Ahalordeak ematea
ORDEZKARIAK EDO AHALORDEDUNAK
Administrazio elektronikoaren udal ordenantzaren 13. artikulua:
1. Pertsona fisiko eta juridikoek ordezkari edo ahalordedunen bidez jardun dezakete Udalaren aurrean, baldin eta ordezkaritza hori zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiazta badaiteke, eta bide horrek ordezkaritza badagoela modu fidagarrian egiaztatzen badu.
Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da “apud acta” ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo dagokion egoitza elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo udalaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu izana egiaztatuz.
Beste pertsona baten izenean eskaerak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, akzioetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko, ordezkaritza egiaztatu beharko da. Izapide huts diren egintza eta kudeaketak, berriz, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake ordezkariak.
2. Interesdun batek ordezkaria izendatzen duen unetik aurrera, eta aurkako berariazko adierazpenik ez dagoen bitartean, Udalak ordezkariarengana joko du egiten dituen administrazio-jarduera guztietarako.
3. Udalak badu ahalordetzeen erregistro elektroniko bat, interesdunek beste pertsona batzuei beren izenean modu elektronikoan edo aurrez aurre jarduteko ematen dizkieten ordezkaritzak inskribatzeko aukera ematen duena.
4. Ahalordetzeen erregistroak ez du izaera publikoa.
5. Kasu bakoitzean interesdunek zehaztuko dituzte ordezkaritzen indarraldiak. Indarraldia zehazten ez bada, dagokion legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
6. Udalaren ahalordetzeen erregistroaz gain, ordezkaritza hori zuzenbidean baliozkoa den beste edozein bitartekoren bidez egiazta daiteke, baldin eta ordezkaritza hori badela modu fidagarrian jasota uzten badu.
7. Alegatutako ordezkaritza notario-agiri publiko batetik edo merkataritza-erregistro batek emandako ziurtagiri batetik badator, interesdunak dagokion erregistro-ziurtagiri elektronikoa aurkeztu beharko du, edo, gutxienez, kode segurua edo dokumentu elektronikoa eskuratzeko eta egiaztatzeko beste sistema bat adierazi beharko du.
8. Pertsona juridiko baten izenean jardunez gero, ordezkaritza-gaitasuna egiaztatu ahal izango da, halaber, ordezkariaren ziurtagiri elektronikoaren bidez.