Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/31

Ekainaren 8an zabalduko da berriro Gure Zumardia, behin-behineko urbanizazioarekin

ETSk amaitu du geltokiaren goiko lauzaren egikaritzea. Ekainaren 17tik aurrera, Gelasio Aranburu kalea ere ireki ahal izango da.


 

Datorren ekainaren 8an Pasaiak Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-saihesbidea egiteko Antxon okupatuta egon diren lursailen zati bat berreskuratuko du. Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateorde eta Mugikortasun zinegotziak pozik eman du berria: “Antxotarrentzako oso beharrezkoa da Gure Zumardiko eremua, eta, gainera, oso albiste ona da herriko jaiei begira berreskuratu ahalko dugula jakitea”.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, jakinarazi du Gure Zumardiaren azpian kokatuko den geltokiaren goiko lauza amaitu dutela jada. Horri esker,  ekainaren 8tik aurrera gune hori herritarrentzat berreskuratu ahal izango da. Era berean, aurreikuspenak betetzen badira, Gelasio Aranburu kalea ere ekainaren 17tik aurrera zabalik egongo da berriro.

Alkateordeak nabarmendu du espazioak “oinarrizko urbanizazioa” izango duela aipaturiko datetatik aurrera: hormigoi zimurtuko geruza bat, behin-behineko drainatzea eta argiztapena dituena. Behin betiko hiri-altzariak lanen amaieran instalatuko dira, eta horiek zer-nola kokatuko diren erabakitzeko parte-hartze prozesu bat abiatzea da udal gobernuaren asmoa, Garciak berri eman duenez.

Lanak, aurreikusitako epean

Saihesbidearen obran epeak betetzen ari direla ziurtatu du ETSk, eta une honetan Hamarretxeta eta Ibaiondo arteko goiko lauza egiteko lanek aurrera jarraitzen dute. Aldi berean, Eskalantegitik hurbilen dagoen eremuan behetik ari dira egiten hondeaketa-lanak. Ibaiondon, berriz, larrialdiko aireztapenerako lanak ari dira egiten, eta, aldi berean, Molinaoko errekastoko harlangaitzezko horma eraikitzeko obrak.

Dagoeneko amaituta dagoen Pasaia eta Altza lotzen dituen tunelaren tartean lan hauek egiten ari dira: kontragangaren hormigoiztatzea eta hormatxo gidariak egitea. Gero horien gainean eutsiko da enkofratu-orga, eta horrekin egingo da topoa igaroko den galeriaren hormigoizko estaldura.  Galtzaraborda inguruan aste honetan hasi dira lehenengo metroak hondeatzen atzerako-hondeamakinaren bidez; datozen asteetan marruskadura-makinarekin emango zaie jarraipena lanei.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osatuta geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzen denean, Topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei.

Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez konektatuta egongo dira atariarekin.