Ekainaren 9 eta 10ean, I. Jardunaldia, HERRITAR BOTEREDUNAK: Parte hartzea eta boteretzea bultzatzeko gakoak

Herritar Boteredunak

Herritarren eta udalen artean zubiak eraikitzeko asmoz, azken agintaldian elkarlanean jardun dute Elhuyar Aholkularitzak, Pasaiako Udalak eta Lezoko Udalak. Herriaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko, iritzia emateko eta erabakiak hartzeko eskatu zaie herritarrei askotariko gaien inguruan, hirigintza kontuetatik hasi eta euskararen normalizazioari lotutako auzietaraino. Pasaiako eta Lezoko herritarrak boteredun bilakatu ditu horrek: erakundeena ez ezik, herriaren etorkizuna erabakitzeko boterea herritarrena ere izan da. Orain, egindako lanaren berri emateko ordua dela iritzita, "Herritar boteredunak: Parte-hartzea eta boteretzea bultzatzeko gakoak" jardunaldi hau antolatu dugu.

Elhuyar Aholkularitzaren gidaritzapean esperientzia hauetan guztien partaidetza sustatzen duten espazio demokratiko malguak sortzea izan da helburua. Horretarako, hainbat oinarri hartu dira aintzat:

  • Baldintzak: parte hartzeko baldintza egokiak ez dira berez agertzen, sortu egin behar dira. Bidea lan-prozesua bera izaten da, eta, gakoa, berriz, metodologia.
  • Komunikazioa: herritarrei informazioa eman behar diegu, proposatzen dizkiegun gaien inguruan hausnartzeko eta iritzia osatzeko aukera izan dezaten.
  • Malgutasuna: prozesuak iraun bitartean, parte-hartzaileek beharrezkotzat jotzen dituzten aldaketak aztertu egingo ditugu eta, horrela behar bada, prozesua egokitu egingo da.
  • Hezkuntza-prozesua: emaitzaz haratago, pertsonek eta prozesuak berak hartuko dute protagonismoa. Izan ere, helburua elkarrengandik ikastea eta elkar elikatzea baita.
  • Subjektibitatea: errealitate bakoitza pertsonek osatzen dugu eta, horrenbestez, egoera aldatzeko pertsonen jarreretan eragin behar da, bakoitzaren subjektibitatean. Era berean, parte hartzeko prozesuaren ardatza pertsonak dira eta, neurri horretan, parte-hartzaileen arteko harremanek prozesua bera baldintza dezakete. Konfiantza eta giro ona sortzeko denbora hartu behar da.
  • Hizkuntza: euskararen normalizazioa sustatu da.
  • Aukera berdintasuna: prozesuan bermatu egin behar da emakumeen parte-hartzea. Gainera, beharrezkoa da emakumeen ikuspegia, praktikak, espektatibak... ezagutzea.
  • Oreka: hainbat aldagaitan lortu behar da oreka: auzoak-herrigunea, adin-tarteak...

Dena dela, Lezoko eta Pasaiako esperientzien berri emateko plaza ez ezik, bizipenak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko gune bilakatu nahi du jardunaldi honek. Izan ere, azken helburua litzateke parte-hartzea eta boteretzea bultzatzeko gakoak identifikatzea, etorkizunean herritarrak are boteredunago, zinez boteredun izan daitezen.

NON: TRINTXERPEKO ALKATE-ORDETZAN

NOIZ: 2011ko EKAINAREN 9 eta 10ean

Informazio gehiago eta izena emateko formularioa:

 

Fitxategiak