ingurumeneko Aholku Batzordea
Dagoeneko martxan da Pasaiako Udaleko hirigintza eta ingurumen gaietarako aholku batzordea.
2009ko martxoaren 17an bildu zen lehenengo aldiz udaletxean, bi orduz luzatu zen hitzorduan.
Alkateak parte-hartzearen garrantzia azpimarratu zuen eta bereziki eskertu nahi izan zien Aholku Batzordeko partaide izateko erabakia hartu izana, hala egin duten guztiei. Jarraian, azaldu zuen ezinbestekoa zela lanean hasi aurretik, batzordearen zereginak zeintzuk diren ezagutzea eta hirigintzaren arloari buruzko oinarrizko informazioa ematea. Horretarako bi saiotan banatutako hitzaldiak antolatu dituela jakinarazi zuen. Lehenengoa, atzokoa bera, herritarren parte-hartzearen ingurukoa izan zen; eta bigarrena, datorren asteartean (hilak 24) izango dena, Pasaiako Hirigintza Antolaketarako Arauen ingurukoa izango da.
Hitzaldiekin hasi aurretik, batzordeak aho batez onartu zituen herri elkarteak ez diren erakundeetako ordezkariak eta modu pertsonalean aurkeztutakoak.
Ondoren, Iñigo Maguregik, Eusko Jaurlaritzako Lurzoru eta Hirigintza zuzendariak hartu zuen hitza. Aholku Batzordea legearen esparrutik aztertu eta azaldu zuen, hirigintza eta ingurumen gaietan herritarren parte-hartzea legean sartzeko izan diren arrazoiak azaldu zituen.
Jarraian José Allenderen txanda izan zen, Hiri eta erregio plangintzetan katedraduna. Berak planeamenduan herritarren parte-hartzeari buruz hitz egin zuen. Oso ekarpen interesgarria egin zuen eta parte-hartzearen garrantziaz eta beharraz hainbat iritzi eta jarrera azaldu zituen.
Hainbat galdera-erantzun eta hausnarketa konpartitu ondoren, bilerari amaiera eman zion alkateak, berriz ere eskerrak emanez parte hartu zuten guztiei, eta gogoraraziz hurrengo hitzordua datorren asteartean izango dela. Bertan, egun indarrean dauden Pasaiako Hirigintza Arauak idazteko ardura izan zuten bi arkitektoen hitzaldia izango dugu: Iñaki Ormazabal eta Patxi Gastaminza. Beraiek azalduko digute zein arazo aurkitu zituzten eta arazo horien aurrean zein irtenbide proposatu eta onartu ziren, eta egun nola dagoen gure herriko planeamendua.