Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/05

Pasaiako Udalak argi berdea eman dio Velascoko babes ofizialeko 39 etxebizitzen giltza-banaketari

Gaurtik aurrera, Pasaiako 39 familiak San Pedroko etxe berriaz gozatu ahal izango dute

San Pedroko Velasco inguruan dauden babes ofizialeko 39 etxebizitzen esleipendunei giltzak emateko ebazpena formalizatu du gaur Pasaiako Udalak. Gaurtik aurrera, familia esleipendunak Esnabide kaleko 10 eta 12 zenbakietan dauden bi atari horietan bizitzen hasi ahal izango dira, eta, horrela, fase giltzarri bat amaituko da herrian etxebizitza babestuak garatzeko eta herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko.

Sustapenak 1986an edo geroago jaiotako gazteei zuzendutako bi logelako 19 etxebizitza hartzen ditu barne, gazteen emantzipazioa erraztuz. Horrez gain, hiru logelako 12 etxebizitza daude, eta etxebizitza egokitu bat mugikortasun urriko pertsonentzat. Horrela, behar desberdinak dituzten hainbat kolektibok ekimen hau baliatu ahal izango dute. Gainera, bi logelako zazpi etxebizitza erreserbatu dira 1986 baino lehen jaiotako pertsonentzat, eskaintza dibertsifikatua ziurtatuz.

Esleipen prozesua 2022an hasi zen, Pasaiako Juanba Berasategi Auditorioan egindako zozketarekin, eta giltzen banaketa honekin duela 16 urte baino gehiago hasitako hiri-garapeneko ziklo integral bat itxiko da: Eraikin berri horiek Esnabideko 14, 16, 18, 20, 22, 24 eta 26 zenbakietan daudenei gehitzen zaizkie, Bou Navarra plazako aparkalekuarekin batera, eremua biziberrituz eta pasaitarrentzat espazio moderno eta irisgarri gisa sendotuz.

Etxebizitza eskuratzea sustatzeko neurri berriak
Ildo berean, eta datorren urteari begira, Pasaiako Udalak etxebizitza eskuratzeko neurri berriak iragarri ditu. Horietako bat %50eko hobaria da Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), Bizigune eta ASAP alokairu-programetan sartzen diren etxebizitza hutsentzat. Horrela, Pasaiako etxe huts horiek herritarrentzako bizitegi-baliabide berri bihurtu nahi ditu Udal Gobernuak, pasaitarren eskura etxebizitza-aukera berriak jarriz.

Horrez gain, Pasaia Etxebizitza Eremu Tentsionatzeko izendatzeko urratsak ere egiten ari da Udala. Izendapen honi esker, besteak beste, neurriak ezarri ahalko dira alokairu-prezioak mugatzeko, etxebizitza eskuragarriak eraikitzea sustatzeko eta bertakoek etxebizitza duina izateko duten eskubideari lehentasuna emateko. Hots, Pasaiak tresna gehiago izango ditu espekulazioa kontrolatzeko eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak hobetzeko, bereziki kolektibo zaurgarrienen mesedetan.

Etxebizitza babestuen sustapen hau amaitzeak, iragarritako neurri berriekin batera, Pasaiako Udalak etxebizitza publiko eta eskuragarriak sustatzeko duen konpromisoa indartzen du, gazteek eta familiek beren etorkizuna ingurune bizigarriago eta modernoago batean proiektatu ahal izatea erraztuz.