Galderak

AURREKONTUEI BURUZKO OHIKO GALDERAK

  1. Zer da udal aurrekontua?

  2. Aldaezinak al dira diru-sarrera eta gastuen zifrak, urte osoan?

  3. Nola lantzen da aurrekontua?

  4. Zer da aurrekontu-luzapena?

  5. Nola sailkatzen dira diru-sarrerak?

  6. Nola sailkatzen dira gastuak?

  7. Zer da aurrekontu-partida bat?

  8. Zertaz ari gara "aurrekontu-kreditu" esaten dugularik?

  9. Zein diferentzia dago udal aurrekontuen eta aurrekontu bateratuen artean?

  10. Nolakoa izan liteke udal baten zorra?

  11. Zer da aurrekontu-likidazioa?

  12. Zer da "aurrekontu-egonkortasuna"? Eta "finantza-iraunkortasuna"?

1. Zer da udal aurrekontua?

Udalaren urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena biltzen duen dokumentua da. Zertan eta zenbat gastatzen den finkatzen da aurrekontuan, eta gastu hori nola finantzatzen den, diru-sarreren bitartez. Baldintza hau bete behar du beti aurrekontuak:

DIRU-SARRERAK - GASTUAK >= 0

Esan nahi da gastuak ezin direla izan, inolaz ere, diru-sarrerak baino handiagoak.

Itzuli gora

2. Aldaezinak al dira diru-sarrera eta gastuen zifrak, urte osoan?

Ez nahitaez. Aurreikuspen-dokumentu bat da aurrekontua, eta aurreikuspenak alda egin litezke, nahiz eta aurrekontua lantzen denerako hainbat gastu-partida jakinak izan. Aurrekontuan jasotako gastuen edozein kopuru edo helburu aldatzekotan, kreditu-aldaketa onetsi beharra dago.

Itzuli gora

3. Nola lantzen da aurrekontua?

Gobernu-taldeak zirriborroa lantzen du, eta udalbatzako kide guztiei helarazten, kontu-hartzaile nagusiak egindako txostenarekin batera. Aurrekontu-proposamen bihurtzen delarik, udalbatzan eztabaidatzen da, eta, hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jartzen da, hamabost egunez, interesdunek aztertzerik eta erreklamazioak aurkezterik izan dezaten. Epe horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onetsitzat jotzen da aurrekontua. Aldiz, erreklamaziorik aurkeztuz gero, hilabeteko epea du udalbatzak horiek ebazteko. Behin betiko onespena jaso ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Itzuli gora

4. Zer da aurrekontu-luzapena?

Baldin eta ekitaldi ekonomikoa hasten delarik artean ez bada indarrean jarri dagokion aurrekontua, luzatutzat jotzen aurrekoa, besterik gabe. Epe kontuengatik gerta liteke egoera hori (batzuetan aurrekontua ez da onetsita egoten urtarrilaren 1.erako, eta aldi batez luzatzea ekarri ohi du horrek berekin), edo udalbatzan ez delako akordiorik lortu, aurkeztutako proiektuaren inguruan. Araudian jasota dauden zenbait doikuntza egiteko aukera ematen du luzapenak.

Itzuli gora

5. Nola sailkatzen dira diru-sarrerak?

Izaera ekonomikoaren arabera, diru-sarrerak 9 kapituluetan sailkatzen dira:

  • 1. KAPITULUA: ZUZENEKO ZERGAK. Etxebizitzen, lokalen edo ibilgailuen jabetza zuzenean zergapetzen duten zergak dira, baita enpresa/merkataritza jarduera batek eragindako errenta eta gainbalioak ere.
  • 2. KAPITULUA: ZEHARKAKO ZERGAK. Kontsumoa zergapetzen dute. Ez zaizkio zergapekoari zuzenean aplikatzen; horren ordez, produktu edo merkantzia baten kostuan aplikatzen da; adibidez, egiten diren obren zerga.
  • 3. KAPITULUA. TASAK ETA BESTE DIRU-SARRERA BATZUK. Tributu honek zuzenean interesatuaren onurako zerbitzuak zergapetzen ditu, esaterako, pasabideak, lur azpia okupatzea, markesinak, irekitzeko lizentziak, azoka, musika eskola, haur eskola, udal euskaltegia…
  • 4. KAPITULUA: TRANSFERENTZIA ARRUNTAK. Bi diru-sarrera kontzeptu sartzen dira:
    • 1.- Udal Finantzaketarako Foru Fondoa: Aldundiko Ogasunean herritarrek ordaintzen dituzten zergetan udalek duten zatia (PFEZ, BEZ,…). Aurrekontuaren kontzepturik garrantzitsuena da.
    • 2.- Beste administrazio batzuek jarduera jakin bat finantzatzeko ematen dizkiguten diru-laguntzak, hala nola, euskaltegiko, haur eskolako... gastuak ordaintzeko.
  • 5. KAPITULUA: ONDARE DIRU-SARRERAK. Partikular batek dauzkan diru-sarreren antzekoak dira. Jabetzen edo banku-gordailuen errentengatik sortzen dira edo Udalak dituen kanonen ordainketagatik.
  • 6. KAPITULUA: INBERTSIO ERREALAK BESTERENTZEA. Lurzorua saltzeagatik, beste jabetza batzuk saltzeagatik lortzen diren diru-sarrerak dira gehi legez Udalari kobratzea dagozkion bestelako aprobetxamenduak.
  • 7. KAPITULUA: KAPITAL-TRANSFERENTZIAK. Inbertsioak eta obrak finantzatzeko, beste administrazioen diru-sarrerak edo partikularren ekarpenak dira.
  • 8. KAPITULUA: FINANTZA-AKTIBOAK. Kapitulu honetan, adibidez, akzioen salmentaren emaitza jasotzen da, baita diru maileguen itzulketak edo udal enplegatuei egin zaizkien aurrerakinak.
  • 9. KAPITULUA: FINANTZA-PASIBOAK. Ekitaldi honetarako aurreikusten diren gastuak finantzatzeko eskatzen den kreditua da.

Itzuli gora

6. Nola sailkatzen dira gastuak?

Gastuak hiru ikuspegitik azter daitezke:

  • Lehen sailkapena Izaera ekonomikoarena da, eta honako galderari erantzuten dio: "Zertan gastatzen da?" (soldatak, argindarra...). Sailkapen honek 9 kapitulu ditu:
    • 1. KAPITULUA: PERTSONAL-GASTUAK: Atal honetan Udaleko langile guztien soldatak eta bestelako gastuak sartzen dira.
    • 2. KAPITULUA: ONDASUN ARRUNT ETA ZERBITZUETAKO GASTUAK: Hiriaren funtzionamendu-gastuak dira: argiteria, ura, garbiketa, ikastetxeak mantentzea, parkeak eta lorategiak zaintzea eta abar luze bat, urteko jarduerak gauzatzeko Udalak egindako kontratuak.
    • 3. KAPITULUA: FINANTZA-GASTUAK: Udalak eskatutako mailegu edo kredituen interesak ordaintzea da.
    • 4. KAPITULUA: TRANSFERENTZIA ARRUNTAK: Udalak beste erakunde eta pertsonei ematen dizkien laguntzak eta diru-laguntzak dira elkarteak, klubak eta elkarte publikoei egiten zaizkien ekarpenak.
    • 6. KAPITULUA: INBERTSIO ERREALAK: Partida honetakoak dira udalaren inbertsio errealak. 
    • 7. KAPITULUA: KAPITAL-TRANSFERENTZIAK: Udalak beste entitate batzuei transferitzen dizkien kopuruak dira haiek ere inbertsioak egin ahal izateko, hau da, Udalak ekarpen ekonomiko batez diruz laguntzen dituen obra proiektuak egiteko.
    • 8. KAPITULUA: FINANTZA-AKTIBOAK: Kapitulu honetan, adibidez, akzioen salmentaren emaitza jasotzen da, baita diru maileguen itzulketak edo udal enplegatuei egin zaizkien aurrerakinak.
    • 9. KAPITULUA: FINANTZA-PASIBOAK: Eskatutako mailegu edo kredituen interesak ordaintzea da
  • Bigarren ikuspegiak "Gastua zeinek egiten du?" galderari erantzuten dio (adibidez, Udaltzaingoak, Hirigintzak, Kulturak, etab.). Honi Sailkapen organikoa esaten zaio.
  • Eta hirugarren ikuspegiak "Zertarako gastatzen da, alegia, zein da gastuaren helburua?" galdera du xede (esaterako, gizarte-sustapenerako jarduerentzako). Programen araberako sailkapena edo sailkapen funtzionala da hau.

Itzuli gora

7. Zer da aurrekontu-partida bat?

Diru-kopuru jakin bat biltzen duen adierazpen zifratua da, bai diru-sarreren kasuan, bai gastuen kasuan. Gastuei dagokienez, baliatzen diren hiru sailkapenak (organikoa, funtzionala eta ekonomikoa) batzetik ateratzen da. Partidan dagoen diru-kopurutik kendu behar da idazpen bakoitza, gastu bakoitza. Adibidez: aurrekontu-partida bat dago (aurrekontu-kreditu jakin batekin) liburuak erosteko, eta kontzeptu horretarako bakarrik baliatu ahal izango da diru hori.

Itzuli gora

8. Zertaz ari gara "Aurrekontu-kreditu" esaten dugularik?

Diruaz. Partida bakoitzari aurrekontu-kreditu bat esleitzen zaio urte horretarako, udalbatzak onetsitako diru-kopurua, eta ez dago hori gainditzerik, ez bada organo eskudunak onesten dituen aldaketen bitartez.

Etorkizuneko ekitaldiei dagozkien gastuak ere onets daitezke, eta kontuan izan beharko dira hurrengo aurrekontuetan, lehendik konprometituta daudelako: konpromiso-kredituak dira.

Itzuli gora

9. Zein diferentzia dago udal aurrekontuen eta aurrekontu bateratuen artean?

Udalaren eta bere erakunde autonomoen sarrera- eta gastu-eragiketak osatzen dute Aurrekontu bateratua (Musika Eskola, Euskaltegia eta, 2020a arte, Zaharren udal egoitza).

Itzuli gora

10. Nolakoa izan liteke udal baten zorra?

Bi motatako zorrak bereizten dira Udalean:

  • Urtean bertan itzuli behar dena, hots, epe laburreko kreditu-eragiketak. Diruzaintzako aldi bateko orekarik eza finantzatzeko baino ezin dira baliatu kreditu horiek; ezin dira aurrekontuan ageri, eta kopuru-muga bat dute: ezin dute gainditu aurreko urtean likidatutako ohiko diru-sarreren % 30a.
  • Hainbat ekitalditan itzul daitekeena, hots, epe luzeko kreditu-eragiketak. Epe luzerako kredituek aurrekontuan agertu behar dute, kapital-sarrera gisa, eta inbertsioetarako baliatu behar dira. Ezin da epe luzeko kreditu-eragiketarik hitzartu Udalak aurrezpen garbi negatiboa baldin badu.

Aurrekontuan (edo behar bezala onetsitako aurrekontu-aldaketetan) baimendutako helburu jakinetarako eta ez bestetarako baliatu behar dira kreditu horiek.

Itzuli gora

11. Zer da aurrekontu-likidazioa?

Ekitaldia bukatzean, aurrekontu-likidazioa egin beharra dago. Horretarako, txosten bat egiten du kontu-hartzaile nagusiak, non azaltzen duen nola gauzatu den urteko aurrekontua, baita aurrekontu-orekari eutsi zaion ere. Aurrekontu-likidazioaren egoera toki-erakundearen urteko kontuen parte izan ohi da, eta hiru egoera hauek osatzen dute:

  • Gastuen aurrekontuaren likidazioa: Udalaren gastuen aurrekontua nola gauzatu den adierazten du, eta urtean zenbat gastatu den jakiteko aukera ematen du, zertan eta zeinek.
  • Diru-sarreren aurrekontuaren likidazioa: Udalaren diru-sarreren aurrekontua nola gauzatu den adierazten du, eta zenbat jaso den jakiteko aukera ematen du.
  • Aurrekontu-emaitza: Gastuen aurrekontuaren eta diru-sarreren aurrekontuaren ondorioz abenduaren 31n lortutako emaitzaren berri ematen. Beraz, Udalak ekitaldi horretan izandako superabita edo defizita islatzen du.

Diruzaintzako gerakina

Udalaren finantza-egoera erakusten du, erakustaldia amaitutakoan. Ixten den ekitaldiko eta aurrekoetako datu metagarriak (eta horien emaitza) eskaintzen dituen kontabilitate-egoera da:

  • Positiboa bada, aurrekontu-gastu handiagoen finantzaketa-iturri suertatzen da.
  • Diruzaintzako gerakinak emaitza negatiboa ematen badu, likidezia-eskasia dagoela esan nahi du, eta hurrengo aurrekontua superabitarekin onestera behartzen du Udala, zorpekoaren zenbatekoa xurgatzeko; hau da, diru-sarrerak gehitu beharra dago, edo hasiera batean aurreikusitako gastuak murriztu beharra.

Itzuli gora

12. Zer da "aurrekontu-egonkortasuna"? Eta "finantza-iraunkortasuna"?

Azaroaren 2ko 1463/2007 Errege Dekretuak ezartzen du udal guztiek bete behar dituztela aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak. Hauxe esan nahi dute printzipio horiek:

  • Aurrekontu-egonkortasuna: aurrekontu-oreka adierazten du, edo superabit-egoera, defizit estrukturalik egokitzen ez denean gertatzen dena. Aurrekontu ez finantzarioaren saldoa abiapuntutzat harturik kalkulatzen da, hau da, diru-sarreren 1. kapitulutik 7.era artekoen baturak gastuen kapitulu beren baturaren berdina edo handiagoa izan behar du. Modu bateratuan lortzen da posizio hori, eta aurrekontu-kontabilitatea Estatuko kontabilitatera egokitzen duten zenbait doikuntza tarteko.
  • Finantza-iraunkortasuna: aurrekontu-egonkortasunaren irizpidea sendotzen du. Izan ere, ezartzen du ezen, mailegu-eragiketa berririk hitzartzekotan, Udalak ezingo duela gainditu unean unean indarrean dagoen legedian adierazten den epe luzerako zorraren muga.

Itzuli gora