Informazio publikorako epea: udal erreserbako lurren mugaketari buruzko proiektua
Informazio Publikorako Epea: Udal Erreserbako Lurren Mugaketari Buruzko Proiektua
PROIEKTUAREN XEDEA ETA AURREKARIAK
Pasaiako Arau Subsidiarioak behin betiko onartu ziren 1996ko ekainaren 11ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatu Kontseiluaren akordio bidez, baina Foru Erakundeak adierazitako alderdiak bilduko zituen testu bateratu bat egiteko baldintzapean. Aipatutako Testu Bateratua 1997ko irailaren 16an egindako bilkuran onartu zuen behin betiko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatu Kontseiluak, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1997ko urriaren 31n (208. zk.).
Aipatutako agiriaren memorian –97. orrian–, eta landa lurzoruei dagokienez, lurzorua erosteko politika bultzatuko dela zehazten da. Halaber, Jaizkibel–1.05 Hirigintzako Esku-hartze Eremuaren Hirigintzako Fitxan, 3.2.1. atalean, zehazten da jabaria publikoa izango dela eremu osoan, eta horretarako, Udalak lurzoruak erosten jarraituko duela.
Arau Subsidiarioetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta indarrean dagoen ekainaren 28ko Eusko Jaurlaritzaren Lurzoru Ondare Publikoei buruzko 20/1998 Legea betez, Pasaiako Udalbatzak, 2001eko maiatzaren 2an egindako bilkuran, behin betiko onartu zuen “Udal Lurzoru Erreserbako Lurrak Mugatzeko Proiektua” agiria. Mugaketa horren barruan, 388.171 metro koadro inguru omen dituzten lurrak daude. Lur horiek, Jaizkibel mendian daude, Udalerriko Ekialdeko mugan –Lezorekin egiten dute muga–, eta ez daude Gaztelutxo eta Puzkazarretako nekazaritza ustiapenei lotuta.
Udal Lurzoru Erreserbarako lurrak mugatu ondoren, 2005eko azaroaren 14an, Pasaiako Alkateak erabaki zuen aipatutako mugaketak eragindako lurren jabeei eskatzea, nahi izanez gero, haien lursailen prezioa proposatzeko, Pasaiako Udalak aztertu eta erabaki ahal izateko.
Alabaina, lursailak erosteko orduan, ez zen akordiorik lortu, eta 2005eko abenduaren 29ko Alkatetza Ebazpenaren bidez, nahitaez desjabetzeko espedienteari hasiera ematea eta mugaketak eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen. Horiek horrela, eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta, 2006ko ekainaren 13an, Pasaiako Udaleko Alkateak beste hamabost eguneko epea ematea erabaki zuen alegazioak aurkezteko. Azkenik, 2007ko maiatzaren 25ean, Udalbatzak behin betiko onartu zuen aipatutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2007ko uztailaren 19an, argitaratu zen erabakia. 2007ko irailaren 7an aurkeztutako idatziaren bidez, Jose Ignacio Lilly Saez jaunak administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zuen Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian 2007ko maiatzaren 25ean Udalbatzak hartutako erabakiaren aurka.
2009ko uztailaren 30ean, administrazioarekiko auzien Donostiako 2. epaitegiak 234/2009. epaia eman zuen –I. Eranskina–. Epai horren ondorioz, Udal Lurzoru Erreserbako lurrak Mugatzeko Proiektua eta nahitaez desjabetzeko espedientea baliogabetu ziren. Horrez gain, espedienteak atzera jo behar zuen, prozedura errekurtso jartzaileari zuzenean jakinarazi zitzaion unera.
Ondasunen eta eskubideen behin betiko onarpenaren eta emandako Epaiaren artean igarotako denbora tartean, Pasaiako Udalak, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 15 eguneko epea finkatu zuen desjabetzeak eragindako ondasunen eta eskubideen balio justua jabeekin adosteko. Ondorioz, 2008ko azaroaren 27an, Pasaiako Udalak eta Gaytan de Ayala familiak –90a eta 90b lursail katastralen jabeak–, aipatutako lursailen balio justua adostu zuten –II. Eranskina–.
Hortaz, eta lehen aipatutako Epaia betez, berriro eman zitzaion hasierako onarpena Udal Lurzoru Erreserbako lurrak Mugatzeko Proiektuari eta erabaki horren berri eman zitzaien interesatuei. Dena den, ordura arte izan diren gorabeherak kontuan hartuta, eta indarrean dagoen legedi aplikagarriarekin bat etorriz, aldaketa batzuk egin zaizkio jatorrizko proiektuari. Zehazki, honako hauek:
- Lurren mugaketa egokitu da: Nahitaezko desjabetzearen ondorioz elkarren arteko adostasunez lortutako lurrak mugaketatik kanpo geratu dira. Era berean, mugaketatik kanpo geratu dira egun kiroldegia dagoen lurrak, jada Pasaiako Udalarenak direlako eta ez dutelako mugaketaren xedea betetzen.
- Lursailen azalera eta titulartasun batzuk egokitu dira: Kontuan hartuta nahitaezko espedientearen aurka interesatuek aurkeztu zituzten alegazioak, eta kontuan hartuta halaber aurkeztutako dokumentazioa eta Udalaren esku dagoen dokumentazioa, eta baita lehen aipatutako Epaia ere, lursail batzuen azalerak eta titulartasunak aldatu dira.
Aurreko testua proiektuaren zati bat da. Dokumentua osorik eta proiektuko planoak, erantsitako fitxategietan.
Fitxategiak
- DOKUMENTUA OSORIK (0,2 Mb)
- Eranskinak (5,2 Mb)
- Planoak: 1 KOKAPENA (2,1 Mb)
- Planoak: 2 ZONABANATZE OROKORRA (1,1 Mb)
- Planoak: 3 HIRIGINTZAKO ESKU-HARTZE EREMUAK MUGATZEA (0,7 Mb)
- Planoak: 4 PLANO KATASTRALA (0,1 Mb)
- Planoak: 5 INSTITUTU GEOGRAFIKO NAZIONALAREN LURSAIL PLANOA (0,5 Mb)
- Planoak: 6 BEHIN BETIKO ONARTUTAKO LURSAILEN ZERRENDA (0,1 Mb)
- Planoak: 7 LURZORU MOTA (0,5 Mb)
- Planoak: 8 LURZORUAK ETA ERABILERA AHALMENA (0,6 Mb)