Arizabalo Jauregia

"Arizabalo" Jauregia

Tokiko eraikuntzarik garrantzitsuenetarikoa da. Jauregia XVII. mendekoa izan daiteke, eta estilo barrokoa du.

Arizabalo abizenak betiere Pasaiarekin zerikusia izan du ia hasieratik. Bertan bizi izan zen lehenengo familietakoa dela esan daiteke. Lope de Isasti kronikariak hau idatzi zuen 1625ean: "portuak garai batean Arrizabala izena hartu zuen". Euskal espresioa da hori, eta portuko kanpoko sarrera babesteko lauza izugarriak aipatzen ditu. Bestalde, parekotasun handia du abizenarekin.

Gaur egun Arizabaloren armarria duen etxea Navejastarrena izan zen orubean dago. Horiek itsas kapitainak ziren eta itsasontziak eraikitzen zituzten. 1625ean, Ana Navejas Adrian Arizabalorekin (Sokoako heroia) ezkondu zen eta litekeen da etxe horretan bizi izana.

1829an, Frantziako jesuitek eskola bat instalatu zuten bertan eta unibertsitateko titulazioak ematen zituzten. 1857an, Pasaiako Portzelanen Erret Fabrika izenekoaren zati bat kokatu zen bertan. XIX. mendearen amaieran, Mercader e Hijo sozietateak bete zuen etxea, itsas merkataritzarako. Mercader enpresak 1927ko apirilean saldu zion PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España, S.A.) enpresari, eta bulego-eraikina izan zen. Industri instalazioak Bizkaia auzoan egin zituen. Orain dela gutxi arte funtzionamenduan izan dira. Etxea merkataritzarako eta industriarako erabiltzeko tradizioa izan da. Hala ere, barne-egitura aldatu arren, kanpoko egitura errespetatu egin da.

Eraikin ederra da. Oinplano laukia du eta estalkiak lau isurialde ditu. Fatxada nagusiak konposizio simetrikoa du, goiko hiru solairuetan baoak errepikatu egiten dira: lau balkoi aurreratu (horma babeslea, balkoia, bao bat azpian itxia, eutsi eta kanpora begiratzeko) oinplano bakoitzean. Erdian, berriz, armarri orlatu (apaindura bere inguruan) ederra dago. Bi dorre ageri dira eta goiko aldean, kasket mototsduna (lumak zati hutsean). Eraikina teilatu-hegal landuak inguratzen du lau aldeetatik. Barrokoa da. Dirudienez, jauregi honen arkitekturak barrokoko euskal etxe-jauregiari erantzuten dio.

Egun udalaren egoitza nagusia bertan kokatzen da.