Etxean bizi

ORIENTAZIO ZERBITZUA ETXEAN BIZI PROIEKTUAREKIN BATERA

Etxean bizi programaren bidez esku hartuz, pasaiako gizarte-langileei ariketa fisiko sorta erraz batzuk eskaini zaizkie, haiek artatzen dituzten herritarrei gomendioak emateko. Era berean, elkarrekin lankidetzan aritzeko orientatzailearen laguntza ere eskura izan dute. 

Gizarte zerbitzuetatik deszentralizatu diren bestelako eskaintzekin batera, mendekotasuna duten pertsonek euren etxeetan bizitzen jarrai dezaten programa pilotu hau landu dugu lehenengo aldiz Pasaian, Udaleko gizarte zerbitzuen, Osasun Sailaren eta hirugarren sektoreko eragileekin elkarlanean.

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/etorkizunaeraikiz/-/etxean-bizi

Etxean Bizi programa pilotua mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendua da, adindunek beren etxeetan bizitzen jarrai dezaten. Programa horren bidez, osasun eta gizarte arloko arreta integratua bermatzeaz gain, erabiltzaileen nahiz haien zaintzaileen behar eta lehentasunak hartzen dira kontuan. Eta egitasmo horretan Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) zerbitzua txertatu da, Etorkizuna Eraikiz foru ekimenaren barruan dagoena. Etxean Bizi programaren helburu nagusia da mendekotasun egoeran dauden eta beren ingurune familiar eta komunitarioan bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Eta laguntza behar dutenean ere etxean bizitzen jarraitu ahal izatea. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Gipuzkoako adineko pertsonen % 80 baino gehiagok jarraitu nahi duela beren etxeetan bizitzen, baita laguntza behar badute ere.

Hortaz, programa hau sortzearekin batera, Gipuzkoako arreta eredua birformulatu egiten da, eta laguntza eta arreta eskaintzen zaie mendekotasun egoeran dauden lagunei eta aukera honetaz baliatu nahi duten guztiei. 

Arestian aipatutako KOZ zerbitzuarekin ekiteko ikerketa-ekintza bat diseinatu da. Hainbat ereduren eraginkortasunari buruzko informazioa bildu ondoren, lanketa bat egin da erabiltzaile eta zaintzaileei egokitzen zaizkien zerbitzuak hornitzeko moduaz, bizi kalitatearen hobekuntzaz eta beste hainbat aldagai soziosanitarioz.