Udal-jardunaren markoa berdintasunaren alorrean Pasaiako I. Berdintasun Plana (2016-2020)
Emakumeen parte-hartzeari buruzko diagnostiko bat egin zuten Pasaian 2008. urtean. Diagnostiko haren ondorioz sortu ziren Berdintasun Arloa eta Jabekuntza Eskola.
2015ean ordu hartako argazkia eguneratzea eta zabaltzea beharrezkotzat jo zenez, ezinbestean, Pasaiako emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostiko bat egin zen, gerora, udalerriko errealitateari egokitutako Berdintasunerako Plan bat diseinatzeko, generoaren ikuspuntua txertatzea funtsezkoa baita berdintasun politika guztietan.
Hori horrela, Pasaiako Udalak 2015. urtean emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoa egin du, eta proposatutako ondorioei jarraiki, 2016-2020 eperako Pasaiako I. Berdintasunerako Plana egin du, maiatzean osoko bilkuran onartu dena. Plan horren bitartez ezarri dira berdintasunerako politiken oinarriak.
Hortaz, jarduerak garatzeko eta bultzatzeko Pasaiako Udalak oinarrian izango ditu Pasaiako emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko I. Plangintzan jasotako lan-lerro eta helburuak.
Talde-lanean egindako prozesuak datozen urteetan garatzekoa dugun jardunaren oinarriak eta ardatzak zehazten lagunduko digu. Udalerriko eragile politiko, tekniko eta sozialen parte-hartzearekin landutako plana 2016ko maiatzaren 31n onartu du aho batez Pasaiako Udaleko Udalbatzak, hortaz, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesa izan du.
Planean hurrengo urteetako ardatz eta helburuak zehazteaz gain, helburuak lortzeko ekintza-zerrenda jasotzen da. Dokumentua oinarritzat harturik, urtez urte berdintasunaren inguruko plangintza zedarrituko da.
Planeko ardatz eta helburu nagusiak honako hauetan jasotakoa betez aukeratu dira: Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakume eta gizonen Berdintasunerako VI. Plana; Emakume eta gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana eta Pasaiako emakume eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoa.
1. GOBERNANTZA
Lehenengo atalaren helburua da Berdintasunaren aldeko Gobernantza bultzatzea, alegia, berdintasunerako oinarriak txertatzea erakundeetako eta udaletako politiketan, horrela izango baita esku-hartze publikoa eraginkorragoa, sinesgarriagoa eta parekideagoa.
Pasaiako garapen iraunkorra ziurtatu nahi da, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko benetako konpromisoa hartuta eta Berdintasuna gobernagarritasun printzipio bihurtuta.
Gainerako 3 atalek egunoroko bizimoduari dagozkio, izan ere ezinbestekoa da parte-hartze publikoa generoaren gainean lehendik dauden orbanak baztertzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko bidean aurrera egiteko.
2. BALIOAK ALDATZEA ETA EMAKUMEAK AHALDUNTZEA
Emakumeen autonomiarako bideak sortzea, balio patriarkalak bizitzaren iraunkortasunerako balioak bihurtuz.
Arlo eta erabakitze postu guztietan emakumeen presentzia bermatzea.
3. INDARKERIA MATXISTA DESAGERRARAZTEA
Indarkeria matxista Pasaian errotik kentzea eta lehentasun politikoa izatea. Pasaia herri segurua eta indarkeria matxistarik gabeko bihurtzea.
4. BIZITZAREN IRAUNKORTASUNA ETA ZAINTZEN BALIOA
Zaintzarako eredu berri bat sustatzea, bizitzaren iraunkortasunaren alde egindako ekarpena kontuan izanda.