2012 Aurrekontua: Alkatearen memoria

Alkatearen Memoria

Legealdi honetako lehen aurrekontu proiektua dugu esku artean. Gure herriaren errealitatetik abiaturik egin dugu, gure herria aurrera eramateko tresna eraginkorra izateko xedearekin. Prozesu horretan tresna garrantzizko bat izango da dudarik gabe, baina, jakina, honen bitartez bildu nahi ditugun fruituak biltzeko ezinbestekoa izango da eragile guztion inplikazioa, administrazio, herritar eta udaletxeko talde politikoena.

Legealdi honetan, aurrekoan bezala, krisi latzak gauzka lepotik harrapatuta, eta bizi dugun krisiaren sorreran ardura handia duten estamentu politiko horiek beroiek esaten digute aurrekontuak zorrotzak izan behar dutela, gastuak murriztu behar ditugula eta zorpetzea txikitu, egoera honetan duten erantzukizuna estali nahi dutelako kosta ahala kosta. Baina horiek beroiek orain arte zer egin dute? 2007an, sistema honen krisiaren ondoriorik nabarienak azaleratzen hasi zirenetik, ez dute batere zalantzarik izan krisi-sortzaile nagusia izan den finantza-sistemari diru-laguntzak eta diru-laguntzak emateko, bankuei erreskate planen bitartez diru publiko fresko-freskoa injektatzeko, eta are enpresa energetiko handiei ere, herritar guztiok ordaintzen ditugun tarifetan igoerak ezartzeko batere oztoporik ez jartzeaz gainera, diru-laguntza mardulak eman zaizkie gobernuetatik.

Guretzat aurrekontua ez da helburu baizik eta bitarteko, erronka berriei ekiteko eta burutan ateratzeko tresna bat, gorago adierazi bezala. Gobernu talde berri honek, buru nauela, ilusio handiz ekiten dio apustu honi, ahaztu ezin dugun errealitate sozio-ekonomikoari buelta ematen saiatzeko.

Batere erosoa ez zaigun aurrekontu-errealitate bat dugu aurrean. Aurreko legealdietan aurrekontu luzatuarekin funtzionatu beharrak ez dio batere mesederik egin udalerri honi, eta hori konponbidean jarri beharrean gara.   

Lepotik harrapatuta gauzkan krisi egoera honek egoeraren irakurketa sakon bat egitera behartu gaitu eta neurri eraginkorrenak zein izan daitezkeen hausnartzera eta erabakitzera. Gure aurretik ere izan ditugu egoera gaizto honi aurre egiten saiatu diren lankideak eta haiei esker aukera daukagu aurrez urratutako ildoetatik konpromisoak eta betebeharrak aurrera eramateko eta oinarrizko diren beharrei zuzentasun osoz erantzuteko, beharrezko jotakoan, neurri berriak hartuz.

Egoeraren balorazio orokorretik neurri zehatzagoetara etorriz,

Diru sarrerei dagokienez, puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

  •     Zerga eta tasen igoera onartu zenean, oso argi geneukan Pasaiako familien errentei egokitu beharko genuela hura.
  •     Foru Aldundiak udalei banatzen dizkien Foru Funtsetan murrizketa handiak egin ditu. Kontu egin bedi udalaren finantziazioaren ia erdia hortik zetorrela, eta kontuan harturik epe laburrera hobekuntzarik ez dela aurreikusten, arduraz eta doikuntzak eginez aritzea tokatuko zaigu datozen urteetan.
  •     Udal honek konpromisoa hartzen du bereak dituen eskumen ekonomikoak defendatu behar diren lekuan defendatzeko.


Gastuei dagokienez, gobernu talde honen iritzian, aurrekontuak ez dira bakarrik eskumen-betebeharrei aurre egiteko; horretaz gainera, aberastasuna banatzeko balio behar dute, eta aberastasun banatze horrek, hain justu, sistema ekonomiko honek gaizkien tratatzen dituenak babesteko balio behar du, batez ere, euren mugengatik, babes berezia behar dutenak, hala nola hirugarren adinekoak, haurrak, gazteak eta talde baztertuak.

Horretarako Gizarte Ekintza, Hirugarren Adina, Gazteria eta Kirola arloek mantendu egingo dute orain arteko kopurua, behintzat, beste administrazio batzuek berenganatu ez badituzte zenbait eskumen. Haur eta nerabeak ongi tratatu eta dituzten arriskuak prebenitzeko programa bereziari tinko eusten jarraitzen dugu; udaleko zenbait sailen arteko lankidetza eta inplikazioari esker, aitzindari izaten jarraitzen du programa horrek, eta lan horren fruituak eta emaitzak biharko egunean ikustea espero dugu.

Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuak mantentzen ditugu. Nola kanpoko enpresek ematen dituzten, kontratuaren baldintzak errespetatu behar ditugu, baina baldintza horiek aztertu eta berrikusteko konpromisoa hartzen dugu, hain zuzen egiaztatzeko beren helburuak eta xedeak modu eraginkorrean betetzen dituzten ala ez.

Horiez gain, beste sail hauetako diru-kopuruak ere mantenduko ditugu: Herritarren Parte-Hartzea, Euskara, eta Berdintasun, Migrazio eta Aniztasunarena; izan ere, gobernu-talde honek bere hauteskunde-programan sail horiek bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, eta horregatik jaso zuen Pasaiako herritar gehienen sostengua.

Aldundiak parte-hartze programak garatzeko laguntza lerro batzuk onartu ditu, baina, zuhurtasunez, harik eta haien kopuru zehatza jakin arte, ez ditugu dirusarreretan jaso aurrekontuan.

Liburutegietarako diru-kopuruak ere mantentzen ditugu. Kulturarako berriz, beherapen esanguratsua proposatzen dugu.

Hondakin Kudeaketa, Garbitasun eta Herriko Argiteria zerbitzuetan ez dugu aldaketa esanguratsurik aurreikusten. Ur hornidurari dagokionez, aldiz, Antxoko depositua abian jarrita, martxotik aurrera, 50.000€ aurrezteko aurreikuspena egiten dugu, eta hori aurrekontuan jasotzen.

I. kapituluak, pisu gehien duena bera denez, arreta berezia merezi du. Nahiz eta dekretuz soldatak izoztu diren, kapituluko kopurua igotzeko aukeraren alde egin dugu, zuhurtziagatik. Bi teknikari kontratatu dira: Giza Baliabideetakoa eta Hirigintzakoa.

Aurrezteko neurriei dagokienez, baja-ordezkapenak erdira murriztea proposatzen dugu.

Aseguru, Telefono eta Posta Zerbitzuak %40ko gastu-beherapena izan dezakete, zerbitzu horiek enkantera Aldundiaren Kontratazio zentralaren bidez aterata hobekuntzak izan ditzaketelako; elektrizitatean berriz, ez, hor lehen bezalatsu.

Beste gastu-murrizketa bat, konponketen gastuan eta bulegomaterialean, proposatzen dugu; horretarako jarraipena eta arreta zorroztu beharko da, lortu nahi diren helburuak lortzeko.

Beste gastu bat murriztu nahi duguna diru-laguntzena da, oro har, %10, eta Jaietakoa, %15 inguru. Garapen Agentziarako ekarpena berriz %10 murriztuko da, haren Kontseiluak hala erabaki baitu.

Gobernu Organoen gastuak murriztu egingo dira, 2011 urtean hartutako neurri bati esker. Gure gobernu taldeak aurkeztutako planteamenduak murrizketa handiago bat aurrikusten bazuen ere, udalbatzaren erabakiz murrizketa ez zen guk planteatutako parametroetan gauzatu.

Erakunde autonomoei dagokienez, Pasaia Musikali egiten zaion ekarpena mantentzen da eta Euskaltegiari egiten zaiona % 15 igotzen da, eta igoera hori ulertzekoa da, aurreko ekitaldian ez baitzen ekarpenik egin.

Zaharren Egoitzak aipamen berezia merezi du. Ekitaldi honen amaieran gerakin garrantzitsua izango dela aurreikusten dugu, baina aurreko ekitaldia itxi arte diru-kopuru hori ez denez erabilgarri egongo, eta Aurrekontu Orokorra orekatu behar dugunez, ekitaldi honetan ekarpenik ez egitea proposatzen dugu. Egoitzako gastuen aurrekontua murriztu egin da, ekitaldia ixtean, sortutako gerakin horren kontura kreditu-gehikuntzak gaitzeko.

Aurkeztutako kontuetan Aldundiarekin dugun hitzarmena jasotzen ez den arren, gauzatzeko dagoen zatirako hiru urterako berrantolaketa proposatzen dugu. Oraingo ekitaldirako 4.058.514,64 euroko gastua aurkezten da, eta kopuru horretatik Udalari 562.376,63 euro ordaintzea dagokio. Hori finantzatzeko, mailegu bat formalizatu da, 969.007,96 euro erabilgarrirekin.

Aurrekontua koadratzeko 185.185,33 € euroko maileguaren beharra aurreikusi dugu; izan ere, kontuan hartuta zorpetze ratioa % 4tik beherakoa dela, aurten hainbat mailegu kitatuko direla, eta interes-tipoak beherantz doazela nabarmen; mailegu hori geure gain hartzeko modukoa dela deritzogu.

Aurrekontu hauek prestatzeko, egoera kontuan hartuta, partida guztiak zehatzmehatz egiaztatu behar izan ditugu, bereziki gastuen partidak; eta beharrezko doikuntzak egiten saiatu gara, partida guztiek nahikoa diru izan dezaten; kontsumoak aztertu ditugu, sailetako arduradunekin datuak egiaztatu ditugu, eta aholkularitza egokia izan dugu.

Bukatzeko, esan beharra daukagu Pasaiak aurrekontu berriak behar eta merezi dituela, eta horretarako, talde guztien esanetara gaudela, behar duten informazioa emateko eta proposamenak trukatzeko; aurrekontuak onartzeko akordio sendoa adostearren.

 

Amaia Agirregabiria
Pasaiako alkatea
Pasaian, 2012ko urtarrilaren 17an