Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/29
Santiago plazaren atzeko zurrunako zorua berritzen hasi da Udala
Lanak hasi dira herritarren aspaldiko eskaera bati erantzunez
Pasaiako Udala Donibaneko Santiago plazaren atzeko zurrunako zorua berritzen hasi da. “Jarduketa honek bizilagunen aspaldiko eskakizun bati erantzungo dio”, mintzatu da Aintzane Taberna Ezkurra Donibaneko alkateordea.
‘Slurry’ izeneko zoladura ezarriko da gune horretan, sektoreko lurzoru moldakorrenetako bat. Konponbide eraginkorra, ekologikoa eta ekonomikoa da.
“Bizitza handiko gunea izan dugu zurruna urte askoan, eta beharrezkoa zen espazio hori duintzea. Aspaldi eskatu izan diote hori bizilagunek Udalari, eta eskaera horri erantzutera goaz orain”, adierazi du Donibaneko alkateorde Aintzane Taberna Ezkurrak.
Obrei esker, iraunkorra eta irristagaitza den lurzoru berria ezarriko da Santiago plazaren atzeko zurrunan. Lanok bi txandatan egingo dira, eta bizilagunak etxetik sartu eta irteteko aukera eta segurtasuna bermatuko du Udalak uneoro.
Lehendabizi, mendiko hormaren kontra dagoen zatia berrituko da. Lan hori egiten ari diren bitartean, bertako atarien ondoan korridore bat egokituko da bizilagunen etxeetako sarrera-irteerak ziurtatzeko.
Lehen fasea amaitutzat emateko 24 ordu itxaron beharko dira tratamendua lehor dadin. Bigarren fasean, fatxadaren ondoan utzitako metro bateko korridorean eta zurrunara ematen duen eskaileran egingo dira lanak.
Lanen berezitasunagatik, obrek dirauten bitartean udaletxe zaharretik sartu eta irteteko aukera emango die udalak zurruna inguruko bizilagunei. Udalak ohartarazi du obra hauek egoki gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa dela zorua lehorra egotea, eta beraz, euria egingo balu epeak atzera litezkeela.