Bir-ziklatu
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean, Bir-Ziklatu proiektua jarri du abian. Proiektu horren helburua da, Gipuzkoan, bizikleta abandonatuak edo erabilerarik ez dutenak berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta baloratzeko sistema publiko-sozial bat ezartzea pixkanaka.
Bir-Ziklatu sortu da, bizitza erabilgarria amaitu ez arren, kalean abandonatzen diren, eta udal-biltegietan edo hondakinen tratamendu-zentrotan metatzen diren bizikletei irtenbidea emateko. Herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko eta hondakinak alferrik ez sortzeko, bizikleta horiek berreskuratzeko helburuarekin, proiektu honek kontsumitzeko beste modu bat sortzen du. Modu horrek, gainera, ekitate sozialaren alde lan egiten du.
Bir-Ziklatu proiektuak lau esparrutan lan egitea planteatzen du, bizikletak berreskuratzeko prozesu osoa kudeatuko duen gizarte-oinarri sendoarekin antolakuntza-proiektu bat ahalbidetzeko. Hona hemen jarduera-esparru horiek:
- 1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoan hiri-hondakin solidoak kudeatzeaz arduratzen diren mankomunitateen arteko lankidetza-hitzarmenak formalizatzea. Horri esker, hondakinen bilketa-, aukeraketa- eta tratamendu-prozesuetan bizikleten eta hauen osagaien tratamendu bereizia ziurtatu nahi da; gerora, bizikleta horiek irabazi-asmorik gabeko erakundeei emateko, hauek bizikletak konpondu eta berrerabil ditzaten.
- 2. Irabazi-asmorik gabeko tailer kolaboratiboak sortzea, erabilerarik ez duten edo abandonatuak daude bizikletak konpontzeko eta berrerabiltzeko. Bizikleta horiek Gipuzkoako hiri-hondakin solidoen kudeaketa-zentroetatik jaso ahal izango lituzkete, baita beste hornidura-kanal batzuetatik ere, adibidez, udalen jabetzako ibilgailuen gordailuetatik.
- 3. Erabilerarik ez duten bizikletak konpontzeaz, birziklatzeaz eta berrerabiltzeaz arduratzen diren erakundeek osatutako sare bat antolatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, sare horrek ekintza adostu eta koordinatu baten esparruan jardungo luke.
- 4. Berreskuratutako bizikleta horientzako kalitatezko labela ezartzea, gizarte- eta ingurumen-baldintza jakin batzuk betez, gizarte-ekimeneko erakundeek konpondu dituztela ziurtatzeko.
Pasaiako udalerrian Trintxerpe Atletiko Klubak hartuko du parte ekimen horretan.
San Markoseko Mankomunitatearekin ezartzen den lotura alde batera utzita, Pasaiako Udaltzaingoak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Departamentuarekin lankidetzan, udalerrian dauden aparkaleku guztiak urtean bitan berrikustea proposatu du, horien erabilera antolatu eta errazteko, bai eta erabileraz kanpo ikusten diren bizikleta guztiak berreskuratzeko ere, baldin eta haien ezaugarriak direla-eta zirkulatzeko prest ez badaude.