Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/22
Pasaiak Nazioarteko I. Xake Txapelketa antolatu du
Maiatzaren 29tik 31ra jokatuko da Trintxerpen

Pasaiako Udalak, Beraun Bera Xake elkartearekin batera eta Euskadiko eta Gipuzkoako Xake Federazioaren laguntzarekin, Pasaiako Nazioarteko I. Xake Txapelketa antolatu du.
Ekimena eta programazioa Julen Rodriguez Kiroleko zinegotziak aurkeztu du, Beraun Berako Urtzi Urdanpilletarekin batera. "Badakigu xakea kirol bikaina eta interesgarria dela publiko eta adin guztientzat, partidetan estimulazio kognitiboa lantzen baita. Iaz jarduera hau Pasaiako gure adinekoengana hurbildu genuen jubilatuen etxeetan. Beste pauso bat eman dugu eta Pasaiara nazioarteko open bat ekartzea lortu dugu, adin guztiei irekia eta asteburu batez Trintxerpeko Andonaegiko frontoian jokatuko dena. Leku hori gaitzen ari gara, horrelako ekitaldietarako bete beharreko araudia bete dezan".
Txapelketa maiatzaren 29tik 31ra bitartean egingo da eta ELO FIDE estandarrerako ebaluatuko da, Nazioarteko Xake Federazioaren indarreko araudiaren arabera. 4.000 euroko sariak banatuko dira, guztira.
Egutegia
Txapelketa 7 txandatako sistema suitzarrean jokatuko da; lehenengoa ostiralean 16:00etan eta azkena igandean 12:30ean. Ordutegi eta oinarri guztiak Udalaren webgunean daude jasota.
Sariak
Lehenengo 10 sailkatuei sariak banatuko zaizkie 3 ataletan (30 sari guztira). Gainera, hainbat sari berezi izango dira:
- Beteranoa (+65 urte)
- Emakumezko jokalari onena
- Oinarrizko sariak (18 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak).
Gaueko txapelketa paraleloa
Nazioarteko I. Txapelketa Irekiarekin batera, maiatzaren 30eko gauean jokatuko den Pasaiako I. Gaueko Blitz Txapelketa ere aurkeztu da. "Txapelketa hau ludikoagoa eta mundu guztiari irekia da, federatua edo federatu gabea. Ordu gutxitan jokatzen da eta oso dinamikoa da, horregatik, edozein adin eta mailatako pertsonak animatu nahi ditugu parte hartzera" gaineratu du Kiroleko zinegotziak.
22:30ean hasiko da Trintxerpen, baina askoz arinagoa izango da: 3 minutu + 2 segundo jokaldi bakoitzeko.
Hori ere zazpi txandatan jokatuko da eta modalitate honetan 5 sari banatuko dira.
Izen-emateak irekita
Bi modalitateetan izena emateko epea zabalik dago eta udal webgunean eta Beraun Beraren webgunean egin daiteke.
Izena emateko epea hilaren 28an amaituko da. Orain arte 63 parte-hartzaile daude izena emanda Txapelketa Irekian eta 22 gaueko txapelketan.
"Txapelketa hauen espiritua, xakea Pasaiara erakartzeaz gain, kirolari lotutako kalitatezko turismoa sustatzea da. Ziur gaude turismo-mota honek udalerrian, ostalaritzan zein merkataritzan, itzulkin positiboa eragingo duela. Baieztatuta daukagu jendea etorriko dela Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik, Errioxatik, Asturiastik, Zaragozatik eta Madrildik", amaitu du Rodriguezek.
IZENA EMAN
INFORMAZIO OSAGARRIA ETA OINARRIAK








