Gazte lokalak
Pasaiako Udalak “gazte lokalen” fenomenoaren inguruko parte-hartze prozesu bat abiatu du.
Aipagai dugun fenomenoa begirada konplexuago batekin aztertu asmoz, Pasaiako Udalak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan. Gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalen fenomenoaren gogoeta bizikidetza-ikuspegi baten oinarrian egin nahi dugu.
Herritarren arteko bizikidetza protokolo bat adosteko zein aukera dauden aztertu nahi dugu, eta horretarako, bizilagunen bizipenak eta iritziak ere ezagutu nahi ditugu.
Horregatik jartzen gara harremanetan zuekin, gazte lokal bat duen komunitateko bizilagun zareten aldetik.
Prozesuan zehar antolatuko ditugun solas edo elkarguneak bi norabide nagusitan planteatu nahi ditugu:
1. HERRITARREN ARTEKO ELKARBIZITZA HOBETZEKO AUKERAK ETA PROPOSAMENAK AZTERTU NAHI DITUGU
Lokalak ingurune jakin batean daude eta ingurune honetan interakzioa dago. Nolakoak dira bizilagun eta pertsonen arteko harremanak? Hobetu nahi ditugu? Nola?
2. GAZTEEN LOKALETAKO JARDUERA EROSO ETA SEGURU BAT GARATZEKO BALDINTZAK ZEHAZTU NAHI DITUGU
Lokaletako erosotasun eta segurtasuna hobetzeko zer hartu behar da kontuan?
Zuen iritzi eta beharrak ezagutu nahi ditugulako, antolatu diren bileretera gonbidatu nahi zaituztegu, gazte lokalen erabiltzaile, lokalen jabe, adin txikiko gazte horien guraso eta orokorrean gai honetan interesatuta egon daitekeen edozeinekin batera.