Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/07/10

Uztailaren 18an abiatuko da Zinema Kalean egitasmoa

Herriko hiru gazte elkartek lau zinema-saio antolatu dituzte uda honetarako

Pasaiako Udalak 2024ko Zinema Kalean egitasmoari emango dio abiada uztailaren 18an, eta irailaren 19ra arte luzatuko da egitaraua. Egitasmo hori Bokalek herriko gazte taldeekin duen elkargunetik jaio da; zehazkiago, Pasai Antxoko Papineko Gazteriak eta Topaguneak, eta Pasai Donibaneko Erreka gazte elkarteek lau zinema-saio antolatu dituzte uda honetarako.

Joan den urtean ekin zioten programazio horri Antxon, eta lehen urteko emanaldiaren arrakasta ikusita, eskaintza hori errepikatu eta zabaltzea erabaki dute aurten Gazte mahaiko kideek. Elkargune horretatik abiatzen diren ekimen guztiek, forma bateko ala besteko izan (musika, antzerkia, bakarrizketak, zinema...), helburu berbera dute: Pasaiako gazteen artean euskarazko kultur-edukien kontsumoa sustatzea.

Xede horrekin bat eginez, honakoa da  2024ko Zinema Kalean egitasmorako ondu duten egitaraua:

  • Erlauntza - Uztailaren 18an, 22:00etan, Pasai Antxoko Biteri plazan.
  • Karpeta urdina - Abuztuaren 9an, 22:00etan, Pasai Donibaneko Santiago plazan.
  • Nora - Abuztuaren 22an, 22:00etan, Pasai Antxoko Biteri plazan.
  • Bidasoa - Irailaren 19an, 22:00etan, Pasai Antxoko Biteri plazan.