XXV. Urteurrena

XXV. Urteurrena

URTARRILA  (irudiak ikusi)

Hala behar zuen, eta behar zuenez Illunbe musika-elkartearen 25. urteurrenari argitasun eta musika jai handi batez eman genion hasiera. Hogeita bost leherkari piroteknikok (bat urte bakoitzeko) eta 250 partaideren musikak abagune handia iritsi zela iragarri ziguten.

Alabaina, gure zilarrezko ezteiak zegokion ohorez ospatzeko, prestalanei bi urte lehenagotik ekin behar izan genien. 95eko azaroan aurkeztu genien ospakizun-egitasmoa herri-elkarteei, eta urte horretan bertan, abenduan, Xabier Jacinto konpositore trintxerpetarrari abagunerako musika-lan berezi bat egiteko mandatua egin genion: Illunberen Urriko Kantata, hain zuzen. Hurrengo urtean, 96ko maiatzean, bizi garen artean gogoan izango ditugun disko trinkoa eta bideoa grabatu genituen, eta ekainean Paco Rabanne jostun ospetsua Urteurreneko Ohorezko Batzordearen aurkezpenera etorri zen; gainera, bertako lehendakari izatea onartu zuen eta bertan eman zen, lehen aldiz, urteurrenerako prestatutako obra. Urteurrenaren atarian geunden.

Urtarrilerako prestatuak genituen ekitaldiak aurrera eramaten hasi ginen. Hilaren 5ean, Erregeetako aparteko kontzertua egin zen, Orkestra Sinfonikoa lagun, baita desfile bat ere Kabalgatan, dultzaineroak, trikitilari, txistulari, musika-banda eta korua lagun. Hilaren 25ean, berriz, Javier Bustoren Kanta Cantemus abesbatzak eta Miguel Amanteguik zuzenduriko Gipuzkoako Kamara Abesbatzak kantatu zuten Trintxerpeko parrokian.

 

OTSAILA (irudiak ikusi)

Gure herrian egiten diren ospakizun guztiei adi eta erne, otsailari Perzkinen Konpartsan parte hartuz eman genion hasiera, hilaren 1ean; hilaren 4an, berriz, Santa Agedako koruetan parte hartu genuen. Ohikoa dugunez gero herriko beste zenbait elkarterekin eta ikastetxerekin elkarlanean aritzea, otsailaren 3tik 7ra, Udal Euskaltegiarekin jardun genuen auzolanean, III. Kultur Astea antolatzen.

Goikoez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta mahainguruak izan genituen aiputan dugun hilabete honetan. Joseba Tapia trikitilariak bisita egin zigun, hilaren 3an, eta hitzaldi ernagarria bezain pedagogikoa eman zigun. Horrekin bat, Behi Bi’s txotxongilo-taldea izan genuen eta, ondoren, euskaldun berrien mahaingurua. Umoreari buruz aritu zitzaigun Kike Amunarriz hilaren 4an, eta, egun berean, sariak eman zitzaizkien Euskaltegiko Ipuin Lehiaketaren irabazleei. Era horretako ekitaldiei buru emateko, Iñurrategi anaiek ikus-entzunezkoa eman ziguten.

Musikak ere ez zuen hutsik egin hil honetan: bertsolari eta txiste kontalariak izan genituen hilaren 6an; biharamunean, Pasaia Musikal Abesbatza, Imanol kantagilearen kantaldiaz bat; eta beste sail batean, Inauterien antolakuntzan parte hartu genuen hilabetea osatzeko. Hau ere, beste hilabete guztiak bezala, bizitasun eta eragintasun handikoa izan zen.

 

MARTXOA (irudiak ikusi)

Seguru asko martxoa izan genuen urrienetakoa ekitaldietan, baina, hala ere, ernagarria eta erakargarria izan zen. Trikitia, musika-tresna geure-geurea, eta aldi berean ezinbestekoa gure herri-kulturan, protagonista nagusi izan genuen martxoko ekitaldietan.

Trikitiaren astea aukerakoa izan genuen tresna horrek begietarako zer dohain dituen hobeto jabetzeko eta, era berean, erakusketa eta mahainguruak lagun genituela, aukera ezin hobea izan genuen trikitiak bere inguruan biltzen duen guztia hobeki baitaratzeko. Jarduerok martxoaren 10etik 16ra bitartean egin ziren, nahiz eta guztiz aparteko egun bat egon zen trikitilari guztientzat, hilaren 16a, hain zuzen. Egun horretan, 700 trikitilari inguratu zitzaizkigun eta gure 25. urteurreneko ospakizun garrantzitsuenetako bat izan zen.

Baina trikitia izan bagenuen ere martxoko erregina, artean ere leku bat egin ahal izan genion musika aldetik tradizio sakonenetakoaren jabe dugun kantuari. Hilaren 21ean, kontserbatorioko kantuko ikasleek kantaldi askotarikoa eta ederra eman ziguten euren etengabeko ikasi-beharra eta ahotsaren artearekiko zer grina sutsua duten erakusteko.

 

APIRILA (irudiak ikusi)


Illunbe musika-elkartearen ezaugarri nagusienetako bat haste-hastetik herri-jardunetara irekia egotearena izan da eta, halaber, beste hainbat kultur elkarterekin elkarlanean aritzea. Gure jardunbide horregatik, apirila askotariko hilabetea izan genuen. Trintxerpe klubarekin batean, kirol-saioei ekin genien: hilaren 6an, Mountain Bike herrikoia, eta 13an Euskadiko Mountain Bike Opena bide; izan ere, grekoek ongi zioten moduan: “musika gogorako dena da gimnasia gorputzarentzat”.

Trintxer Kulturalarekin egindako elkarlana erakusketetan mamitu zen. Apirilaren 21etik 27ra Arte-argazkigintzaren lehiaketa egin zen; hurrengo astean, berriz, margolaritzarena.

Musikaren arloak, berriz, bi sail edo genero jorratu zituen apirilean; hala nola, abesbatzak eta musika-bandak. Hilaren 7tik 11ra iraun zuen Trintxerpeko Lehen Abesbatza Asteak, eta hauek izan ziren parte hartzaileak: Eibarko Sostoa abesbatza, Donostiako Eresmin taldea abesbatza, Hernaniko Kantuz abesbatza, Orioko Salatxo abesbatza, Lezoko Sutargi eta gure Pasaia Abesbatza. Hilaren 12ko Gazte-abesbatzen topaketa ere ez zen hutsaren hurrengoa izan, ez horixe. Zumarragako Kimetzek, Oiartzungo Izotzek, Errenteriako Zunbeltzek eta Bergarako Orfeoiak kantatu zuten Trintxerpen. Pasaiako musika-banden egunak berriz, 140 musikari elkarrenganatu zituen hilaren 27an, paregabeko amaiera emanez partaidetza handiko hilabete honi.

 

MAIATZA (irudiak ikusi)


Beharbada maiatza izan zen Illunberentzako eta bere hogeita bosgarren urteurrenerako hilerik garrantzitsuena; izan ere, urtearen garai honetan ospatu genuen Musikaldi 97, Euskal Herriko musika-eskolen lehen topaketa, hain zuzen. Ezbairik gabe, garrantzi handiko musika gertakaria, eta gainera, jarraipena izango duena. Hona hemen elkarretaratze horrek izan zuen garrantziaz jabetzeko datu batzuk: Euskal Herri osoko hogeita bost musika-eskolek hartu zuten parte, eta 2.300 ikaslek. Azken ekitaldia, berriz, Bidebietako kiroldegian egin zen eta ETBk oso-osorik eta zuzenean eman zuen.

Baina hilak egun askotxo ditu, eta delako musikaldiak asti dezente lapurtu bazigun ere, astirik izan genuen gauza gehiago egiteko. Hilaren azkenetan, gogoangarria izan zen izen handia duen Donostiako Orkestra Barrokoak emandako kontzertua; horretaz gain, gogoa izanez gero, gauza handiak egin daitezkeela frogatu zen. Burutazio horixe bera jaulki zitzaigun, beste urte batez, gure ikasleen kontzertuetatik, Hernaniko musika-eskolako ahots zurien kontzertuetatik eta, areago, Xakalean Xake Lehiaketa Txapelketa erakargarritik ere; han izan ginen, eta fitxa bizidunen partidetan ere parte hartu genuen. Beste behin ere, ekitaldiok elkarlanari esker eta zor egin ahal izan genituen, kasu honetan, San Luis ikastetxearekin eta Trintxerpe klub atletikoarekin batera.

 

EKAINA (irudiak ikusi)


Behin urtearen garai honetaraino iritsiz gero, esan liteke askoz gauza gehiago egiterik ez dagoela. Jende asko erakarri eta gainera parte hartzera bultzatuko dituen ekitaldiak antolatzea eta burutzea nekeza da, baina benetan nahi izanez gero, ezinik ez dago. Ekainari, aurreko hilekoaren jarraipen moduan, Trintxerpeko alkateordetzan, Erraldoi eta Buruhandien erakusketarekin ekin genion. Delako asteari buru hilaren 1ean eman genion Erraldoi eta dultzaineroen egunarekin.

Urteurrena ospatzeko, musika-ekitaldiez gain beste era askotako jardueretara jo genuen; esate baterako, Auzo Elkartearekin lankidetzan hilaren 15ean Euskadiko ehozirilarien bigarren topaketa egin genuen. Hilaren 16tik 22ra berriz, Carmen Parada margolariak bere margolanen erakusketa egin zuen Trintxer Kulturalaren ondoan, eta bestalde, alkateordetzako areto nagusian Galiziako OE OE OE antzerki-taldeak emanaldia eman zuen.

Baina benetan garrantzitsua musika izan zen ekainean. Hilaren 7an, musika-bandak eta Barañaingo (Iruñea) Jazz taldeak kontzertua eman zuten; hilaren 12an, berriz, gitarra-kontzertua kontserbatorioko ikasleek, eta, 14an, piano-jole gazteenek jo zuten. Pasai Antxoko ikasleak, Ganbara musikakoak eta kantukoak izan ziren 17an, 18an eta 19an emandako kontzertuetako protagonistak, eta kantaldi horiez gain, hilaren 25ean gure ikasleek harmonia eta musika-formetan oinarritutako eresaldiak eman zizkiguten. Hilaren 23an, Musikarak eta Gernika Plazan izandako Aurreskuak osatu zuen hileko ekitaldi-egutegia.

 

UZTAILA – ABUZTUA – IRAILA (irudiak ikusi)


Hainbeste ekitaldiren eta musikaldiren ondotik, primeran etorri zitzaizkigun udako oporrak, hain beharrezkoak genituenak bestalde, urte amaierako jarduerak antolatzeko. Baina hala eta guztiz ere, ez genuen herriko jaietan huts egin nahi izan, Karmengo Ama Birjinaren omenez ospatzen direnetan, eta hor aritu ginen elkarlanean hilaren 15etik 20ra bitartean.

Abuztuan atseden-tarte bat egin ondoren, berriro lotu gintzaizkion lanari eta ekitaldiak prestatzeari, gure zilarrezko ezteien ospakizunari jarraipena emateko.

Irailaren 21etik 28ra bitartean ospatu ziren Euskal Jaiak eta ekitaldiz betetako hamar egun izan ziren. Hilaren 21ean egin zen XX. marmitako-lehiaketak (Illunbe Arraun Elkartearekin auzolanean) 130 elkarte bildu zituen. Era berean, gogoangarria izan zen alkateordetzako areto nagusian egin zen Euskal Jantzi Tipikoen Erakusketa, eta, halaber, hilaren 26an Eskola taldeak egin zuen saioa.

Hilaren 27an “Trintxerpe eta itsasoa” izenburupean egin zen kontzertua, txistu, metal, batelera, abesbatza eta dantzariz osatua; hilaren 28an, berriz, Dantzari Txiki Eguna egin zen. Biak ala biak xarmangarriak izan ziren eta, bestalde, prestaketa moduan balio izan zuten, hain urte bereziaren azken hilabete berezietarako.

 

URRIA (irudiak ikusi)


Hilaren 5etik hasi ginen jadanik berotze-ariketak egiten, hil hori ere berezia izan zedin Ilunbe musika-elkarteko kide guztiontzat. Data garrantzitsu horretan, Kilometroak ospatu genuen, eta ahalegin bizian aritu ginen bertan parte hartzen.

Horren ondotik. jai-aste berezia eta gainera gure elkarteari begirakoa antolatzea gauza zoragarria izan zen benetan. Udazkeneko jaiak, hilaren 16tik 19ra bitartean ospatu genuenak, jarduera eta ekitaldi ugari bildu zituen; hala nola, Erraldoiak eta buruhandiak, karaokea, berbenak edota, besteak beste, danborrada eskerga; baina, beharbada, ikusgarrienak eta deigarrienak desfileak izan ziren, eta duda izpirik gabe, Gau pasa fanfarrearen berragerpena. Izan ere, hemendik sortu zen elkartea, eta honek hogeita bost urte zeramatzan bildu gabe.

Urria akordeoiaren hilabetea ere izan zen, eta hori baieztatzeko moduan gara; izan ere, 27tik 31ra bitartean, musika-tresna bikain horri eskainitako astea ospatu genuen. Irun, Lesaka, Lasarte, Pasaia eta Donostiako akordeoi-orkestrek hartu zuten parte. Abesbatza kontzertua ere egin zen, Ondartxo Abesbatzarena, Trintxerpeko parrokian, hilaren 24an, baita Iñigo Domingoren margo-erakusketa ere, Trintxer Kulturalarekin elkarlanean.

 

AZAROA (irudiak ikusi)

Musikari guztiok azaroan ospatzen dugu gure lanbidea eta gure zaindaria, Santa Zezilia, eta jakina, guk ere, gisa denez, gure elkartearen hogeita bosgarren urteurrenean ospakizun berezia egin nahi izan genuen. Gure urteurreneko kontzertu bereziak Pasaiako lau udal-barrutietan egin ziren. Lehenbizi, San Pedron, hilaren 6an, eta, ondoren, Pasai Antxon, 7an, eta Donibanen, 28an; aldiko hortxe-hortxe, 200 bat lagunek hartu zuten parte. Trintxerpekoak hogeita bosgarren urteurreneko kontzertu ofizial izaera beretu zuen, eta hilaren 22an egin zen, Santa Zezilia egunez; bertan, kontserbatoriotik igaro diren ehun irakasleri baino gehiagori gorazarrea egin zitzaien. Ekitaldi hunkigarria eta zoragarria izan zen musikari guztientzat.

Baina ez ziren hor amaitu azaroko jarduerak. Horiez gain, Behobia-Donostia korrikaldian parte hartu genuen, Musikako Tarteko Helmuga eskainiz, eta udal-barrutia dultzainero, txalaparta-jole, txistulari eta txarangen bidez alaituz. Halaber, Pianoaren lehen astea burutan atera genuen, gure ikasle guztientzat barne-lehiaketa eginez, eta amaierako kontzertua Patxi Aizpirik eman zuen. Ganbara-musikaren astea hilaren 10etik 15era bitartean burutu genuen, eta garrantzi handikoa izan zen, musikari gailenak izan baikenituen; esaterako, Catalin Bucataru, Patxi Aizpiri, Jasper de Wall, Ana Sánchez, Pablo Sorozabal haize-boskotea, Parisko saxofoiak eta txelo eta piano bikotea (Carolina Landricini eta Ana Teresa Rodríguezek osatua). Ospe handiko musikariak, dudarik gabe.

 

ABENDUA (irudiak ikusi)

Musikaz eta soinuz blai eta mukuru izandako urte-amaieraren atarian geunden, eta jakina, zeukan zuku guztia atera nahi izan genion, ahalik musika onena eta ugariena opa izanez. Bikainenak kontzertuak izan genituen; hauetan eman genituen geneuzkan guztiak, nola bitartekoei dagokinez, hala ilusiori dagokionez. Lehenbiziko kantaldia Errenteriako Andra Mari Koralarena izan genuen, omen handiko taldea, hogeita bosgarren urteurreneko ospakizunean gurekin egon nahi izan zuena. Easo Abesbatza sonatuak ere hilaren 12an egin zion bisita Trintxerperi, eta horren ondotik, “Trintxerpek Trintxerperi kantatzen dio” izenburupean, Trintxerpeko zortzi abesbatza bildu genituen.

Kontserbatorioko txikien taldeak izan ziren hilaren 18ko eta hilaren 19ko kontzertuetako protagonistak, eta koru-jardunari, berriz, Amalur Abeslariak taldearekin eman genion jarraipena. Hilaren 23a egunik berezienetako bat izan zen, Jon Plazaola donostiar tenor ospetsua izan baikenuen gurean. Honek bere ahotsa egin zigun opari, gure eskolako ikasleak lagun zituela.

Hilaren 24ko ohiko Olentzero herrikoiaren eta hilaren 26ko “Musika irudika ezazu” argazki-erakusketaren (Trintxer Kulturalarekin elkarlanean) ondotik, hogeita bosgarren urteurreneko azken ekitaldia burutu genuen hilaren 31an, suzko zezena atereaz eta hogeita bost leherkari pirotekniko jaurtikiz gaueko 12etan. Urte benetan joria eta emankorra izan genuen, fruitu eta zitu onak eman zituena eta guztien gainetik, geure aldetik geneukan onena eskaini genuenekoa.