Pasaiari Buruzko Datuak: Hiri Ingurunea, Geologia, Klima eta Etxebizitzen Okupazioa

Geografia

Hiri-ingurunea

Pasaiako udalerria Donostia-San Sebastián eremu funtzionalaren baitan dago. Donostiaren eta Errenteriaren artean dago, Lurralde Antolaketarako Zuzenbideek osoko hiri-eremutzat jotzen duten hiri-continuumean, hain zuzen.

1991ko erroldaren arabera, Pasaian bizi ziren 18.302 biztanleak hiri-eremuak urte horretan zeuzkan 245.215 biztanleen % 7,5 ziren orduan. Horrela, bada, udalerriaren batez besteko dentsitatea 1.619,4 biztanlekoa zen km²-ko, eremu funtzionalaren batez bestekoa baino aski altuagoa bera (1000 biz./km² 0 gutxi gorabehera), baina osoko hiri-eremuaren parekoa.

Udalerriaren azalera, badia ere kontuan hartuz bokaletik bertatik (85,5 Ha.) 1.227,1 Ha-koa da. Mendebaldetik eta hegoaldetik, Donostiarekin egiten du muga; ekialdetik, Hondarribiarekin eta Lezorekin; eta hego-ekialdetik, Errenteriarekin.

 

Geologia

Ikuspegi fisikotik begiratuta, Oiartzun ibaiaren arro isurlearen ezaugarriak ditu, bertan baitago lekutua. Udalerria nabarmen baldintzatzen dute elementu fisiko hauek: batetik, Jaizkibel eta Ulia mendiek, barne-bailara eratzen baitute; bestetik, badia naturalak, arroaren hondoan dagoenak. Jaizkibel (543 m) eta Ulia mendiak tertziarioko materialen gainean daude. Kota altu horietatik udalerriko kotarik baxuenetara, hau da, portu-eremura eta Antxora -kuaternarioko materialez eratua-, mazela aldapatsuak nagusitzen dira eta mazela horiek lurrazaleko isurketek eratutako zeharkako ibarbideek lotzen dituzte.

 

 

Klima

Ikuspuntu hidrografikotik begiratuta, bi arro isurle daudela azpimarratu beharra dago. Alde batetik, Jaizkibel eta Uliako ipar mazelen arroa dugu, itsasora zuzenean isurtzen duena; bestetik, Oiartzun ibaiaren arro isurlea, udalerriaren gainerakoa hartzen duena. Lurrazaletik doazen bi ur-korronte horiek ez dute aparteko emaririk, eta azken urteotan zikinkeria ugari pilatu da bertan, hiriko eta industrietako ur zikinak zuzenean isurtzen baitira bertara.

Klimari dagokionez, ozeaniar klima du zonalde honek: tenperaturak ertainak dira, eta ez du urtaro lehorrik; urte batetik bestera gorabehera plubiometriko handiak izaten dira.

Balore plubiometrikoak oso altuak dira, oro har. Urteko batez bestekoa 1.700 mm-koa izaten da arroaren mendebaldeko muturrean (Herrera, Mirakruz gaina), eta 2.000-2.3000 mm-koa Oiartzun-Molinao eremuan eta eremuaren hondo menditsuan.

Hilabeteka hartuta, bi maximo plubiometriko antzematen dira eurien banaketan: garrantzitsuena neguan (azarotik otsailera) izaten da eta udaberrikoa (martxotik maiatzera) arinagoa izan ohi da. Urtaro lehorrik ez dago, baina udako gutxienekoa nabarmena izaten da (ekaina, uztaila eta abuztuan).

Urteko batez besteko tenperatura 12,8 ºC-koa izaten da; urtarrilekoa 6, 7 gradukoa da eta 18,5 gradukoa abuztukoa; horrenbestez, urteko tenperatura-aldaketa ez da hain nabarmena izaten. Bataz besteko altuenak 23ºC-koak izaten dira abuztuan, eta baxuenak 5ºC-tara iristen dira urtarrilean. Gehienezko tenperatura absolutuak 37,7ºC-tara irits daitezke udan, afrikar kontinenteko aire masen eraginez, eta gutxienezko absolutuak 0ºC ingurukoak izan daitezke neguan, iparretik datozen aire masen ondorioz.

Izozte arriskua 157 egunetan zehar izaten da, azaroaren 12tik apirilaren 19ra bitartean, hain zuzen.

Oiartzungo arroa, eta bereziki badia ingurua, oso ongi babesten eta isolatzen dituzte itsasoaren eraginetatik Jaizkibel eta Ulia mendiek. Horregatik, behaketa eolikoek emaitza hauek ematen dituzte: barealdiak dira % 36,8 eta uztailean, abuztuan eta irailean agertzen dira maizenik. Hego-mendebaldeko haizeak dira nagusienak (% 16,6), eta ondoren, ipar-mendebaldekoak (% 12,2) eta iparrekoak (% 11,4). Gainontzekoek apenas dute garrantzirik, ez baitira inoiz % 6,1 gainditzera iristen.

Topografia- eta klima-ezaugarriak (plubiometria ezik) eragile negatiboak dira arroaren barreiatze atmosferikoaren ahalmenerako. Barealdien eta haize leunen maiztasunak, somatutako inbertsio termikoek, lainoek eta hezetasun handiek murriztu edo ezabatu egiten dute zenbait unetan eguratsaren barreiatze ahalmena, eta kutsadura-prozesuak larriagotu egin daitezke eguraldi antiziklonikoak izanez gero, edo kutsagarrien asaldurak dakarren gehiegizko hezetasuna medio.

 

Populazioa eta etxebizitzen okupazioa

Populaketari dagokionez, Pasaia hiru barrutitan antolatuta dago: lehenengo biak, San Pedro-Trintxerpe eta Donibane, alegia, Ulia eta Jaizkibel mendi-magalen behealdean  daude, hurrenez hurren; eta hirugarrena, Antxo, Molinao itsasadarrean lehortutako eremuan. Antxok topografia laua du, ez, ordea, beste barrutiek; izan ere, mendi mazelak kolonizatuz garatu dira badiaren ertzetik beretik 75 metroko kotaraino Trintxerpe, eta 35-40 metroko kotaraino Donibane.

Guztira 6.500 etxebizitza daude (1991ko erroldako datuak), eta % 87 lehen bizitegia dira, azken erroldetan bigarren bizitegitzat aitortu direnen ehunekoa oso baxua da (% 2). Okupazio-maila baxua da teorian, 2,8 pertsona etxebizitzako, baina etxebizitza nagusiak bakarrik hartuz gero, okupazio-maila hori igo egiten da eta etxebizitzako 3,2 pertsona bizi direla ikusten dugu. Atal honekin amaitzeko, azpimarratu beharrekoa da okupazio moderatu honen aldean badagoela eraikuntza-pilaketa handi bat, dentsitate ikaragarri handiak hartzen dituena. Horren adibide dugu Antxo iparra; han, hektareako 251,1 etxebizitzakoa da dentsitatea. Euskadi eta Ulia Etorbideetan bertan ere, 170 etxebizitzako dentsitatea dute hektareako.