Martxoaren 12an hasi da herritarren parte-hartze prozesuaren 2. fasea: "Denon artean eta denontzako Antxo Eraikitzen"

2. Fasea - "Denon Artean eta Denontzako Antxo Eraikitzen"

PROZESUAREN BIGARREN FASEAREN HASIERA

  • 2011ko martxoaren 12an goizeko 10:00etan, Antxoko Ikastolan

Parte-hartze prozesu honetako aurreko faseak fase berriaren planifikazioan kontutan hartu behar ditugun bi errealitateen berri nabarmena utzi zuen.
Alde batetik, oso nabari geratu zen Udalak ez duela asmatu informazioa komunikatzen eta transmititzen, parte hartu zuten pertsonek Antxoko egungo hiri estrukturaz eta herri berriaren planifikazio garaietan ikusitako gabeziez, indarguneez eta arriskuez oso informazio txikia baitzuten.

Eta aurrekoa baino are nabarmenagoa izan zena, Antxon, epe motz-ertainean egingo denaren inguruan eta egun indarrean dagoen planeamenduan aurreikusten diren azpiegitura eta ekipamenduen inguruan udal informazioaren gabezi handia.
Bi aspektu hauek, beraz, hasiera hasieratik hartuko ditugu; egungo Antxoko erdiguneak jokatu behar duen paperaren inguruko hausnarketetan, herri horren diseinurako ordenazio horrek kontuan hartu behar dituen irizpide eta helburuetarako hausnarketan oinarri izan daitezen, kontutan hartuta ere Eusko Trenbidearen trenbideen diseinu berrirako proposamenek irekitzen dituzten aukera berriak.

Prozesuak, lehenik, egun indarrean dagoen Antxoko ordenazioari buruzko informazioa, egiterakoan kontuan hartu zuen errealitate sozio urbanistikoa eta lortu nahi zituen helburuak partekatu eta aztertuko ditu.
Ezagutza horrekin Antxok dituen erronkak, aukerak eta arriskuak herritarren ikuspegitik hausnartzea eta Antxorako eta bere ingururako aurreikusita dauden garapen proposamen berriak ezagutzeko aukera izatea planteatzen dugu. Herritarren ikuspegitik aztertutako informazio eta ezagutza horrekin, adostutako ondorioak ateratzea planteatzen da eta horiekin Antxoko erdiguneko hiri eremu horren planeamendurako beharrezkoak diren irizpide eta helburuak definitzea.
Adostutako ondorio hauek Udalari helaraziko dizkiogu eta horiekin, Udalak Antxoko hiri eremu honen planeamendua definituko duen ideien lehiaketa bat antolatuko du eta hau herritarren artean aztertu eta berretsi egingo da.
Prozesuaren garapenerako, eduki metodologikoen zuzendaritza eta garapenerako eta dinamizaziorako, aurreko fasean izan genuen bezalaxe, kanpoko laguntza izango dugu.
Prozesua hiru saiotan garatuko da eta hauek Antxoko Ikastolan izango dira martxoaren 12an, 19an eta 26an.


HELBURU OROKORRAK

  • Elkarrekin –herritarren artean eta baita Udalarekin ere- lan egiteko gunea sortzea.
  • Herritarren parte-hartzea areagotzea guztien erronka izatea eta berau garatzeko konpromiso indibidual eta kolektiboak hartzea.
  • Gure herriko errealitate sozio urbanistikoa ezagutzea.
  • Lur eremu honen egoera eta hasierako oinarriak ezagutzea, baita azken urteetan egindako planteamendu desberdinak ere eta Antxorako eta ingururako aurreikusten diren garapen proposamenak ezagutzea.
  • Antxok dituen erronkaz, aukeraz eta arriskuaz hausnartzea eta egoera hori herritarrek duten ikuspuntutik aztertzea.
  • Antxoko erdiguneko hiri eremu horren planeamendurako beharrezkoak diren irizpide eta helburuak definitzea.
  • Adostutako ondorioak Udalari helaraztea, Antxoko hiri eremu horren planeamenduaren definizioan oinarria izan daitezen.


AURREKARIAK
2.009. urtean Pasaiako Udalak Antxoko Biteri Plazako ordenazioaren proposamenaren eztabaidarako “Denon artean eta denontzako Antxo eraikitzen” deitu zen parte-hartze prozesuaren lehen fasea antolatu zuen. Topagunea posizionamendu ireki batetik egin zen, aurre iritzirik gabekoa eta ikasketarako ikuspegiarekin. Lehen fase hartako helburuak honako hauek izan ziren:

  • Pasaiako herritarrak Udalaren kudeaketan inplikatzea eta parte-hartzearen kultura garatzea.
  • Pasaiako Udalak herritarrei Biteri Plazako proiektuaren inguruko informazio osoa ematea, Antxoko hirigintza-proiektu osoaren testuinguruan kokatuta.
  • Herritarrei eztabaidatzeko eta beraien iritzia emateko bideak zabaltzea.
  • Iritzi horiek kontuan hartuta, Udalak azken erabakia hartzea eta herritarrei jakinaraztea.

Lehen fase hartan informazio, eztabaida, adostasun eta, azkenik, itzulketa foroak egin ziren. Ondorioa argia izan zen: indarrean zegoen ordenazio proposamenaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa zabalago bat egiteko beharra zegoen.
Herri galdeketa hori egin zen eta parte-hartze altuak garbi adierazi zuen herritarrek bere herriko gaietan aritzeko duten interesa. Emaitzak garbi utzi zuen ere ordenaziorako udal proposamena eta eraikitzeko proiektua gelditu egin behar zirela.
Udalak, joan den Uztailean, bi erabaki hartu zituen, batetik Eusko Jaurlaritzarekin operazioaren garapenerako zuen hitzarmena bertan behera utzi zuen eta bestetik lur eremu horren etorkizunaren definiziorako herritar parte-hartze prozesua egitea onartu zuen.
 

Fitxategiak