Martxoak 29: San Pedroko parte-hartze prozesuaren bigarren saioa

2. Bilera

Larunbatean, martxoak 29, San Pedroko behar soziokulturalak asetzeko azpiegiturak definitzeko parte-hartze prozesuaren bigarren saioa deitu du Udalak. Gobernu Taldeak sanpedrotarrak gonbidatu nahi ditu 10:00etatik 13:30era Udal Aretoan egingo den saioan parte hartzera.

 
Martxoaren hasieran adierazi genuen bezala, San Pedroko behar soziokulturalak aztertzeko eta horiek asetzeko azpiegiturak zehazteko parte-hartze prozesu batean murgilduta gaude San Pedroko herritar zein eragileak eta Pasaiako Udala, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin.
 
Prozesu horren baitan, orain bigarren saioa dator, eta datorren larunbatean, martxoaren 29an, behar soziokulturalak nola ase daitezkeen baloratuko da, eta horretarako beharrezkoak diren ekipamenduak, baliabideak eta horien ezaugarriak zehaztuko dira. Halaber, behar soziokulturalak kontuan hartuta, etorkizuneko azpiegituren ezaugarriak zehazteko bidean jarriko gara.
 
Lehen saioa, giro onean
 
Martxoaren 15ean, duela bi aste, egin zen lehen saioan 35 herritar bildu ziren, San Pedroko kultur eragileak zein norbanakoak, eta oso adin tarte desberdinetakoak. Hasierako beldurrak eta mesfidantzak berehala joan ziren lausotzen, eta bilera oso giro onean bukatu zen. Horren adierazgarri da parte hartu zuten lagunek batzarraren amaieran oso balorazio ona egin zutela.
 
Lehen bilera horretan San Pedrok kultur arloan bizi duen egoeraren argazkia egin zuten. Hemen dago LEHEN BILERAREN AKTA, bertan egon izan ezin zutenek gertatutakoaren berri eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.