Blas de Lezo etxea

"Blas de Lezo" Etxea

Pasai San Pedroren hirigune historikoaren bihotzean kokatuta dago, kale estu eta pintoreskoan, arrantzaleen kofradiatik eta parrokia-elizatik hurbil. Blas de Lezoren etxea silarriz egina dago eta familiaren armarri ederra du horman. Gainera, ezin hobeki kontserbatu da. Eraikinak oinplano angeluzuzena du, eta teilatuak, bi isurialde. Pasaiako marinel famatuenaren izena du, bertan jaio baitzen Blas de Lezo.

Blas de Lezo Patapalo almirantea, armadako jenerala, Pasaian jaio zen 1688an. 1701ean, itsas guardian sartu zen eta, 1704an, jada Espainiako ondorengotza-guda hasia zenean, borrokari ekin zion Frantziako eskuairako tripulatzaile modura, eta Ingalaterrako eta Holandako indar bateratuen aurka aritu zen Velez Malagaren aurrean egindako batailan. Bertan ezkerreko hanka galdu zuen, kanoi-bala baten ondorioz. Almirantea bera txundituta utzi zuen egoera tamalgarri hartan izandako lasaitasunak.

Borrokan erakutsitako ausardiagatik eta soseguagatik saritu egin zuten, eta itsasontziko alferiz lehenengo eta ondoren itsasontziko teniente izendatu zuten. Tolonen Santa Catalinako gaztelua defendatzen izan zen eta ezkerreko begia galdu zuen han. Bartzelonan Felipe V.ari laguntzeko zenbait konboiren buru izan zen eta ingelesen zaintzari iruzur egin zion. Halako batean, indar handiagoa zuen taldeak inguratu zuen, eta, larri izan arren, irten egin zen handik. Horretarako, jarraitzen ari zitzaion itsasontziren bat erre zuen. Horren bidez, inguratzen zuen zirkulua puskatu zuen.

 

1713an, itsasontziko kapitain izendatu zuten. Geroago, berriz, Bartzelonako bigarren setiora eraman zuten. Bertan, eskuineko besoa galdu zuen. Garai hartan fragataren buru zen eta hamaika itsasontzi britainiar harrapatu zituen; besteak beste, Stanhope izen handiko itsasontzia, ondo armatua eta hornitua zegoena. Ondorengotza-guda amaitu zenean, 1723an, Lanfranco bandera-ontziaren ardura eman zitzaion, baita hegoaldeko itsasoetako eskuairaren agintaritza ere. Itsaso Bareko kostaldeak piratarik gabe utzi eta Holandako nahiz Ingalaterrako hamabi itsasontzi harrapatu zituen.

1725ean, Perun ezkondu zen eta, 1730ean, Espainiara itzuli zen. Orduan, Mediterraneoko Itsas Eskuairaren Buru izendatu zuten. Genoako Errepublikaraino joan zen San Jorge Bankuan geldiarazita zeuden Espainiaren 2.000.000 peso kobratzera. Gainera, hiria bonbardeatzeagatik kalte-ordain modura Espainiako banderari salbuespenezko agurra egin behar zitzaion. Bere jarrera kementsuaren aurrean, Genoako senatuak berehala eman zuen amore.

 

 

 

1732an, Oranerako espedizioa egin zuen Santiago itsasontzian. 54 itsasontziren eta 30.000 gizonen buru izan zen. Oran menderatu egin zuten, baina Bay Hassanek berriro bildu zituen tropak eta hiria inguratu zuen, baita estualdi larrian jarri ere. Blas de Lezo laguntzera joan zen sei itsasontzi eta 5.000 gizon hartuta. Aljeriako pirata uxatu zuen, borroka bizia izan ostean. Bere itsasontziari jarraitu zioten, 60 kanoi izan arren, eta Mostaganeko badian babestu zen, bi gaztelu eta 4.000 mairu baitzeuden. Horrek ez zuen Lezo izutu eta Aljeriako itsasontziaren atzetik sartu zen gotorlekuetako sua erdeinatuz. Su eman zion eta, gainera, kalte handiak eragin zituen gazteluetan. Ondoren, hilabete askoz itsaso haietan ibili zen eta Aljeriakoek Konstantinoplatik laguntza jasotzea saihestu zuen. Izurritearen ondorioz Cadizera itzuli behar izan zuen.

1734an, Erregeak bere zerbitzuak saritu eta armadako jeneral izendatu zuen. 1737an, Amerikara itzuli zen, Fuerte eta Conquistador izeneko itsasontziekin, eta Cartagena de Indiaseko komandante nagusi izendatu zuten. Toki hori Sir Edward Vernon almirante ingelesaren erasoetatik defendatu zuen eta Espainiako armadarentzat handia izan zen.