Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/02/27
Yoga ezagutarazteko doako saioak antolatu ditu Udalak, adin tarte guztiei zuzenduak
Martxoaren 10etik 18ra, Antxon
Pasaiako Udalak, Eskubidean programaren bidez, haur eta nerabeen parte-hartzea bultzatzen du, adingabeen eskura jarriaz udal politiketan eragin eta erabakitzeko aukera. Otsailaren 20an urteroko Saio Bateratua egin zen Donibanen, eta bertan udal zerbitzuetako arduradunei, teknikariei eta politikariei euren proposamen, kezka eta iradokizunak helarazi zizkieten ikasleek.
"Proposamen horietako askok lotura zuzena zuten Kirol Sailarekin", mintzatu da Julen Rodriguez Haur, Nerabe eta Gazteen arloko eta Kiroletako zinegotzia, "eta, tartean, haur eta nerabe zenbaitek proposatu zuten yoga ikastaroak antolatu ahal izatea udaletik haien adin-tarteetarako". Proposamen hori hezurmamitu du Udalak, eta bertatik jaio da lau adin-tarte espezifikoetarako doako yoga ikastaroak eskaintzeko ideia.
Izan ere, 4 saio antolatuko dira martxoan, adin guztiei zuzenduak, Antxoko Kultur Etxean denak:
- 6-12 urte bitartekoentzat - Martxoak 10 – 17:30-18:30
- 13-17 urte bitartekoentzat - Martxoak 11 – 17:30-18:30
- 18-65 urte bitartekoentzat - Martxoak 17 – 17:30-18:30
- 65 urtetik gorakoentzat - Martxoak 18 - 17:30-18:30
Yoga saioetan parte hartzea doakoa bada ere, plazak mugatuak dira eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Posta elektroniko bidez jakinaraziko da plaza baieztatuta dagoela.
Pasaitarrek lehentasuna izango dute beste udalerri batean bizi diren eta izena eman duten pertsonen aurrean.
Saioetan parte hartzeko, kirol arropa erosoarekin joatea beharrezkoa izango da eta nahi duten parte-hartzaileek euren estera ekarri ahal izango dute.
"Jakina da halako jarduera fisikoek ezin konta ahala onura eskaintzen dituztela, ez bakarrik fisikoak, baita emozionalak ere, eta estresa eta antsietatea murrizten dutela. Kirol Sailetik uste dugu funtsezkoa dela, osasun fisikoa sustatzeaz gain, pasaitarren barne-ongizatean ere eragina izango duten jarduerak bultzatzea. Gainera, gazteenentzat yoga tresna aproposa izan daiteke, euren kontzentrazioa landu, emozioen kudeaketa hobetu eta euren buruarengan konfiantza sustatzeko".
Udalak jarduera hau herritar guztientzat eskuragarri egotearen aldeko apustua egin du, eta, beraz, ikastaroak doakoak izango dira "beti errepikatzen dugun bezala, irmo sinesten dugu kirola herritar guztien eskubidea izatearen garrantzia, eta, horregatik, programa inklusiboak eskaintzeko lanean jarraituko dugu. Are gehiago, adingabeek Eskubidean planaren bidez helarazten dizkiguten proposamenak direnean; sinetsita baikaude euren parte-hartzea gainontzeko bizilagunena bezain funtsezkoa dela" amaitu du Rodriguezek.