Tokiko administrazioetatik Berdintasun-politika aurrera eramateko estrategia

Berdintasun Politika

Zeharkakotasun-ikuspuntua barneratzen duen Politika integrala bultzatuz:

Genero ikuspegiaren integrazioan datza, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontuan hartzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzean datza.

Politika integrala gauzatu ahal izateko, aurrekontuetan lekua izan beharko du gai honek.
Genero-aurrekontuen helburua aurrekontu publikoen baitako politika publikoek emakume eta gizonengan duten eragina aztertzean datza. Nahiz eta normalean aurrekontua generoarekiko neutroa den tresnatzat hartu, emakume eta gizonen aipamen zuzenik ez dagoelako, neutraltasun-itxura hori ez da erreala.

Beraz, horrelako azterketa egitea guztiz beharrezkoa da udaletxeko politikek berdintasunaren apustuan egiten duten ekarpena eta sartu beharreko aldaketak zehazterako orduan.

 

Berdintasunerako bermeak, tresnak sortuz:

  • Berdintasun-arloa
  • Berdintasun Teknikariaren lanpostua
  • Berdintasun Plana osatu, burutu eta ebaluatu
  • Emakumeek parte hartzeko batzordea, organoa sortu
 

Emakumearen aurkako biolentziari edo genero biolentziari aurre egiteko Politika eraginkorra sendotu:

Emakumeon kontrako indarkeria, indarkeria patriarkarra, emakume eta gizonengan eragiten duten baldintza sozio-kulturalen ondorioz emakumea gizonarekiko mendekotasun-maila batean kokatuz, emakumeok sufritzen dugun indarkeria bezala definitzen dugu.
Genero-indarkeria jendarte patriarkarraren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazle latzena da. Beraz, gizon eta emakumeon arteko harreman hierarkikoetan du jatorria, eta jendarte honek eragiten dituen diskriminazio-egoera guztietan, oinarria. Emakumeok jendartean sufritzen dugun gutxiestetik eratortzen da. Egiturazko arazoa izanik, jendartearen eraldaketa sozialean dago hura gainditzeko gakoa.
    

Geure interbentzio-eremuak honako hauek izango dira:

Prebentzioaren eremuan:
Udaleko sail guztietan prebentzio-planak burutzea; Kulturan, Hezkuntzan, Hirigintzan, Gazteria eta Kirol arloan, Euskara arloan, Gizartekintzan, eta abar.

Erantzun koordinatuen beharra:
Administrazio ezberdinek eskuduntza ezberdinak izateak neurriak koordinatzea eskatzen du, eraginkorrak izan daitezen.

Kontzientziazio-eremuan:
Sentsibilizazio-kanpainak herritarrentzako, baita beste eragile sozial, sindikal eta elkarteentzako ere.