Hor Konpon - Kalean aurkitzen dituzun arazo edo matxuren berri udalari emateko doako APPa
Hor Konpon
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Pasaia, Errenteria eta Hernaniko udalek garatutako smartphonentzako aplikazio bat da HORKONPON, librea, doakoa eta publizitaterik gabekoa. KUBBIT enpresak garatu du eta Android eta Apple iOS sistemekin dabil.
Euskaraz edo gaztelaniaz erabil daiteke, oso modu errazean: gure herriko kaleetan arazo edo matxuraren bat ikusten baduzu (pizten ez diren kale-argiak, baranda puskatuak, zuloak, etab.), HorKonpon erabilita udalari matxuraren berri emateko aukera izango duzu. Zure smartphoneko GPSa erabilita, HorKonpon-ek arazoaren kokapen zehatza emango dio udalari (horrenbestez, GPSak martxan egon behar du; amatatuta badago, aplikazioak jakinaraziko dizu).
Matxuraren argazkia egitea eta ohartxo bat eranstea gomendatzen dizugu. Nahi izanez gero, soilik argazkia bidali daiteke, edo soilik ohartxoa (baldintza bakarra GPSa martxan egotea da). Halaz ere, zenbat eta informazio gehiago igortzen diguzun, orduan eta hobeto artatuko zaitugu.
Beste gomendio bat: argazkia edota ohartxoa egin ondoren, ez itxaron eta zauden tokitik bidali, GPSak sortutako kokapena zehatza izan dadin.
GPSaren kokapena Pasaiako udal-barrutiaren barruan badago, zure oharra gure sistemetan sartuko da. Alabaina, kontu eduki, GPSaren kokapena beste udalerri batekoa baldin bada, oharra dagokion udalari iritsiko zaio, betiere, udal horrek HorKonpon-eko abisuak onartzen baditu (adibidez, Irun edo Tolosa).
Matxuraren berria era anonimoan zein identifikatuan igorri zenezake. Identifikatzen bazara (telefono-zenbakia edota posta elektronikoa) eta jakinarazpenak jasotzea aukeratzen baduzu, udala saiatuko da zurekin harremanetan jartzen, arazoari emandako irtenbidearen berri emateko (edo, beharrezkoa balitz, informazio gehiago biltzeko).
Jakizu udalak ez dituela inoiz zure datuak hemen azaldutako beste ezertarako erabiliko, ez dizkiola inori emango, eta ez dizula inoiz publizitaterik edota spam delakorik bidaliko zure telefono edo posta elektronikora.