Plan estrategikoa

PASAIAKO EUSKARAREN PLAN ESTRATEGIKOA 2022-2030

Pasaiako Udalak duela 10 urte egin zuen Euskararen lehenbiziko Plan Estrategikoa. Haren indarraldia amaituta, bigarren plan estrategikoaren osaketan aritu da Bokale deritzon Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea. Bokale osatzen dute Udalarekin batera Pasaian euskara sustatzeko lanean dabiltzan hainbat arlotako eragilek: ikastetxeak, euskaltegiak, barrutietako euskara batzordeak, merkatariak, gazteen aisialdiko eragileak...

Handia da azken hamar urteotan Pasaiako Udalak eta herriko eragileek elkarlanean egin dugun lana, eta lorpenik handiena, seguruenik, elkarrekin sortu dugun egitura izan da; izan ere, sektoreka ari gara orain lanean euskarak herrian dituen erronkei heltzeko orduan, eta egitura horren barruan ari gara elkarlanean lau barrutietako elkarteak eta eragileak. Egitura hori aintzat hartuta aritu gara, hain zuzen ere, plan berria diseinatzeko lanetan: alde batetik, barrutika, bakoitzaren izaera eta errealitatea desberdina baita; bestetik, sektoreka edo lan-mahaien arabera.