Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/08

Udalak zuhaitzen berritze eta landaketa lanak egin ditu herriko hainbat gunetan

Barrutikako jarduketen berri eman dute arduradunek

Pasaiako Udalak azken asteotan herriko hainbat eremutan zuhaitzak kentzeko eta berriak landatzeko lanak egin ditu, espazio publikoen segurtasuna, osasuna eta kalitatea bermatzeko helburuarekin. 

Jarduketa horien bidez, egoera txarrean zeuden aleak ordezkatu dira, gaitzek edo haizeek kaltetutako zuhaitzak kendu dira, eta ingurune bakoitzerako egokiagoak diren espezie berriak landatu dira. Halaber, zuhaitzik ez zegoen zenbait gunetan landaketa berriak egin dira, herriko berdeguneak handitzeko eta hobetzeko asmoz.

Barrutiz barruti egindako jarduketak honako hauek izan dira:

San Pedro

  • Torreatzen landaketa berria egin da.
  • San Pedroko sarrerako biribilgunean lorategian zeuden bi zuhaitz kendu dira, egoera txarrean zeudelako (adar handiek erortzeko arriskua zuten eta onddoak zituzten), eta horien ordez ale berriak landatu dira. 
  • Botero ondoko txorkoan, infektatutako udareondo bat kendu eta zuhaitz berria jarri da.
  • Esnabide kalean, lau ezki lehor kendu eta berriak landatu dira. 

Trintxerpe

  • Andonaegi plazan, haizeak apurtutako zuhaitz bat zegoen eta gainerako hiruak sustraiekin zoladura kaltetzen ari ziren. Pagoak izanik, ez ziren egokiak espazio horretarako; beraz, lauak kendu eta Cercis siliquastrum (maitasunaren zuhaitza) espezieko lau ale berri landatu dira. 
  • Herreran, haizeak botatako zuhaitz bat eta lehortutako beste bi ordezkatu dira. 
  • Arrandegi kalean, lehortutako bananondo baten ordez zuhaitz berria jarriko da. 
  • Ulia kalean, igogailuko maldatik eskuinera, bi zuhaitz berri landatu dira. 
  • Ulia kalean (Mendiola azpia deituriko gunean), lehortutako zuhaitz bat kendu eta berria landatu da. 
  • Apaizen bidean (Karmengo Amaren atzealdean), ia erabat lehortutako pinu handi bat kendu da, eta haren ordez pago gorri bat landatu da.

Donibane

  • San Roken, igogailuaren inguruan sortutako lorategietan, lau zuhaitz landatu dira.  

Antxo

  • Hamarretxetan lehortutako kamelia baten ordez beste bat landatuko da. 
  • Zumalakarregi kalean egoera txarrean zegoen morera kendu eta berria jarri da.

Jarduketa horiekin Udalak herriko berdeguneen kalitatea hobetzen jarraitzen du, herritarrei ingurune atseginagoa eta seguruagoa eskaintzeko, eta aldi berean biodibertsitatea eta espazio urbanoen egokitzapena sustatzeko.