Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/13

Udala Zaraten Ordenantza berriaren zirriborroa aurkezten ari da Jai Batzordeetan

Helburua izango da gizarte-eragileei araudia azaltzea eta haien zalantzak argitu eta proposamenak jasotzea

Pasaiako Udalak dagoeneko jendaurrean jarri du Zarata eta Bibrazioen Udal Ordenantza berriaren zirriborroa, bizilagunen atsedenerako eskubidearen eta bizitza sozial, kultural eta ekonomiko aktiboaren arteko oreka bermatzea helburu duen neurria.

Teo Alberro Bilbao alkateak honako hau adierazi du: "Araudi konplexua dela jakinda, udal gobernutik argi utzi nahi dugu ordenantza hau ez dela asmo murriztailez sortu, baizik eta herri bizi, parte-hartzaile eta dinamiko bat bultzatzen jarraitzeko aukera emango duen elkarbizitzarako tresna gisa, eta, aldi berean, etxean atsedena eta lasaitasuna behar dutenak babestuko dituena".

Udalburuak azaldu duenez, araudi hori sortzeko beharra, bi aldetatik jaio da: batetik, herritarren eskaeren harira, ospakizun publikoetako zarata-mailak erregulatzeko. Eta, bestetik, ospakizun horien antolatzaileei babesa emateko kontzertuak eta bestelakoak antolatzen jarraitzeko, araudi baten babesarekin.

Hori dela eta, behin betiko onartu aurretik, Udal Gobernuak zirriborroa herritarrei aurkezteko konpromisoa hartu du; zehazki, eragile, elkarte- eta jai-antolatzaileei. Horretarako, Iraitz Pazos Lapido Ingurumen zinegotzia udalerriko lau barrutietako Jai Batzordeetan parte hartzen ari da, ordenantza aurkeztu, haren edukiak azaldu eta, batez ere, Pasaiako gizarte eta kultur dinamizazioan gehien inplikatuta dauden pertsona eta kolektiboen iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko. "Pasaia udalerri bizia, anitza eta jai-girokoa izatea ahalbidetzen dutenen ekarpenak eta proposamenak entzun eta jaso nahi ditugu", adierazi du zinegotziak.

Udalak gogorarazi du prozesu hori gobernantza hurbil, parte-hartzaile eta erantzunkide baten aldeko apustuaren barruan sartzen dela, eta herritar guztiak eta kultura-, gizarte- eta auzo-eragileak zirriborroa irakurtzera eta jendaurreko erakustaldian, zeina maiatzaren 16an amaituko den, ekarpenak egitera animatu ditu.

Dokumentazio osoa udalaren web orrian dago.