Gizarte-errotzeari buruzko txostena
Gizarte Errotzea
Europar erkidegotik kanpoko hainbat lagun bizi dira gure artean, nahiz eta hemen bizitzeko administrazio-baimenik ez duten.
Haien egoera legeztatzeko bide bat ERROTZEA da. Errotzea prozedura arrunta da, Atzerritartasun Legean eta errege-dekretuan garatzen dena. Baldintza nagusi hauek ezartzen dira:
- Hiru urtetan etengabe espainiar Estatuan bizitzea.
- Zigor-aurrekaririk ez izatea.
- Espainiar Estatuan sartzea debekatuta ez izatea.
- Eskaera egiten den unean urtebeteko lan-eskaintza izatea.
- Espainiar Estatuan bizi diren beste atzerritar batzuekin familia-loturak egiaztatzea (lehen mailakoak), edo gizarteratuta dagoela egiaztatzen duen udalaren txostena aurkeztea.
Abenduaren 30eko 2393/2004 Errege Dekretuaren 45.2 artikuluak, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa onartu zuenak –atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta horien integrazioari buruzkoa–, honela dio: “errotze-arrazoiak tartean izanez gero, bizileku-baimena eman ahal izango zaie baldintza hauek betetzen dituzten atzerritarrei:
(...)
b) Espainian, gutxienez, hiru urtetan jarraian bizi izatea, Espainian eta haien lurraldean zigor-aurrekaririk ez izatea, eskaeraren unean, gutxienez, urtebeteko lan-kontratua izatea —langileak berak eta enpresariak sinatua—, eta espainiar Estatuan bizi diren beste atzerritar batzuekin familia-loturak egiaztatuta izatea; edo gizarteratuta daudela egiaztatzen duen txostena aurkeztea, haien ohiko bizitokiko udalak egindakoa.
Helburu horretarako, familia-loturak hauek izango dira: ezkontideak, familiako zuzeneko aurrekoak eta familiako zuzeneko ondorengoak.”
Era berean, 46.2.c) artikuluak hau dio:
“Udalak errotzea txosten bidez egiaztatzen duenetarako, txostenean interesatuaren datu hauek agertuko dira: bizi den helbidean zenbat denboran bizi izan den, bizimodua aurrera ateratzeko adina baliabide ote dituen, erabiltzen diren hizkuntzak ba ote dakizkien, inguruko gizarte-sareetan sartuta ote dagoen, herri-erakundeetako eta erakunde pribatuetako gizarteratze- eta laneratze-programetan parte hartzen ote duen, eta errotze-maila zehazteko baliozkoa izan daitekeen beste edozein aipamen.
Atzerritarrak bizimodua aurrera ateratzeko adina baliabide badituela egiaztatuz gero, udalak gomendioa egin dezake atzerritarra lan-kontratuaren beharretik salbuesteko”.
Artikulu horiek uler daitezen Pasaiako Udalak informazio-liburuxka bat prestatu du zortzi hizkuntzatan, honako hauei buruzko azalpenak emateko: GIZARTE-ERROTZEA, FAMILIA-ERROTZEA eta ENPLEGU-ESKAINTZAREN BEHARRETIK SALBUESTEKO GOMENDIOA.