Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/08

Zaintza-lanen aldeko martxa antolatu dute Itsas Festibalean

Pasaiako Udalak bat egin du maiatzaren 10ean itsasoaren eta pertsonen alde egingo den aldarrikapen komunitarioarekin

Adin guztietako pasaitar talde bat auzoko pertsonen artean harremanak sortzen hasi zen, itsasoa babesteko beharrari buruz sentsibilizatuta. Pasaian belaunaldiz belaunaldi bertako jendea hezi eta zaindu duen itsaso hori bera. Kontuan izanik pertsonen eta ama naturaren zaintza estuki lotuta dagoela eta gaur egun krisi handi bat gertatzen ari dela eta gizartea hori suntsitzen ari dela, zaintzaren garrantzia ikusarazteko sare bat eraikitzeko lanari ekin zioten. Horretarako, bi erraldoi sortu zituzten: ZABOR Hondakinen Munstroa, itsasotik jasotako plastikoekin egina, eta BIO, Bizitzaren Sarea, komunitatean kakorratzez ehundutako itsas koral eta algekin egina.

Itsas jaialdiaren baitan, zaintza aldarrikatzea proposatzen dute, maiatzaren 10ean, ostirala, 16:00etan Trintxerpetik abiatuko den martxa baten bidez. Martxak honako ibilbide hau izango du:

  • 16:00-17:00 Gudari plaza (Trintxerpe)
  • 17:00-18:00 Lonjako estalkia (San Pedro).
  • 18:00-18:30 Lonjako plazako eszenatokia (San Pedro).

Itsasoaren eta pertsonen aldeko martxa honek festa handi bat izan nahi du, batukada erritmoan, ZABOR eta BIO erraldoiekin batera, belaunaldi ezberdinak elkarrekin, eta Pasaiako haurrek egindako hamarnaka mezurekin; planeta osasuntsu batean pertsonak eta natura erdigunean jartzeko beharra ikusaraztearren.

MATER Pasaiako Ontzi Museo Ekoaktiboak sustatutako ekimena da, eta Pasaiako Udalaren babesa du. MATERek ekimen berritzaileak bultzatzen ditu itsasoaren eta naturaren aldeko paradigma soziokulturalaren aldaketa sustatzeko.

Adinkide GKEak ere parte hartzen du antolakuntzan. Elkarte horren helburua da pertsonen bakardadea prebenitzea, laguntza afektiboko programen bidez.

Oraingo honetan, udalerriko ikastetxeetako haurrek, Udalak berak, Itsas Zaintza Sareak eta hamaika pertsona eta erakundek parte hartuko dute ekimen honetan, eta horiek guztiek herritar guztiak gonbidatzen dituzte haiekin bat egin dezaten eta ekintzara pasa daitezen.

MATERetik gogorarazi dutenez, "itsasoa bizi-iturri da, eta ez zabortegi bat; gure ardura da zaintzea. Horregatik, festibalean zaintza komunitarioa aldarrikatuko dugu eta doako bisita ekoaktiboak eskainiko ditugu itsasontzira, gure egunerokoan itsasoa zaintzeko interesa pizteko ".

Sare komunitario horretako hainbat ahotsek ideia hau azpimarratu dute: "planeta eta herria hobetzea gure esku dago eta gure ekintza ezinbestekoa da. BIO handitu eta ZABOR murriztu behar ditugu. Batu ditzagun indarrak eta aldarrikatu dezagun planeta osasuntsu bat. Izan gaitezen eredugarri".

Adinkide GKEak berretsi duenez, "beharrezkoa da adinekoek gizartean duten lekua berreskuratzea eta berriz ere baliagarri sentitzea. Edozein adinetan jarrai dezakegu amets egiten eta bizi-proiektu bat izaten. Eta, aldi berean, adineko pertsonekiko sortzen diren estereotipoak eta aurreiritziak hautsi behar ditugu. Gainera, guztion erantzukizuna da gure auzoetan laguntzarako eta zaintzarako auzo-sareak sortzea eta hauskortasun-egoeretan dauden adinekoak barne hartuta komunitatea sortzea. "

Martxa honen emaitza elkarrekin lan egiten duten pertsona eta erakunde askoren emaitza da:

  • MATER, ingurumen-sentsibilizazioko museo ekoaktiboa.
  • Pasaiako Udala, bereziki Gizarte Ekintza eta Berdintasun Saila.
  • Adinkide, adinekoei laguntza afektiboa ematen dien GKEa.
  • Karmengo Ama eta Anunciata ikastetxeak; horiekin sentsibilizazio-kartelak sortu dira.
  • Txetxu Ruiz batukada irakaslea, Adinkideko batukada komunitarioko taldea zuzendu duena.
  • Trintxerpeko Goyeneche Fundazioaren Garagunea, Adinkiderekin irakurketa errazeko kluba antolatzen duena. Batukadaren instrumentuak apaindu dituzte egun horretarako eta kolorez bete dituzte.
  • Trintxerpe Atletiko Kluba, Pasaian egokitutako bizikletetan mugikortasuna sustatzen duen elkartea.
  • Hurkoa Fundazioa, Pasaian adineko pertsonei laguntzen diena.
  • Pasaia Zaintza Herrilab Zaintzarako Tokiko Ekosistema, adinekoen bizi-kalitatea modu integralean hobetzea bilatzen duena.
  • Itsas Zaintza Sarea, Gipuzkoako itsasoa zaintzeko itsas eragileen sarea.