1.- La Herrerako hirigintza antolamenduari buruzko informazioa, hausnarketa eta definizioa
La Herrerako Hirigintza Antolamenduari Buruzko Informazioa, Hausnarketa eta Definizioa
La Herrera Pasaiko lurraldeak, eta bereziki Trintxepeko eta ingurukoak dituen desoreka sozio urbanistikoak gainditzeko aukerako espazio bezala azaltzen zaigu.
Jada egun indarrean dauden Pasaiako Hirigintza Arauetan lurralde horretaz hitz egiten denean, eremuaren antolaketak inguruak zituen gabeziak eta errealitateari egin behar diola aurre aipatzen da. Hots, lurralde horretarako antolatzen denak joan den mendean sortutako garapen itzelak, zeinean ia lurralde osoa eraiki zen izugarrizko dentsitate bat ekarriz, aisialdirako espazio librerik gabekoa zena eta zerbitzu egokiak eman ahal izateko ekipamenduen urritasunak zituenak, sortu zituen desorekak aintzat hartu behar ditu.
Horregatik, orain lurralde hori izan behar duena definitzeko aukerak zabaltzen zaizkigun honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da bere etorkizunari buruzko erabakiak hemen bizi eta lan egiten dugunon artean hartzea, azken finean Pasaia izan behar duenaren inguruko erabakia Pasaian hartua izan dadila.
Prozesu hori arrakastatsua izan dadin dugunari buruzko hausnarketatik abiatu behar du, bizi garen lurraldeari eta bertan bizi garen pertsonei buruzkoa.
Horretarako baina guztion artean hausnartu beharra dugu, daukagun errealitate fisiko, sozial eta ekonomikotik abiatuta, gure beharrak zeintzuk diren eta lurralde horretarako espazio libre zein erabilpenen antolaketarik onena zein izan behar duen aztertuz.
Hala ere, badakigu konpromiso handiko erabakia dela, axola handikoa gure herriaren etorkizunerako, ezin baitugu ahaztu lurralde eremu hau Pasaiako biziberritze urbanistiko eta ekonomikoaren erdigunea izango dela. Beraz, denok aztertu eta eztabaidatu beharreko erabaki baten aurrean gaude.
Horregatik, Alkatetza honek Informazio eta Hausnarketa Topagunea antolatuko du. Topaketa hau beste era batera egingo da, aurrez jarrera hartu gabe, eta ikasteko irekita egonik.
Gure ikuspegiak elkarri azaltzeko gauza izatea nahi dugu, elkarri entzuteko gai. Errealitate ezberdinak ezaguturik egin behar dugu hausnarketa, portu, arrantza, merkataritza eta bizitegi jarduerak ikusteko modu desberdinak aintzat harturik. Auzotar eta herritar gisa sentitzen ditugun premiak ezagutu behar ditugu, jarduera horietan sumatzen ditugun zailtasunak eta eragozpenak. Lurralde honek eta hartzen ditugun erabakiek eskaintzen dizkiguten aukerak eta mehatxuak ikertu behar ditugu.
Eta hausnarketa horren guztiaren fruitu gisa, ondorioak atera behar ditugu, udalak onartu behar duen planeamenduan erabakirik zuzenena hartzen lagun diezaguten.