Argitalpenak

PASAIAKO UDALAREN ARGITALPENAK

Argitalpen guztiak PDF formatuan daude eta doan deskargatu daitezke

EUSKARARI BURUZKO IKERLANAK (soilik euskaraz)

Atal honetan, Pasaiako euskarari buruz egin diren ikerlan argitaratuak soilik jaso ditugu. Hirurak aurretik paperean argitaratutako liburuak dira.
Pasaiako hizkuntzari buruz edo euskararen bilakaerari buruz egindako eta argitaratu gabeko beste azterlan batzuk ere sartuko ditugu aurrerago.

 

- PASAIAKO EUSKAL KRONIKA ZAHARRAK
Antxon Elortegi Bilbao

Pasaiako kultur ondarearen zati bat kroniketan dago. Euskaraz idatzitako kronika horietan jasoa dago, neurri batean bederen, gure herriaren tradizio kulturala: ohiturak, zaletasunak, arrantzaren inguruko gorabeherak, gizarte harremanak, euskarekiko jokabideak eta abar. Gure aurrekoengandik, euskara mintzabide dutela, jasotako kultur ondasuna, alegia. Gure lanaren helburua, beraz, Pasaiako euskal kronikak biltzea eta herriko kronikarien lana ezagutaraztea izan da. Bildutako dokumentazioari esker, eta Pasaiako herri-kazetarien bi-tartez, joan berri den gizaldi baten euskarazko kronikagintza ezagutzeko parada izan dugu.

 

- PASAIAKO EUSKARAREN HISTORIA SOZIALA

Nagore Atela Gurrutxaga - Aurkene Isasi Salaberria - Jon Vicente Beltran

“Ezagutzen ez dena maitatzea ezinezkoa da“, dio esaera zaharrak. Horregatik, gure herriaren historia eta kulturaren errealitatea, eta halaber gure hizkuntzarena ere, ezin da ulertu, ezta errespetatu eta are gutxiago istiman izan ezagutzen ez bada.

Mendeetan zehar gizadiaren ondareari gure nortasuna, gure izaera, gure egiteko eta mintzatzeko era eskaini dizkiogu eta oraindik asko da emateko duguna ere. Baina beti gure ahalmenen garapenetik abiatuz. Globalizazioaz hainbat hitz egiten dugun honetan, gure nortasuna galtzeak denon ahulezia ekarriko luke.

 

- PASAIAKO HIZKERA

Joxe Luis Agirretxe Mitxelena - Mikel Lersundi Ayestaran - Ortzuri Olaetxea Rodriguez

Pasaiako herritik dator notizia... kantatu zuen bertsotan Xenpelar zenak, eta, hara non, berriz ere, Pasaiatik datorren notizia. Berri-emaileak, Joxe Luix Agirretxe lezoarra, Mikel Lersundi, Xenpelar bezala errenteriarra hau ere, eta Ortzuri Olaetxea pasaiatarra ditugu orain. Auzo-kontuak, hortaz; auzoak auzolanean.
1996an Pasaiako udalak bere udalerriko euskararen berezitasunak aztertzeko deia plazaratu zuen jendartean. Dei horri erantzunez aurkeztu ziren egitasmoen artean irabazi zuena da esku artean dugun liburu honen atzean dagoena.

 

 

SORGINARRI BILDUMA (eu - es)

Bilduma honen bitartez Pasaiaren historia eta ondarea ezagutarazi nahi dira; metodologia zientifikoa erabiliz, baina era erraz eta erakargarrian, herritar guztiengana iritsi dadin.

 

1. PASAIA 1805-2005. 200 URTEKO BATASUNA (euskarazko bertsioa 12,8 Mb)

David Zapirain Karrika

Liburu honetan, Pasaiako Hiri berria jaio zeneko –1805eko ekainaren 1ean– historia jasotzen da. Ikuspegi ezin hobea eskaintzen digu, gainera: gipuzkoar udalerri berri bat sortzea aldarrikatzen zuen Karlos IV.aren Errege Agindua eragin zuten gertakari historikoen berri ematen du, baita aitzindarien berri ere, mendeetan zehar eginezina zirudiena ahalbidetu zuten horien berri, hain zuzen.

 

2. ONDARE INDUSTRIALA PASAIAN: DEFENTSA ETA ZABALPENA (euskarazko bertsioa 7,8 Mb)

Egileak: Beatriz Herreras, Josune Zaldua, Mikel Lertxundi, Larraitz Arretxea, Carlos Larrinaga, Alvaro Ricón, Aurkene Alzua, Basagaitz Gereño, Markel Mendizabal
Koordinazioa eta hitzaurrea: David Zapirain Karrika

Argitalpen honetan, Pasaiako industria-ondarearen balioari buruzko zenbait ikuspegi jasotzen dira. Gehienak, Mugimendu modernoari buruzko V. Jardunaldietan azaldu ziren. Industria-ondarea ezagutaraztea eta hura defendatu eta baloratzeko beharra sortzea dira helburu nagusiak.

 

3. PASAIA 1931-1939. ZANPATUEN OROIMINA (euskarazko bertsioa 9,8 Mb)

Xabier Portugal Arteaga

Liburuak kronologikoki aztertzen ditu II. Errepublika aldarrikatu zenetik Francisco Francok gidaturiko altxamendu militarra amaitu arte jazo ziren gertaera politiko garrantzizkoenak, eta haiek pasaitarren bizitzan izan zuten eragina. Baina liburuak ez du bakarrik hamarkada hartako gertaera politikoen azterketa egiten; horretaz gain, argibide ugari eskaintzen du pasaitarren gizarte eta ekonomia bizitzaz, udal eta kultur dinamikaz.

 

4. ARIZABALOTARRAK: ALDAKETA GARAIAK PASAIAN (euskarazko bertsioa: 8,3 Mb)

Juan Carlos Mora Afán

Pasaiako familia ahaltsuenetarikoa izan dugu Arizabalo sendia, batez ere XVIII. mendean zehar. XVI. mendeko Pasaiako izen handien oinordekoa izateaz gain, bere bilakaerak Pasaiakoarekin egiten du bat, gizarte tradizionala eta gizarte industrializatuaren arteko saltoan.

Honekin batera, 20008. urtean Arizabalo jauregian Udaletxearen egoitza kokatu da.

 

5. PASAIA: HASTAPENAK (XIV-XVI. MENDEAK). (euskarazko bertsioak 8,9 Mb)

Iago Irixoa Cortés

Sorginarri bildumaren 5. zenbakiak gure herriaren jatorri eta hastapenen berri ematen digu. Gure barne-badiak eskaintzen zuen abaguneaz gozatzeko, bokalearen bi aldeetan bizileku gisa aukeratu zutenek, badiaren inguruko ikuspuntu orokorra zutela agerian uzten du Iago Irixoak egin duen ikerlanak. Harritzekoa da haiek izan zuten kemena eta adorea, eta benetan interesgarria badian eta badiaren magaletan, nola antolatu ziren ikustea, bai politikoki, bai ekonomikoki, baita sozialki ere.

 

6. LUZURIAGA. Hogeita bost lekukotasun. (Elebiduna, 7,4 Mb)

Koldo Izagirre

XX. mendearekin batera itxi zen Pasaiako LUZURIAGA faktoria handiko hogeita bost langile elkarrizketatu ditu Koldo Izagirrek. Ezohikoa liburua ezohiko protagonistekin: Luzuriagako lantegia erreferentzia nagusia izan zen Portualdean eta Oarsoaldean borroka politiko-sindikalean.

 

7. PASAIA: HIRI-GARAPENA (euskarazko bertsioa 8,7 Mb)

David Zapirain Karrika, Iago Irixoa Cortés

Liburu hau bilduma honen 1. eta 3. zenbakien artean sar daiteke lasai asko (hemeretzigarren mendean duelako abiapuntua eta gerraren aurretik amaitzen delako), eta 2. eta 6. zenbakien pasarteak jasotzen dituelako (izan ere, bietan daude ondare industrialari buruzko testigantzak). Bertan merezitako lekua eman nahi zaie udal artxiboko planoei, irudi horiek oso baliagarriak baitira Pasaia etorkizunik gabeko arrantzaleen herrixka bat izatetik hiri txiki industrial bat izatera nola pasatu den ulertu ahal izateko. Hortaz, hemeretzigarren mendearen bukaeratik badiak izandako aldaketa
sakona irudiz hornitzeko erabili dira planoak: eremuaren bilakaera aztertzen da eta bertan kokatutako lantegiek, etxebizitzek, eraikinek eta giza-taldeak gizarte berri baten sorreran izandako garrantzia nabarmendu nahi izan da.

 

8. PASAIA ATLANTIKOA: ITSAS ONDAREA PASAIAN

Erramun Goienetxe Patrón

Itsas jarduera eta Pasaiako badia lotzen dituzten egoera nagusiak identifikatzen saiatu gara. Egoera horiei dagozkien daturik nabarienak azpimarratu nahi izan dugu. Eta ea ondare ale horiek denborari eutsi edo gure artean oraindik dauden aztertzen saiatu gara.

 

9. KAKAOAREN IBILIA: Pasaia eta Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra

Ramón Aizpurua Aguirre eta David Zapirain Karrika

Argitalpen honekin gogoratu nahi izan dugu lehen mailako enpresa komertziala bideragarri egin zuten gizon eta emakumeen historia txikia. Historia txiki hori kakaoaren merkataritzan inbertitzearen bidez baino gehiago lehen lerroan lan eginez burutu zuten. Atlantikoaren alde batean bezala bestean. Beraz, Caracaseko Gipuzkoako Errege Konpainiak Historia birsortzeko baino gehiago merkataritzaz, migrazioaz, ondareaz eta eguneroko bizitzaz ikasteko balio digu. Hau da, geure gizarteari buruz gauzak ikasteko.

 

 

ZABALDIYA BILDUMA (eu- es)

Badira urte batzuk Pasaiako Udala tokiko memoria presente izateko ahaleginean ari dela, eta herriko historiaren, kulturaren eta ondarearen berri eman asmoz berebiziko baliabidea du ZABALDIYA bilduma.

1.-  Literaturaren Pasaia

Koordinatzaileak: Nagore Atela - David Zapirain - EIE

Historian zehar Pasaiari buruz idatzitakoetatik hasita, Victor Hugok utzitako arrastoa ahaztu gabe, gaur egun Hugoenea Idazlearen Etxetik pasa diren autoreetaraino bildu dituzte LITERATURAREN PASAIA lanean.

Liburuaren lehen zatian liburuaren egile lantaldeak Pasaiari buruz idatzitako XIX. mendeko pasarteak bildu ditu, hiru hizkuntzatan eta argazki originalekin; garai hartan idatzitakoa egungoarekin alderatuz. Bigarren zatian Hugo Enean aterpe hartu duten hainbat idazleren lanen zatiak bildu dituzte. Lanaren bigarren zati honetan Euskal Idazleen Elkartearen laguntza nabarmentzekoa da.

 

2.- Pasaiako Udalaren Arte Bilduma

Larraitz Arretxea (katalogazioa eta sailkapena) Iñaki Berrio (argazkiak).

Pasaiako Udalak urteetan bildu, eta udal eraikinetan sakabanatuta dituen artelanak jasotzen ditu liburu honek, baita kalean dauden eskulturak ere. Modu horretan, Udalak bistaratu nahi ditu pasaitarrek eta bisitariek gehienek ezagutzen ez dituzten lanak, edo ezagutu arren, behar adinako balioa eman gabekoak. Azken batean, Pasaiaren isileko ondarea agerrarazi nahi du.

 

3.- Pasaiako Portzelana

Larraitz Arretxea Sanz

 

XIX eta XX. mendeetan portzelana eta toska ekoizten zuen hainbat fabrika izan dugu Euskal Herrian: Busturian, Bilbon, Tolosan eta Igantzin toskari dagokionez; Ezpeletan, Bidanian, Pasaian eta Irunen portzelanari dagokionez. Portzelanazko aleak izatea prestigio kontua bada ere, 

Portzelanari buruzko ikerketak oso urriak izan dira gure artean eta Bilboko Euskal Museoak 2009. urtean argitaratu liburua Euskal Herriko portzelana merezi bezala baloratzen duen lehen lana dela iruditzen zaigu. Pasaiako lantegiaren nondik – norakoak agertzen ziren ere ikerketa lan horretan. 

 

4.- Argazkilariak Pasaian

Juantxo Egaña

 

Iraganerako bidaia egiteko laguntzaile ezin hobea dugu memoria grafikoa. Izan ere, denboran zehar gertatu izan diren aldaketen lekuko fidela den heinean, egungo gizartearen osaketaren berri zehatza ematen du. Pasaiari dagokionez, argazkiek bikain jaso dute aldaketa horien berri.

Gainera oraingo honetan laguntza paregabea izan dugu, argazki-aztarnak jarraitzen eskarmentu itzela duen Juantxo Egaña argazkilariarena, hain zuzen ere.

 

5.- Gehiengoaren Hiria

Jonander Agirre Mikelez eta Ander Gortazar Balerdi

 

Edertasunaz, itsustasunaz, nostalgiaren alde (eta kontra), ondare arkitektonikoaz. Errepaso historikoa egiterakoan azkar ikusten da Pasaiako badiari nortasuna –kontsentsuzko edertasuna ez bezala– gerraosteko hamarkadetan eraikitakoak ematen diola, hain zuzen ere itsustasunarekin edo mediokritatearekin lotzen den arkitektura eta hirigintzak. Hortxe dago gure begien aurrean: gehiengoaren hiria da eta merezi du hurbilpen arkitektoniko bat.