Ez geratu atean, sartu kalitatean euskaraz
"Ez Geratu Atean, Sartu Kalitatean"
Zertan datza?
“Ez gelditu atean, sartu kalitatean euskaraz” Pasaiako establezimenduetan erosteko eta kontsumitzeko, eta euskaraz erosteko eta kontsumitzeko sortu da honako mezu hau. Euskaraz hitz egiteak kalitatea ematen dio hizlariari, eta euskaraz eginez gero, kalitatezko tratua ematen zaie euskaldunei. Plusa erantsi behar zaio dendari.
Sentsibilizazio-kanpaina honen bitartez, ikusgai gelditzen da zerbitzua euskaraz eskaintzeko merkatari ugari dagoela, eta hitzarmena sinatu dutenek konpromiso handia hartu dutela. Horrekin guztiarekin, herritarrei jakinarazi nahi zaie udalerriko hainbat merkatari prest daudela eta gogoa dutela euskaraz hitz egiteko, eta bezeroekin tratua eta negozioak euskaraz egiteko. K zigilua duten merkatariak, gainera, sinetsita daude zerbitzua euskaraz emanez, dendariaren eta bezeroaren arteko harremanari kalitatea eransten zaiola. Horretan datza kanpainaren mamia.
Dendarien xedea lehen hitza euskaraz egitea da, eta bereziki, komertzioetara bertaratzen diren haur eta gazteei, eta horiei laguntzen joaten direnei. Ekimen horri herritarrek erantzuna eman behar diote, dendetan euskaraz kontsumituz.
Nola parte hartu?
Parte hartzeko bi bide landu dira:
- K txiki bakarra duen eranskailua jarriz: zerbitzua euskaraz ematetik gertu daudenek jarriko dute. Eranskailua lortzeko baldintzak bi dira: errotulu nagusia euskaraz izatea eta euskaraz ikasten aritzea. Zerbitzua euskaraz emateko gaitasun osoa izan ez arren, aukera bat ematen zaie egitasmo honetan parte hartzeko.
- Bi k txikiko pegatina jarriz: zerbitzu osoa euskaraz emateko gaitasuna dutenek eta hala egiteko konpromisoa sinatu dutenek jarriko dute.
Kanpaina honetan parte hartzeko Pasaiako Udalaren Euskara Sailarekin harremanetan jarri, telefono zenbaki honetara 943004330 deituz, edo merkataritzaneuskaraz@pasaia.net posta elektronikora idatziz.
Ekimenak:
Behin konpromisoa hartu eta gero, ekimen hauek jarriko dira abian:
- Herritarrei hitzarmena sinatu duten denden zerrenda ezagutzera emango zaie, prentsan argitaratuz eta bisita gidatuak eginez, udalerriko ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleekin.
- On-line euskara ikastaroak merkatarientzat
- Prestakuntza-ikastaroak euskaraz, merkatarien beharren arabera.
Parte-hartzaileak:
Lau barrutietako 60 dendak eta establezimenduk hartu dute euskara erabiltzeko konpromisoa. Ondoko estekan mapa batean kokatuta agertzen dira guztiak:
Kanpoaldeari dagokionez, egitasmoarekin bat egin duten dendariek kalitatearen K ikurra duen eranskailu berezia izango dute dendaren atarian, eta banatzen dituzten poltsek ere logotipo bera izango dute. Tabernetako eta jatetxeetako zapietan ere K handia daraman irudia agertuko da.