Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/15

Pasaiako jubilatuen elkarteetan, beste ekimen askoren artean, xakea ikasteko aukera eskaintzen da

Estimulazio kognitiboa lantzen duen kirola da

Ikasturte berria hasita, Pasaiako jubilatuen elkarteetan zenbait ekimen eskaintzen ari dira aurten ere: kirol jarduerak, irteerak...

Aurtengo berrikuntza gisa, xakean ikasi eta jolasteko aukera izango da. Julen Rodríguez Kirol zinegotziaren esanetan “adineko gure pasaitarrentzat jarduera bikaina eta interesgarria dela uste dugu, xakean jolastuz estimulazio kognitiboa lantzen baita”.

Lehen saioak hasi dira dagoeneko, “ostegunetan Donibaneko jubilatuen elkartean 10:30etik 11:30era eta Trintxerpeko jubilatuen elkartean, ostiralero 10:15etik 11:15era. Interesdunek jubilatuen elkarteetan jasoko dute informazio guztia” gaineratu du Rodriguezek.

Jarduera honen helburuak asko dira: alde batetik, estimulazio kognitiboa lantzea. Xakea kontzentrazioa, plangintza eta pentsamendu estrategikoa eskatzen dituen jokoa da. Horrek burua aktibo mantentzen laguntzen du, eta narriadura kognitiboaren eta Alzheimerra bezalako gaixotasunen prebentzioan lagun dezake.

Beste alde batetik, memoria hobetzen duen jokoa da. Joko-arauak, estrategiak eta aurreko jokaldiak gogoratzea lagungarria izan daiteke memoria eta informazioa atxikitzeko gaitasuna hobetzeko

Gainera, ariketa fisikoa gorputzaren osasunerako garrantzitsua den bezala, ariketa mentala funtsezkoa da bizkortasun mentalari eusteko. Xakeak entrenamendu mental bikaina eskaintzen du.

Adineko pasaitarrak xakea gertuagotik ezagutzera eta joko honetan gozatzera etor daitezela gonbidatu nahi ditugu” amaitu du Julen Rodríguezek.