Eduki publikatzailea

Bidasoa Goia eremuko hirigintza araudiaren aldaketaz hitz egiteko bilera irekia

2025/04/09 19:00 - 21:00

Euskara Gaztelania

Apirilaren 9an, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan, bilera irekia egingo da Trintxerpeko Ulia Kultura aretoan (Ulia etorbidea 13, Trintxerpe). Bertan, Bidasoa Goia eremuari dagokion Arau Subsidiarioen (AS) aldaketa puntualari buruzko informazioa emango da, eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasoko dira.

Arau Subsidiarioen aldaketa hori etxebizitza beharrizan berriei egokitzeko egin da. Hala azaldu du Teo Alberro alkateak: “2012an, krisi ekonomikoaren ondorioz, Bidasoa Goia eremuaren garapena eten egin zen, eta ondorioz, amaitu gabeko urbanizazio bat gelditu zen. Azken urteotan, etxebizitza eskaerak eta beharrak aldatu egin dira, eta Pasaiako Udalak eremu horretan aurreikusitako etxebizitza tipologia berrikustea erabaki du. Helburua da eremu berean etxebizitza gehiago eraiki ahal izatea, bizitoki aukera zabalagoa eskaintzearren”.

Aldaketa horren bidez, aurretik bi etxebizitzako eraikin atxikiak aurreikusten ziren lekuan, lau etxebizitzako eraikinak eraikiko dira. “Horrela, pisu eta metro karratu kopurua mantenduta, 27 etxebizitza aurreikusita zeuden lekuan 38 eraiki ahal izango dira. Gainera, proiektuan eskola ekipamenduak, parke bat eta oinezkoentzako ibilbide bat ere aurreikusten dira, baita aparkalekuak ere”, mintzatu da alkatea. Aldaketak etxebizitzen kopuruari baino ez dio eragingo, gainerako azpiegiturak bere horretan mantenduko dira.

Herritarren parte-hartzea

Bilera ireki honen helburua da Trintxerpeko bizilagunek aldaketaren berri izatea eta beren iritzia ematea. Udaleko arduradun politiko eta teknikoek aldaketaren xehetasunak azalduko dituzte eta herritarren galderei erantzungo diete. Ondoren, ekarpenak eta hausnarketak jasotzeko lan-dinamika labur bat egingo da.

Bilerara etortzerik ez duten herritarrek aukera izango dute udalaren webgunean (pasaia.eus) bileran landutako informazioa eskuratzeko. Horrez gain, bilera egin ondorengo zazpi egunetan, inkesta labur baten bidez euren ekarpenak helarazi ahal izango dituzte.

Google Calendar-era gehitu

Beste ekitaldi batzuk