Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/04/11
Gipuzkoako X. Bakailao Pintxo Txapelketa: Larraulgo "Baserri" da 2024ko bakailao pintxorik onena
Finala apirilaren 9an izan zen Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan
Larraulgo Zirta jatetxeko Iker Urangak egindako "Baserri" pintxoak irabazi du Gipuzkoako Bakailao Pintxoen X. Lehiaketa. Bigarren sailkatua Donostiako Okendo taberna izan da, Carlos Nuez sukaldariaren "Bacalao de Primavera" pintxoarekin, eta hirugarren saria Hondarribiko Tatapaseko Adur Arrietaren "Sutondoan" sorkuntzak eraman du.
Atzo iluntzean Donibaneko Ziaboga jatetxean ospatu zuten txapelketaren finala, eta Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman zuten lehen saria.
Irabazleak "Baserri"-ri buruzko xehetasunak eman zituen: "Baserrietan esnearekin egiten zen errezeta zahar baten berreskurapena da pintxoa, eta, kasu honetan, bakailao-buruen talo zopa eginez egin du interpretazioa”.
Aurten hamar urte bete dituen txapelketaren helburua bakailaoaren kontsumoa sustatzea da, produktua indartuko duten kalitatezko sorkuntzekin. Aurten ere esperientzia “arrakastatsua” izan dela berretsi du Sonia Garcia antolatzaileak, bai pintxo-ibilbidean eta bai txapelketan: “Eta amaiera polita izan du, 18 sukaldari finalistek pintxoak zuzenean prestatu baitzituzten epaimahaiaren eta bertaratutako ikusleen aurrean”. Juanba Berasategin egin zuten zuzeneko hori astearte arratsaldean, eta bertan izan ziren Teo Alberro alkatea, Aintzane Taberna alkateordea eta Aitor Brion eta Mikel Garcia zinegotziak.
Sari-banaketaren ostean afari berezia egin zuten antolatzaile, parte-hartzaile eta sustatzaileek, eta azken hamarkadaren laburpen bideo bat eman zuten bertan. Halaber, Felix Manso bakailaoaren enbaxadore izendatu zuten, produktu horren aldeko “inplikazio, dedikazio, laguntza eta apustuagatik”, Garciaren arabera.
Epaimanaia honako hauek osatu dute: Felix Manso sukaldaria, Felix Manso Ibarla jatetxeko jabea; Cynthia Yaber, Donostiako Arzak jatetxeko sukaldari-burua; Catherine Marchad, gastronomia-kazetaria; Alberto Santiago, Santymar bakailao-enpresako gerentea; eta Rebeca Barainca, Galerna jatetxeko jabea.
Bestelako sariak
- Maridaje onenaren saria Donostiako Eguzkik eskuratu zuen, Rueda jatorri-deiturako ardo zuriarekin.
- "Mikel Corcuera" Pintxo Tradizionalaren saria Errenteriako El Palantek irabazi zuen.
- Garagardo maridaje onenaren saria Errenteriako Xerak irabazi zuen.
- Sagardo maridaje onenaren saria Donostiako Aratzek irabazi zuen.







