Dinamika
Elkarlanean oinarritutako partaidetza-dinamika da proiektuaren ezaugarririk nabarmena.
Proiektuaren dinamika, sortu diren 3 lan-taldeen bitartez gauzatzen da. Horietan, proiektuaren koordinatzaileak, elkarteen ordezkariek eta udal teknikariek parte-hartzen dute. Behar eta kezka oso desberdinak dituzten elkarteak biltzen dira hilabetean behin.
Egun ondorengo 3 lan-taldeak martxan daude:
1-Elkartera jendea erakartzeko lan-taldea
Lan-talde honek elkarteen jarduerak haur eta nerabeei ezagutaraztea eta haiei parte hartzeko gogoa sortzea du helburu. Horretarako, proiektua gizarteratzeko hainbat lan-ildo zehaztu dira, besteak beste, hauek: proiektua aurkezteko eta gizarteratzeko komunikazio kanpainak prestatu, elkarteen jardueren berri emateko estrategiak landu eta elkarteen lana baloratu eta goraipatu.
2-Haur eta nerabeen babeserako lan-taldea
“Tratu ona nahi dut, pasa hitza” lelopean lan-talde honetan haur eta nerabeen babeserako plana garatzen da. Haurrak zaintzea eta babestea herritar guztion erantzukizuna da; haiek baitira gure herriaren etorkizun.
3-Lokalen lan-taldea
Lan-talde honetan elkarteek instalazioekin dauzkaten arazoak eztabaidatu, eta haien beharrak jasotzen dira. Behar horiei irtenbidea ematea da, hain zuzen ere, lan-talde honen helburua.
Dinamika honetan, gune misto bat dago, Elkarteen Gunea deritzona, eta proiektuaren ardatza dena. Bertan, haur eta nerabeekin lan egiten duten kultur, asialdi eta kirol arloko elkarteen ordezkariek hartzen dute parte, eta horiez gain, proiektuko koordinatzaileak, udal politikariek eta udaleko teknikariek ere bai. Elkarteen Gunea hiru hilabetean behin antolatzen da.
Gune orokor honetan hartzen dira erabakirik garrantzitsuenak: lan-taldeetan sortzen diren kezkak eta proposamenak eztabaidatzen dira, eta denen iritzia kontuan harturik, horiei erantzuna ematen zaie.