Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/09/02
Donibane eta San Pedroko hirigune historikoko bizilagunek zuntz optikoa eskatu ahal izango dute
Irailaren 7tik aurrera
Zuntz optikoa sartzeko lanak azken txanpan sartu dira. Izan ere, irailaren 7tik aurrera Donibane eta San Pedroko hirigune historikoetan bizi diren herritarrek beren etxeetan zuntz optikoa instalatzeko eskatu ahal izango dute. Halaber, Bordalaborda, San Roke eta Lurdes Txiki kaleetan lanak oso aurreratuta daude, eta espero da laster bertako herritarrek ere zerbitzu hori eskura izatea. Sarearen hedapena Telefonicaren kontura izango da, baina kontratazioa edozein operadorerekin egin ahal izango da.
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek oso positibotzat jo du zerbitzua gune historikoetara zabaltzea, izan ere, gune horietan zailtasun bereziak sortzen dira eta araudia aldatu behar izan da, etxe guztietara iritsi ahal izateko: “Helburua da Pasaitar guztiek Internetera baldintza onenetan sartzeko aukera izatea, funtsezko zerbitzua baita hainbat ondasun eta zerbitzu eskuratzeko.” Gaur egun, Internet oinarrizko azpiegitura bihurtu da herritarren eskubideen arloan, eta, horregatik, “ezinbestekoa da sarbidea baldintza onenetan eta berdintasunez egin ahal izatea”, alkateak azpimarratu duenez.
Sarea zabaltzeko Telefónica egiten ari den lanei esker, laster Pasaiako herritar guztiek beren etxeetan zuntz optikoa jartzeko aukera izango dute, edozein lekutan bizi direla ere.