Historia

HISTORIA

Pasaiako udalerria, historikoki, aski berriki eratua da, 1805ean, hain zuzen, baina San Pedroko eta Donibaneko hiriguneak askoz lehenagokoak dira. Bi barruti horiek badiako urek ematen dioten itxura orografiko berezira egokitu dira historian barrena. Baditugu horren froga idatziak; esaterako, Donostiaren eta Hondarribiaren fundazio-aktetan ageri diren aipamenak.

Mende batzuetan zehar, ekialdeko Donibane Hondarribiaren menpe egon zen; mendebaldeko San Pedro, berriz, Donostiaren menpe. Baina Donibanek, 1770ean, Hondarribiarekin zuen lotura eten zuen. Geroago, 1805ean, Pasaiako udalerria sortu zen, Errege Dekretu baten bidez: lehendik aske zegoen Donibaneri Donostiaren menpe zegoen San Pedro batu zitzaion, eta badiaren inguruan zeuden hainbat lur eta eskubide bereganatu zituzten.

Ez da zaila asmatzen zer interes zeuden erabaki horien atzean: kaiaren gaineko eskumenak batzeko interesak, bertan garatzen zen jarduerak jurisdikzio bakarra izatearen nahia eta abar.

Aurrerago, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, hainbat azpiegitura sortu eta sendotu ziren heinean (hala nola, N-1 errepidea eta trenbidea), beste barruti bat sortu zen 1890ean; Antxo, hain zuzen.

Jada XX. mendean, laugarren barrutia batu zitzaien aurreko hiru barruti horiei: Trintxerpe. Mendearen erdialdera, arrantza-sektoreak etorkinak behar izan zituen eta behar horiei erantzuteko sortu zen Trintxerpe.

Gure herriaren historian aipatzeko modukoa da, nola ez, zer eragin izan duten arrantza- eta ontzigintza-industriek, XX. mendean beste sektore batek haien lekukoa hartu zuen arte; burdingintzak, hain zuzen. Hala ere, ohiko sektore horien gainbehera nabaria izan da azken hamarkadetan eta Pasaia bere lekua berreskuratu nahian dabilen herri bihurtu da.

Arlo horiek guztiek eragin handia izan dute Pasaiaren historian, sorreran, nahiz bilakaeran, eta, horien bidez, Gipuzkoako herri ezagun eta garrantzitsu bihurtu da. Ezagunak dira barruti historikoak, eta haien edertasunak eta kaleen osaera bereziak ospe handia ematen diete.

PORTUA

Erromatarren garaian Arditurriko meatzeetako mea itsasoratzeko Oiartzun ibaiaren bokalean egindako jardueren zantzuak alde batera utzita, XII. eta XIII. mendeetara arte itxaron behar dugu Pasaiako portuan egindako itsas eta merkataritza-jardueren berri izateko. Gipuzkoako herriei eta, zehatzago, itsasertzean zeudenei foruak emateak lagundu egin zuen itsas jarduerak suspertzen; izan ere, merkataritza-salerosteak egiteko hainbat onura eman zitzaizkien. Esate baterako, Pasaiako badian, lurraldeko burdinolen ekoizpena eta Nafarroako artilea ontziratzen ziren Erdi Aroan, eta ontzietatik Europako aleak eta manufakturak ateratzen ziren. Enbatetatik eta ekaitzetatik babesteko leku segurua zen eta, gainera, itsasontziak egiteko eta armez hornitzeko nahiko azpiegitura ona zuen. Bestalde, itsasbazterreko arrantza tradizionala eta balea-harrapaketa sendotzeaz gain, arrantzategiak ezarri ziren hainbat tokitan; esaterako, Britainiar Uharteetan. Harremanak zituzten Ipar Itsasoko herriekin eta salgai-trukean aritzen ziren (Gaztelako artilea eta oihalak edo aleak). Garai hartan, portuaren gaineko eskumena ez zen portuko itsasbazterreko ezein herrirena; izan ere, Donostiaren foruan sartua zegoen. Gerora, gainera, Donostiaren eta Hondarribiaren artean banatu zuten.

XV. mendearen hondarrean, Donostiak indartu egin zuen bere posizioa, San Pedron dorre bat eraikita; dorrean portu-zaintzailea ere jarri zuen.

XVI. mendetik aurrera, Pasaiako portuaren jarduera batez ere Koroarentzako ontzigintzan murgildu zen, baita Ternuan baleak eta bakailaoak harrapatzeko ontzigintzan ere. XVIII. mendean, berriz, salerosketan murgildu zen koloniekin, eta Pasaiako portua Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren eta Filipinetako Errege Konpainiaren egoitzetako bat izan zen mende amaieran. XIX. mendean, berriz, Norteko trenbidea porturaino heldu zen, baita Irunera zihoan errepide nazionala eta tranbia ere, eta orduantxe ekin zion portuak modernizatzeari. XX. mendean, industria astunaren salerosketa nagusitu zen, eta itsas zabaleko arrantzaren urrezko aroa izan zen, joan berri zaigun mendearen azken hogeita hamar urteetan behera eta behera etorri denarena, hain zuzen.

ONDAREA

Pasai Donibane. Kale bat nabarmentzen da ezker-eskuin badiako uraren eta mendiaren artean, eta hainbat eraikin kalearen alde banatan, batzuk balio handikoak.
 

  •     Galatras etxea: XVII. mendeko bizitegi-etxea. Portuko instalazioek erdi ezkutuan zuten eta gaur egun desmuntatu egin da, etorkizunean non kokatu erabakitzeko.
  •     Platain etxea eta ondokoa. Hura XVI. mendekoa eta haren ondokoa XVIII. mendekoa. Lehena birgaitu egin da, bizitegi-etxe bihurtzeko.
  •     Arizabalo jauregia. XVIII. mendeko eraikina. Egungo udaletxea. PYSBE bakailao-enpresaren egoitza izan zen.
  •     Miranda etxea. XVI. mendeko berpizkunde estiloko etxaurrea du.
  •     Gabiria etxea. Victor Hugo Etxea izenez ezagutzen da, bertan bizi izan baitzen frantziar idazlea.
  •     Villaviciosa jauregia. XVI. mende amaierako berpizkundeko eraikina.
  •     Munoa etxea: Camara. XVII. mendeko estilo barrokoko jauntxo-etxe handia.
  •     Etxe tradizionalen artean, Karpin deritzana nabarmentzen da. Han arku bat ireki zen XVIII. mendean, ordura arte kalea hausten zuten eta Santa Anako ermitaraino igotzen ziren eskailerak saihesteko.
  •     Udaletxe zaharra. 1735eko eraikina da, orduan lortu baitzuen Donibanek udaletxea eraikitzeko ahalmena.
  •     Bonantzako Kristoren basilika. Lehen San Joan eliza zen, 1399koa; 1738an berreraiki eta Santo Kristori eskaini zitzaion. Mendebaleko aurrealdean egurrezko atea dago, eta labanaz egindako ebaki batzuk ditu; XVIII. eta XIX. mendeko itsasontzien irudiak dira.
  •     Santa Ana ermita, 1573an aipatua. Badia osoa ikusten da bertatik. 1758an berriro eraiki zuten, baina estilo erromanikoko ate nagusia errespetatuz.
  •     San Joan parrokia. 1643an ireki zuten gurtzarako.
  •     Pietatea, Donibane kalean. XVI. mendekoa da.
  •     Santa Isabel gaztelua. Kokaleku militar hau 1625ean eraiki zen, portuaren sarrera defendatzeko, hain zuzen.
  •     Lord Johnen gotorlekua. Santa Isabeleko gazteluaren defentsa-lekuak dira; gaur egun, atseden-toki.

Pasai San Pedro. Badiara ematen duen kalea eraiki arte, herriguneko kale nagusia Donibanekoaren oso antzekoa zen.

  •     Blas de Lezoren oinetxea.
  •     San Pedroko eliza: 1450ean eraiki zen estreinakoz, eta ordukotik kontserbatzen den zer bakarra portada erromanikoa da; egungo hilerrian dago. 1774an hasi ziren eliza berria eraikitzen, herrigunetik hurbilago.
  •     Almirantearen gotorlekua, Donibanekoaren aurrean dagoen kokaleku militarra.


Pasai Antxo. Barruti hori XIX. mendean padura zingiratsua zen, itsasgoran urpean geratzen zena, eta errepide nagusia eta trenbidea eraiki zirenean bakartua geratu zen. 1846an, lursail horien lagapena egin zitzaion Mandaseko dukeari, lehortzeko baldintzapean. Ondoren, lursaila hainbat zatitan banatu zen, eta gerora hasi zen jendea lurrak erosten, industriak jartzeko edo etxeak egiteko, portuko eta industrietako jarduerak goraka zetozela baliatuz.

Trintxerpe. XX. mende hasieran landa- edo nekazaritza-eremua zen barruti hori. Hiri-egitura berria egungo Euskadi Etorbidean hasi zen, lehendabiziko bizitegiak eraikitzearekin. Industria garatzean eta arrantzak gora egitean, gero eta langile gehiago hartu zituen, batez ere Galiziatik etorriak.

PERTSONAIA HISTORIKOAK

  • Joan Bautista Arizabalo Darieta. Itsas kapitaina eta Pasai Donibaneko gobernatzailea 1747an; Karlos III.a erregeagandik Pasai Donibaneren independentzia lortu zuen.
  • Joan Arizabalo Mendizabal. Pasai Donibanen jaio zen 1793an, eta Ameriketan jarraitu zion arma-karrerari.
  • Joakin Maria de Ferrer. San Pedron jaio zen 1777an. Merkataritza-karreran aritu zen eta, besteak beste, diputatua izan zen Espainiako Gorteetan, baita Madrilgo alkate eta estatuko ministro ere. Bere azken urteak sorterria defendatzen eman zituen, batez ere, portuaren garbiketa defendatzen.
  • Joan Manuel Ferrer Kafranga. 1769an sortua. Erroman ministroa izan zen eta San Joango parrokiaren ongilea.
  • Antonio Iñarra. XIX. mende amaierako poeta.
  • Francisco Laboa Echegaray. Herritarrentzat, Matxet. San Juango trainerako patroia. 1920an eta 1924an, Donostiako estropada-irabazlea.
  • Manual Arrillaga Arzak, herritarrentzat Aita Manuel. San Pedroko trainerako patroia.Donostiako estropada irabazi zuen 1920. urtean (arraunlari bezala) eta 1927tik 1932ra (patroi gisa), sei aldiz jarraian, artean inork gainditu ez duen balentria.
  • Blas de Lezo. 1689an jaio zen. Itsas Armadako teniente jenerala izan zen, Vernon almirante ingelesaren aurka 1741ean Cartagena de Indias defendatu zuelako famatua.
  • Mateo Martiarena. Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarreko ontzien hartzailea. Udaletxea eraikitzeko behar zen dirua eman zuen maileguan.
  • Andrés Trecet. Zesta-puntan jokatzen zuen. 1938an hil zen.
  • Victor Hugo. Poeta erromantiko honek egun batzuk eman zituen Pasai Donibanen. Bizi izan zen etxea museoa izan zen lehenbizi. Gaur egun, kultura-ekitaldietarako erabiltzen da.
  • La Fayette. 1777an, Pasaiako portutik itsasoratu zen, Ameriketako Estatu Batuen independentzia-gerran parte hartzera.